Ordiziako Gazta Lehiaketan 65 gaztagile izango dira lehian
DONOSTIA
Orotara, 65 gaztagilek hartuko dute parte bihar Ordizian izango den ardi latxaren esnez eskuz egindako 33. Gazta Lehiaketan.Lehiaketa aurkezteko eginiko prentsaurrekoan jakitera eman zutenez, aurtengoan soilik irabazle izaten den gazta irtengo da enkantean eta ez, aurreko urteetan egin zuten moduan, bigarren eta hirugarren sarituak ere. Gaztarik onena hautatzeko osatuko duten epaimahaia, besteren artean, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Hilario Arbelaitz sukaldariek osatuko dute. Eurek jarri beharko diote gazta irabazleari apropos lehiaketarako egin diren etiketa eta kaxa. Ondoren, horren ospetsu egin den enkantea hasiko da. Iaz Olaberriko Castillo Hotelak lortu zuen gazta lehiaketa irabazi zuen gaztaren erdia etxeratzea, baina horren trukean 6.000 euro pagatu behar izan zituen.
Iaz baino 9.000 kilo gehiago
Agerraldian parte hartu zuen, besteren artean, Landa Ingurunearen garapenerako diputatu Rafel Uribarrenek, Ordiziako alkate Alejandra Iturriozek, Juan Mari Arzak sukaldariak eta Idiazabal gaztaren sor-marka batzordeko gerente Mirian Molinak. Azkenak aurtengo gazta produkzioa hartu zuen hizpide. Azaldu zuenez, Idiazabal sor-marka duten 103 gaztagilek 1.250.000 kilo gazta ekoitziko dituzte aurten, iaz baino 9.000 kilo gehiago, «klimatologia egokiagoa baita».Euskal Jaien barruan Ordizian egiten den azoka berezian arreta nagusia gazta lehiaketak bereganatzen badu ere, bestelako produktu ugari lehiatzen dira. Hala, fruta eta barazki lehiaketa, Gipuzkoako Pirinioetako arrazako behien edo behi gorrien lehiaketa, XXV. euskal oiloen lehiaketa-erakusketa eta perretxiko erakusketa izango dira.
|