GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-05
Euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede Etxepare Euskal Institutuak
Iragan ostiralean Lakuako Gobernuak Miramar jauregiko bileran onartu zuen Etxepare Euskal Institutuaren sorreraren legegai zirriborroa, eta haren xedeak aurkeztu zituen atzo bertan Miren Azkarate Kultura sailburuak, Kultura Saileko Gurutz Larrañaga eta Patxi Baztarrika sailburuordeekin batera. Institutua, euskara- ren eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna izanik, literaturan, irakurle postuetan, ikus-entzunezkoetan eta arte ederretan arituko da hasieran.

GASTEIZ

Gobernu Batzordeak joan den ostiralean Donostian egindako osoko bilkuran Etxepare Euskal Institutuaren legegaia onartu zuen. Era berean, atzo bertan Lakuako Gobernuko Kultura Sailak euskararen eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna izango denaren xedea eta ekintzak aurkeztu zituen Gasteizen. Hala ere, mementoz legegai zirriborroa da eta ondorioz, Legebiltzarrean tramitatu beharko dute. «Espero dezagun 2007ko udarako onetsita egotea», nabarmendu zuen baikor Miren Azkarate Kultura sailburuak.

Etxepare Euskal Institutua Kultura Sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta, alde horretatik, institutuak bere gain hartuko ditu lehenagotik Lakuako Gobernuak lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak. Hala nola, irakasteko egitasmoak euskara munduan batetik, (irakurle postuak) eta euskal kulturaren alor desberdinetako egitasmoak (literaturan, liburugintzan, ikus-entzunezkoetan eta arte ederretan) bestetik.

«Ez da hutsetik hasiko»

Ezin daitezke zehaztu etorkizuneko bidean institutuak gauzatuko dituen berezko ekintzak, baina Gurutz Larrañaga Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuak atzo aurreratu zuenez, «ez da hutsetik hasiko, izan ere, hor txertatuko baitira azken urte hauetan hizkuntzaren eta kulturaren alorrean eginiko lanak».

«Batetik, literatura eta liburugintza alorrari dagokionez, Frankfurteko Liburu Azokan institutuari esker gure presentzia areagotuko dugu. Bigarrenik, ikus-entzunezkoetan, euskal ekoizleen film laburren ‘Kimuak’ programa txertatuko dugu. Azkenik, arte plastikoetan Gure Artea sarien kanpo zabalpena egingo du Etxepare Euskal Institutuak», argitu zuen Larrañagak. Euskal zinemari dagokionez, Larrañagak adierazi zuen Txiletik bueltatu berri dela eta bertan Euskal Zinearen Astea izan dela. «Institutuaren bitartez euskal zinema bideratu, indartu eta zabaldu ahal izango da», amaitu zuen.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuak Koldo Mitxelenaren hitzak ekarri zituen gogora: «Euskarak ghettotik ihes egin behar du eta beste hizkuntzen artean bere lekua aurkitu». Horren harira, Baztarrikak Lakuak orain arte gauzaturiko irakurle postuak gogorarazi zituen, baita aurrerantzean Institutuaren izenean egingo direnak ere. Egun, Amerikako eta Europako hamahiru unibertsitatetan eskaintzen dituzte euskara eta euskal kulturaren ikastaroak HABE erakundearen bitartez, hala nola, Valentzian, Valladoliden, Parisen, Londresen, Bruselan, Berlinen, Frankfurten, Helsinkin, Italian, Poznan, Txilen, Mexikon eta Uruguain. «2006-2007ko ikasturtean hitzarmen berria sinatuko da Madril, Bartzelona eta Txekiako unibertsitateekin», aurreratu zuen Baztarrikak.

“Euskara munduan” izeneko egitasmoaren bitartez, euskara eskolak arautu eta mundu osoko irakasleen eskura jarri da euskara. Urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sisteman ezarri dituzte. Izan ere, 2005-2006ko ikasturtean Argentinan 82 ikasle aritu dira euskara ikasten. Euskara eskolak Europan, Ameriketan eta Australian eman dira HABEk zuzendutako ikastaroetan. Iaz guztira 1.500 ikasle aritu ziren euskara ikasten Ameriketan eta beste 800 inguru Europan.

Etxepare Euskal Institutuaren legegaia Legebiltzarrean oraindik tramitatu behar duten arren, egoitza non izango duen aurreratu zuen atzo Miren Azkarate Kultura sailburuak. Donostian izango dela aipatu bazuten ere, egoitzaren leku zehatza ez zuten argitu. Lakuako Gobernuak eraikitze lanetan den Tabakalera inguruetan koka zezakeela aipatu zuen.



Estatu espainolak euskara bultza dezan
J.V.M.

GASTEIZ

Cervantes Institutuak gaztelania eta Ramon Llull Institutuak katalana bultzatzeko, indartzeko eta munduan zabaltzeko ja- rraitzen duten bidearen antzeko xedea du Etxepare Euskal Institutuak. «Poetak idatzi zuen ‘jalgi hadi mundura’ leloaren bidetik aproposa iruditu zitzaigun euskara eta euskal kultura kanpora hedatzeko proiektu honi Etxepare izena jartzea», azaldu zuen Miren Azkarate Kultura sailburuak. Institutuak egoitza Donostian izango badu ere, Azkaratek azaldu bezala, munduan zehar izan ditzakeen ordezkaritzei dagokienez Lakuako Gobernuak berez dituenak aproposak izan daitezkeela.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, ordea, Estatu espaino- lari «euskararen sustapenerako hitzkuntz politika areagotu dezan» eskatu zion. «Paradoxa handia da, estatu espainoletik kanpo euskararen eskaera gero eta handiagoa den bitartean, honek ez baitu bere hizkuntz aniztasunaren jarrera onartzen, Konstituzioan agertzen den neurrian. Eta hau ezinbesteko baldintza da bizikidetzarako», esan zuen bukatzeko Patxi Baztarrikak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Nuevos capítulos del despropósito judicial
Jendartea
Hiru Sareta censura que la Oficina de la Lengua desatienda la calidad del euskara
Euskal Herria
Testigos internacionales constatan que «se criminaliza la búsqueda de solución»
Euskal Herria
Errazti: «EA es un proyecto definido, claro e importante»
Ekonomia
Agosto aumenta en 2.531 el número de personas paradas en Hego Euskal Herria
Kultura
Kepa Junkera regresa con un disco inspirado en las ciudades y lleno de multiculturalidad
Kirolak
House asume su rol y promete trabajo y defensa
Mundua
La ONU mediará en el canje de prisioneros entre Hizbula e Israel
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss