GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-06
Garai berriaren finkapen urtea Biarrizko jaialdian
·Sari banaketa larunbatetik igandera atzeratu dute publikoaren onerako

Irailaren 26an hasi eta urriaren 1ean bukatuko da Latinoamerikako zinemaren eta kulturen Biarritz jaialdia, lehen Cita deitzen zutena. Bigarren urtea da jaialdiak izena eta zuzendaritza aldatu zituenetik, eta antolatzaileak oso pozik agertu dira. Ondorioz, berrikuntza batzuk ere egin dituzte.

BIARRITZ

Cita deitzen zuten jaialdiko antolatzaileekin izandako arazoen ondoren, goitik behera aldatu zuten iazko edizioan Biarrizko jaialdia, edukian eta antolaketan. Izena izan zen aldaketarik nabarmenena, baina ez bakarra. Lehen, eguzki itxura zuen garaikur batekin saritzen zituzten irabazleak; orain, aldiz, Abrazorekin egiten dute. Garaikurrean bi gizon agertzen dira elkarri besarkatzen. Aldaketa anitz izan ziren, baina jaialdiaren arimak aurrera egin zuen. Horiek hala, aurten hainbat berrikuntza egitera animatu dira antolatzaileak.

Berrikuntzarik deigarriena agian sari banaketa larunbatetik igandera atzeratzea da. Hori larunbatean filmik ematen ez dutelako egin dute. Itxiera ekitaldia larunbatean izanik, ostirala zen filmak ikusteko azken eguna. Atzerapen horri esker, jende gehien joaten den egunean ere filmak ikus daitezke.

Atzerapen horrek hasiera ekitaldiari ere eragin dio. Astelehen arratsetik astearte arratsera pasatu dute, nahiz eta zinemaldia bera astearte goizean hasi. Horrek filmak egun batez gehiago ematea adierazten duenez gero, sail ofizialean hamabi film luze izango dira beste urteetako hamarren ordez.

Bestalde, bideo lanak ere sarituko dituzte, eta sail ofizialean bideo eta zinema filmak onartuko dituzte. Latinoamerikan baliabide gutxi dituzten artista handi asko dagoela ikusita, haiei ere aukera eman nahi izan diete.

Atal berri bat ere ezarriko dute: aurrestreinaldi saila. Egunero Royal zinema aretoan oraindik estreinatu ez diren filmak ikusi ahal izango dira, eta gehienek Canneseko zinemaldian parte hartu dute.

Epaimahaia

2006ko edizioko epaimahaia aukeratzeko, epaimahaikideen nolakotasun orokorrari begiratu diote, eta ez soilik zinema jakintzari. Hala, jaialdiaren alderdi kulturalari ere tokia egin diote. Presidentea Laure Adler izango da, eta berarekin Miguel Littin txiletarra, Yuri Buenaventura kolonbiarra, Lolita Chammah aktorea eta Jean-François Lepetit izango dira. Film laburretarako beste epaimahai bat izango da.

Sail ofizialeko film luzeen artean estilo ezberdintasuna nabaria izango da. Jatorriko herrialdeei dagokienez, filmen erdia baino gehiago Mexiko, Argentina eta Brasilgoak dira, baina Kuba, Ekuador Peru, Uruguai eta Txileko film bana ere ikusi ahal izango da. Besteren artean, Adrian Caetanoren “Despues del mar”, Francisco Lombardiren “Mariposa negra” eta Caroline Nocolaren “Asi de simple” lehiatuko dira Abrazo nagusiarengatik.



Federico Luppi omenduko dute aurtengo jaialdian

BIARRITZ

Bi omenaldi egingo ditu aurtengo Biarrizko jaialdiak: bata Federico Luppiri eta bigarrena Txileko zinemari. Egingo dioten omenaldi horretara etorriko dela adierazi du aktore argentinarrak, nahiz eta antolatzaileek aipatu legez, aktoreekin ezin den inoiz jakin, azken mementoan filmatzeren batera joan behar izaten baitute askotan.

Buenos Airesen duela 70 urte jaio zen Luppi, eta berak parte hartu du omenaldiaren zati izango diren filmak aukeratzen. Guy Braucourt zinemaldiko filmak aukeratzen aritzen denak egindako proposamenei baiezkoa edo ezezkoa eman die. Atzoko prentsaurrekoan Braucourt-ek irribarre batekin adierazi zuen berak egindako lehen aukeraretaren ondoren film laburren bat kendu behar izan zuela Luppik bere ibilbide zinematografikoaren duintasuna atxikitzeko film batzuk ahaztea hobe zela esan ziolako.

Adolfo Aristarainen, Luppi aktore fetixe duenaren, “Ultimos dias de la victima” eta “Tiempo de revancha” emango dituzte; Hector Oliveiraren “No habra mas penas ni olvido” eta “La patagonia Rebelde”, Eduardo Mignognaren “El viento” eta Mariano Barrosoren “Extasis”.

Txileko zinemari egingo diote bigarren omenaldia; demokraziaren eta diktaduraren arteko zinemari (1968-1990), hain zuzen ere. Salvador Allende presidente izan zen garaian eta gero estatu kolpe bidez Pinochetek boterea izan zuen urteetan bai Txilen bertan baita hango zuzendariek ere kanpoan egin zituzten film batzuk ikusi ahal izango dira omenaldi horretan Biarritzen.

Silvio Caiozzik diktadura garaian bere artista sena errespetatuz egin zituen bi film aurkeztuko dituzte. Bestalde, Miguel Littin epaimahaiko kide izango denaren aspaldiko bi lan ere emango dituzte.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
«Estableceremos un gobierno paralelo, un gobierno legítimo emanado de la voluntad popular»
Iritzia
Validados los comicios irregulares
Euskal Herria
Garzón cita el viernes a un mahaikide y una convocante de la marcha de Altsasu
Euskal Herria
Askatasuna: «El PSOE tiene una actitud canalla»
Ekonomia
El importe medio de las hipotecas en Nafarroa aumenta un 39% respecto a 2005
Mundua
El Tribunal Electoral proclama a Calderón presidente de México
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss