- Amateur
Goierriko Itzulian azkenak emateko prest dira talde euskaldunak
·Esteban,Elorriaga, Santamarta, Gutierrez, Salas, Toribio eta Aperribai izango dira lehian
BILBO
Talde euskaldunek azken lasterketak izango dituzte irailean eta garrantzitsuena dute ostegunetik igandera bitartean Urretxun, Goierriko Itzulia. Azkenak ematen ari dira guztiak, baina sasoia luzatu nahi dute denboraldia gustura amaitzeko. Egia esan, goi-mailakoek denboraldi polita egin dute orokorrean eta ibilbide horri azken bultzada eman nahi diote.
Alfus-Tedes, Cafe Baque, CajaRural, Seguros Bilbao, Bidelan eta Azysa dira talde nabarmenenak.Zuzendariek taldeak aurreratuko dizkigute.
Sasoian helduko da Alfus-Tedes. Hirugarren urtez, Carlos Canalesen taldeak Tenerifeko Itzulia erdietsi du asteburuan; Esteban gailendu da, Torrella bigarren sailkatu da, eta hiru saio eskuratu dituzte.
Esteban bera Goierriko Itzulian lehiatuko da. Carrasco,Elorriaga, Pena, Larriba, Duran eta De Jesus alboan izango ditu.Hasiera batean, talde indartsuenetarikoa izango da.
Xabier Artetxek oso talde gaztea aurkeztuko du ostiralean. Izan ere, Lapazaran, Lavin, Morras, Sanchez eta Blanco hasiberriak dira. Bizkarra eta Santamarta dira beste bi txirrindulariak.
Ezbairik gabe, azken hori da liderra. Asturiarra belauna minduta ibili da martxotik abuztura arte. Orain, berriz, sasoian iritsiko da, Palentziako Itzulian 2. sailkatu ostean.
Cafe Baqueren taldea, ordea, elite mailakoa izango da.Gutierrez, Murgoitio eta Salas euskaldunekin batera, Aran, Fernandez, Martin Bizkaiko Biraren irabazlea eta Perez arituko dira. Ruben Gorosperen ustez, azken bi horiek izango dira taldeko buruak eta baliteke Salasek ere aukerak izatea. Zuzendari bizkaitarrak badu itxaropenik Gutierrezen erregulartasunari dela-eta. Azkenik, Gorospek aitortu du denboraldi amaieran daudela eta nekea nabaritzen dutela. Abuztuan bi garaipen besterik ez dituzte eskuratu.
Caja Rural eta Bidelan taldeak bi itzulietan arituko dira aste honetan, Salamancan eta Goierrin. Nafarrek ondoko hauek aurkeztuko dituzte Goierrin: Lizarraga, Artola, Roteta, Nieve, Toribio, Saez de Arregi eta Zabalo. Lizarraga erori egin zen Palentzian eta Eugenio Goikoetxea zuzendariak zalantza hori du. Txirrindulari nafarraren lekua Zabalok hartuko luke. Beraz, liderra Toribio izango da ibilbide aldapatsuan eta baliteke Nieve bigarren aukera izatea, Goikoetxearen esanetan.
Bidelan taldean, Xabier Muriel zuzendariak txirrindulari arinak hautatu ditu Goierrin parte hartzeko, itzulia igotzaileentzat aproposa da-eta:Aperribai,Juez, Bertiz, Zabaleta, Mariñelarena, Ruiz de Gordoa eta Aldazabal.
Talde polita dute gipuzkoarrek, eta Murielek Aperribai eta Zabaleta nabarmendu ditu.
Azkenik, Azysakoek honakoak izango dituzte Urretxun:Josu Gonzalez, Garmendia, Betancort, Victor Gonzalez, Fernandez, Elizondo eta kanariar bat. Luis Vicente Otin zuzendariak Garmendiak aukerak izango dituela aurreratu digu.
Telco’m, Debabarrena, Belca, Bruesa, Lizarte eta Azpiru taldeek euskaldunen zerrenda beteko dute. Orotara, 17 talde lehiatuko dira; Super Froiz, CCM, Barcelona, Saunier Duval eta Soctec dira atzerritarrak.
|