GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-09-06
J.A. Aranburu - Etxerat-eko kidea
Makroatxiloketa prebentiboen auzia

Irail honetan, 18/98 auziari beste makroauzi bat gehituko zaio. Madrilgo Entzutegi Nazionalaren aurrera eramango dituzte gure herriaren aldeko jarduera politikoan aritzeagatik hamazortzi neska-mutil gazte; zortzi eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigor eskaeraren zama daramate lepoan: sei arabar, bost bizkaitar, hiru gipuzkoar eta lau nafar.

Orain arteko azken makroauziak (Haika-Segi eta 18/98) gutxi balira bezala, beste bat gehituko zaie irailaren 7ko goizeko hamarretatik aurrera; azkenaldion egoera larriak eta salagarriak bizi izan baditu euskal gizarteak, bere militanteak zigortzeko espresuki sortutako tribunal errepresiboaren makineriaren osagarri guztiak koipeztatuko ditu espainiar Gobernuak, berriro ere gure etxe, auzo, herri eta zoko guztietan agintekeriak eta arbitrarietateak ezarri ohi duen nora eza zabaldu nahian.

Badaezpadako atxiloketak. Bihar hasiko den auzi honetan 2003ko otsailaren 19an eta urte bereko apirilaren 1ean eginiko prebentziozko atxilotuak epaituko dituzte; gerora, arrazoi beraren aitzakiapean egindako sarekadetan atxilotutako beste 85 gazte geldituko dira Damoklesen ezpata zorrotz, maltzur eta asegaitz honen epaiari begira.

Atxiloketa hauengatik eskainitako arrazoia (arrazoi hitzak anbiguetatearen eremua betetzen du, zalantzarik gabe) gazteok ­nola ez bada!­ ETA erakundearen agiri batzuetan agertu ei zirelako aipua zen. Erakundean sartzeko ustezko hautagaiak omen ziren edota ustez seguruenik beste norbaitzuk tentatuko zituztelako arrazoia nahikoa izan zen. Ustezko edo ez ustezko polizia-zerrenda batean oinarriturik eta Garzon epailearen aginduz han eta hemen 130 gazte euskal herritar atxilotu, inkomunikatu eta aipatu epailearen aurrera eraman zituzten prebentiboki. «Prebentziozko» atxiloketa hauen ondorioz hiru urte eta erdiko «prebentziozko kartzelaldian» izan dituzte, Euskal Herriko nahiz nazioarteko zenbait erakundek praktika hauek arbuiagarri salatu dituzten arren. Beste behin bada ere, ezin aipatu gabe utzi zazpi sarekadotan atxilotutako ehun eta piko hauek inkomunikazio egoeran, konfiantzazko abokaturik gabe eta, zenbaitzuek salatu zutenez, torturapean izan zirela zenbait egunez polizien eskuetan.

Hau da, Konstituzio Espainiarrak aldarrikatu eta jasotzen duen errugabetasun presuntzioaren printzipioari atxiloketetan muzin egitea gutxi balitz bezala, hiru urte eta erdian prebentiboki kartzelan izan ondoren eramango dituzte gazteok Entzutegi Nazionalera.

Entzutegi Nazionalera. Urteetan zehar gure Herrian eskubide zibil eta politikoak zapuztuak izanik, bestelako egoera politiko batera eramango gaituen berri baten aurrean omen gaude. Hala eta guztiz ere, ETAren su-etenaren adierazpenetik hilabete batzuk joanak diren arren, gure gazteek PSOEren ohiko oztopora eramango dituzte, Audientzia Nazionalera hain zuzen ere.

Auzitegi honek beronek eraman ditu zenbait euskal herritar lau urteko behin-behineko askatasunaren erabileraren mugara; berriki, «de facto» biziarteko kartzela zigorrera kondenatu ditu legez kalean egon behar zuten euskal preso politikoak.

Bere burua demokratikotzat duen estatuak nola mantendu eta defenda lezake salbuespeneko tribunal bat? Nola uler dezake bere burua demokratatzat duen gizarteak hainbat erakundek begi txarrez eta ez-legezko jotzen duen estamentu judizial bat? Nola egon daitezke euskal politikariak albora begira euren herritarrak halako tribunal batera bidean jartzen dituztelarik? Nola egon gaitezke euskal gizon eta emakumeok eskuak gurutzaturik zuzenean gure aurka egiteko bitartekoen berehalako dese- gitea oihukatu gabe? Memoria galtzea pertsonak jasan dezakeen gaitzik larrienetarikoa da eta, esate baterako, orain epaituko dituzten gazteak atxilotu zituzten denbora berean atxilotu zituzten “Egunkaria”ko zenbait pertsona esanguratsu, eta akusazio eta zigor berberaren mehatxua izanik, «colaboración ­edo pertenencia­ con banda armada», zortzi edo hamar urteko kartzelaldiaren mehatxua, hain zuzen ere. Kasu hark izan zuen oihartzun politiko eta mediatikoaren gainetik, tribunal honek bere horretan badirau, zeren esperoan gaude?

Egoera honi stop esateko garaia aspalditik etorri zaigu euskal herritarroi; baina une berri baten atarian baldin bagaude, Entzutegi Nazionalaren berehalako desagertzea ezinbesteko neurria da, euskal bizitza politikoa behin eta berriro baldintzatzen eta propio mingosten duen tribunala baitugu berau. Gorago aipatutako prebentziozko kartzelatzea bideratu eta potentziatzen duen auzategia baitaŠ

Gure seme-alabak, emazteak, senarrak, lagunak etxean nahi ditugu. Aspalditik ari gara borrokan lelo honekin. Neurrigabeko espetxe zigorrak, euskal preso politikoak ­gureak­ jasaten ari diren espetxeetako bizi baldintzek ez dute edozeinek pertsona izateagatik besterik gabe exijitzen duen tratua errespetatzen; areago, euskal preso izateagatik baldintza krudelagoak jasan behar dituzte, urrunago egon behar dute, ikasketak trabaz beterik daude ezinezkoak ez direnean, edozein gaixotasunen aurrean tratamentu egokia izatea ezinezkoa da, heriotzara bultzatzen dituzte, euren etxeko- ekiko harremanak zailtasunez beteta daudeŠ

Etxean behar ditugu geureak direlako, euskaldunak direlako, euskaldun izateak zigorrik ez duelako merezi, legea eskuetan harturik etxean egon behar luketelako, ez zituztelako eraman behar, hainbesteko sufrikario debaldekoa delakoŠ Egoera zahar eta berrian ezinbestekoak direlako Herri honek Euskal Herri izateko atzera bueltarik gabeko ebazpenean.

Makro-auzi berri honen atarian, azkenik, euskal erakundeei deirik ozenena egiten diegu behingoz stop bateratua exijitzeko bideak eta neurri zehatzak har ditzaten, eta euskal gizarteari edota euskaldun norbanakoei ­berez ez digutenez ezer emango­ «ea oraingoan, ba» mila aldiz esan ohi diguten horretan, denok eta bakoitzak dugula nahitaezko zeregina esan nahi diegu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
«Estableceremos un gobierno paralelo, un gobierno legítimo emanado de la voluntad popular»
Iritzia
Validados los comicios irregulares
Euskal Herria
Garzón cita el viernes a un mahaikide y una convocante de la marcha de Altsasu
Euskal Herria
Askatasuna: «El PSOE tiene una actitud canalla»
Ekonomia
El importe medio de las hipotecas en Nafarroa aumenta un 39% respecto a 2005
Mundua
El Tribunal Electoral proclama a Calderón presidente de México
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss