Pastor, Buen eta Prieto dira PSEren zerrendaburuak
Batzar Nagusietarako PSEk aurkeztuko dituen zerrendaburuak alderdi horren lurraldeko idazkari nagusiak izango dira. Hau da, Jose Antonio Pastor Bizkaikoa izango da, Miguel Buen Gipuzkoakoa eta Txarli Prieto Arabakoa. «Gure alderdia elkarturik dago eta ez du koalizioak nahi», nabarmendu zuen atzo PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek.
BILBO
PSEk Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dituen idazkari nagusiak herrialde horietako zerrendaburuak izango dira 2007ko maiatzean egingo diren foru hauteskundeetan. PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek atzo azaldu zuenez, alderdi horren Zuzendaritza Batzordeak bilera egin zuen astelehenean eta jorratu zuten gai nagusia hauteskundeetarako zerrenden osaketa izan zen. PSEko lurraldeko idazkari nagusiak zerrendaburu izatearen erabakia alderdiaren zuzendaritzak hartu zuen.
«Eurak dira lurralde bakoitzean Alderdi Sozialistaren ordezkaritza dutena eta erabaki honekin herri honetako erakundeetan aldaketa politikoa beharrezkoa dela islatu nahi dugu. Maila guztietan beharrezkoa da aldaketa hori eta horren aldeko apustua egin nahi dugu», gaineratu zuen Lopezek.
«PSEko kideok erabat elkarturik gaude. Ez dugu barne borrokarik, eta ez dugu soilik botere politikoa lortzeko hauteskundeetarako koalizioen gainean eztabaidatzen», azaldu zuen. «Gu gure siglekin aurkeztuko gara, gure programarekin eta gure proposamenekin. Halere, PSEren afiliatua ez den jende askoren sostengua eta partehartzea ere badugu».
|