Jendea bero eta kontzertua hotz
Aurrekoan genioen Baionako antzokian zen kontzertura ez zela jenderik joan, baina zoragarria izan zela. Atzokoan, hain zuzen, haren kontrakoa gertatu zen, jendea erruz azaldu baitzen, baina kontzertuak hotz utzi gintuen. Atzoko egitarauan parte hartu zuten musikariak oso onak dira, Capuçon anaiak bai behintzat. Baina atzo, kontzerturako egina zuten taldeak ez zuen espero bezala funtzionatu. Ez zeuden sasoian. Egituraturikoa bera ere, modu batez so eginda, ez zen egokiena. W.A. Mozartek si bemol maiorrean idatzitako trioa sinpleegia iruditu zitzaigun. Kontserbatorioko lehen urteko ikasleentzat ongi dago, noski, baina ez profesional batzuentzat. Gainera, atzokoan biolinistak sarrera faltsu bat egin zuen. Litekeena da azken orduko eta aski landu gabeko zatia izatea. W.A. Mozartek koartetoak egin ondoren konposaturiko trio multzo baten barnean dago. Vienan modan zegoen musika mota zen garai hartan, eta argitaldariek musikari amateurrentzat argitaratzen zituzten pieza horiek.
R. Schumannek re minorre-an idatzitako trioa eman ziguten ondotik. Lau joaldi ditu. “Mit energie” lehena. Ekaitz bat deskribatzen du hasieran, eta gai zalapartatsuek jarraitzen diote.
Bigarren joaldia ere modu oldarkor batean dago egina. Hirugarrena, ederrena gure ustez, malenkoniaz betea da eta, azkena, “Mit feuer” (suarekin), oso adierazkorra da. Ongi interpretatu zuten, baina musikariei zerbait falta zitzaien susmoa izan genuen, batez ere, biolinistaren jarrerari. Bukatzeko, Shostokovichen bigarren trioa entzunarazi ziguten, op.67. Musika elegiakoa. Hala ere, trio erromantikotik oso urruti gaude. Andante melodikoa, Errusiako musikan oinarriturikoa, allegro non troppoan gai birtuosoekin eta allegretto bukaeran erritmo bortitzekin markatua da. Hilen dantza dirudi, biolinak hasi eta biolontxeloak eta pianoak txandaka eramaten dutena, hain zuzen. Interpretazioa egokia izan zen. Nahiz eta Shostakovichen musikak txalo anitz eragiten ez duen, atzo behintzat bertaratutakoek instrumentistak txalotu zituzten. Hala ere, ez zuten eskupekorik eskaini nahi izan. -
Maite IDIRIN
|