GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-05
«Antzartek» erabiltzeko prest dagoen arren, ohituraren aldekoak dira lekeitiarrak
Antzarra ordezkatu dezakeen tresna bat prestatu dute aurtengo udaberrian. Hegaztien gripea zela-eta antzarraren lepoa haustean oinarritzen den jokua arriskuan ikusi zuten. Horrela sortu zen Antzartek, baina azkenean beti bezala ospatuko da jaia gaur. Baldintzak betetzen dituen arren, ohituraren izenean eta emozio bera ez duela esanez, parte hartzaileei gomazko antzarrak ez die grazia handirik egiten.

Antzartek erabiltzeko prest dago. Nahiz eta gaur betiko antzarrekin jokatuko diren, proiektu honen nondik norakoak jakiteko, parte hartu duten eragile ezberdinekin mintzatu da GARA. Udala izan da egitasmo hau bultzatu duena, eta bertako zinegotzi den Mikel Egigurenek antzarra ordezkatu dezakeen tresna hau nolatan sortu den azaldu du: «hegaztien gripea zela eta Europar Batasunak agindu zuen hegaztiekin jarduteko debekua. Berehala konturatu ginen benetazko antzarrekin ezin izango zela zerbait publikoa egin, eta beraz, Antzar eguna ere ez».

Aurrera jarraitzeko asmoa

Kezkatuak zeuden Lekeition, eta zeozer egin beharra zeukaten. Mikelek kontatu duenez, «Markinan adibidez, iñauteritako jaia bertan behera utzi zuten. Guk pentsatu genuen jaiarekin aurrera segitzea, eta horretarako bileretan hasi ginen. Komisioko batek eman zuen ideia: Zergatik ez dugu egiten plastiko edo gomazko antzar bat, benetakoarekin ahalik eta itxura gehien duena? Pertsona hori Gaiker-ekin harremanetan jarri zen. Bien artean udaberri guztia eman zuten prestatzen. Uztailan joan ginen Gaiker-era eta mahai gainean jarri ziguten Antzartek; harrituta gelditu ginen. Oso oso ongi zegoen». Hasiera batean ontzat eman arren, frogatzea falta zen benetan balio zuen jakiteko. «Antzarretan parte hartzen dutenekin bileretan genbiltzan eta frogak egiteko deitu genituen. Harrera oso oso ona izan zan». Dena den, antzar biologikoarekin jokatzea garrantzizkoa omen da, eta halakoak erabiliko dira. Mikelek azaldu duenez, «osasun sailak baimena eman du analisi batzuk egin ondoren, eta ez dago inolako arazorik. Badaiteke aurten ez erabiltzea Antzartek. Dena den, orain behintzat lasai gaude, arazorik badago, badaukagu aurre egiteko modua». Hain garrantzitsu bihurtu den ohitura honi buruz galdetuta, zera argitu du: «historikoki, antzar txokoak kantauri itsasoko portu gehienetan egiten ziren. Hemen mantendu egin dira, eta izugarrizko indarrarekin. Jaietako gauza garrantzitsuena da».

Gaiker zentru teknologikoko zuzendaria den Iñaki Letonarentzat ere antzarra garrantzitsua da. Esan duenez, gustora hartu zuten hau ordezkatzeko tresnaren eginkizuna. Gaiker IK4 Euskal Herriko teknologia sarearen barruan kokatzen da. Zuzendariak argitu duenez, 150 langile eta 9,2 miloi eurotako aurrekontua dute. Lau lan arlotan aritzen dira: Polimeriko eta composite gaiak lantzen, industria gaiak, ur eta lurzoruarekin lotutako ingurumen arloa eta birziklatze lanetarako ingurumen zerbitzua dituzte. Lekeitio herriarekin harremana aspalditik dauka Iñakik eta Antzar Jokoa arriskuan ikusi zuenean, Juanfran Agirrerekin batean prestatu zuen proiektua. Bera kimikaria da, eta Juanfran ingeniaria; bien ezagutzak batuz, antzarraren antzekoa izan eta funtzio bera bete zezakeen zerbait bilatu zuten. Horretarako, bi zatiz osaturik omen dago Antzartek: batetik alde mekanikoa dago eta bestetik, kanpoko itxura. Lepoa aleatorioki hausten da mekanismo berezi bati esker eta itxura emateko erabili dugun poliuretanoak, begibistarako eta ukimenerako antzarraren ezaugarriak ditu.

Behin material ezberdinekin frogak eginda, egokiena aukeratu eta tiratze probak egin ziren. Hasieran laborategian eta gero boluntarioekin Lekeitio eta Mendexa arteko zubian. Kuadrila ezberdinetako tiralariek probatu eta amaitutzat eman omen zuten Antzartek. Dena den, hau prebentzio lana izan dela eta antzarrarekin jokatzea beharrezkotzat jo du Iñakik. Zentruko zuzendari bezala, tresnak hasieran zehaztu ziren baldintza guztiak betetzen dituela eta behar izanez gero erabiltzeko prest dagoela dio. «Titadine» eta «WC komuns» tiralarien koadrilentzat Antzartek alternatiba moduan ongi badago ere, ahal den bitartean benetako antzarrarekin jokatzea funtsezkoa iruditzen zaie. Horrela egingo dute gaur. -

LEKEITIO



Jaia mantentzeko ingeniari lana
Ideia izan zuena Juanfran Agirre da, Antzar komisiokoa eta ingeniaria bera. Nolatan otu zitzaion galdetuta, bere burua behartuta ikusi zuela erantzun du. «Antzar mota berezi bat ekartzen dugu, eta hegazti gripea zela eta, animali hauekin jardutea debekatu zutenez, alternatibaren bat pentsatu beharra zegoen. Ingeniaria naizen aldetik, zeozer egin zitekeela argi nuen. Elektroimana eta antzekoak begiratu genituen, baina hauek erabili ezkero, argindarra urarekin elkartuko zen, eta hori arazotsua izan zitekeen. Gai arruntagoekin lan egitea erabakita, Gaiker teknologia zentruarekin harremanetan jarri ginen. Azkenean arruntena da baliotsuena». Ezaugarriei dagokienez, «lepoa noizean behin haustea ezinbestekoa zen antzarraren funtzioa bete ahal izateko. Kanpoko itxurarentzat, poliuretano berezi bat erabili dugu. Ongi atera da, baina hobetu daiteke, hobetze lanean oinarritzen da gure jarduera».

Udaletxeak Antzar komisioa beti laguntzen omen du, eta sostengu handia erakutsi du: «antzar eguna arriskuan ikusi zuten eta gure ideia aurrera ateratzeko animatu gintuzten, beraien laguntza eskainiz».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Nuevos capítulos del despropósito judicial
Jendartea
Hiru Sareta censura que la Oficina de la Lengua desatienda la calidad del euskara
Euskal Herria
Testigos internacionales constatan que «se criminaliza la búsqueda de solución»
Euskal Herria
Errazti: «EA es un proyecto definido, claro e importante»
Ekonomia
Agosto aumenta en 2.531 el número de personas paradas en Hego Euskal Herria
Kultura
Kepa Junkera regresa con un disco inspirado en las ciudades y lleno de multiculturalidad
Kirolak
House asume su rol y promete trabajo y defensa
Mundua
La ONU mediará en el canje de prisioneros entre Hizbula e Israel
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss