HABANA
Argalduta ageri da Fidel Castro presidentea atzoko alean “Granma” egunkarian argitaratutako argazkietan. Horietako batean Ignacio Ramonet kazetariaren “Cien horas con Fidel” liburuarekin azaltzen da. Presidenteak berak argitzen du kazetariari emandako erantzun guztiak berraztertzen aritu dela eta lan hori amaitzear daukala: «Agindu nuen moduan, aurki argitaratuko da».Agintetik aldendu zuen gaixotasunaren «unerik larriena atzean geratu da». Gaur egun gero eta hobeto dago, nahiz eta ia hemeretzi kilo galdu dituen. Kubako estatuburua guztiz osatzeko oraindik denbora beharko dela erantsi du, nahiz eta azkenaldian asko egin duen hobera: «Orain urrats bizkorrean ari naiz osatzen». Ebakuntzaren ondorioz ezarritako azken puntua kendu berri diotela ere azaldu du.
Fidel Castrok behin-behinean kargua utzi zuela jakinaraziz Carlos Valenciaga idazkariak abuztuaren 1ean irakurritako adierazpenaren arabera, azken boladako bidaiek eta lanak osasun arazoak eragin zizkioten presidenteari, eta horien ondorioz odol-isuria izan zuen hesteetan. Erietxera eraman zuten ebakuntza egitera. Orduan esaten zen presidenteak hainbat aste beharko zituela lanera itzultzeko.
PCC Kubako Alderdi Komunistari, Kubako Parlamentuari eta giza erakundeei eskatu zien orduan Fidel Castrok datorren astean Habanan hastekoa den Lerrokatu gabeko Herrien Mugimenduaren hamalaugarren gailurra ondo prestatzeko.
Gailurra dela-eta, mundu osoko agintari ugari etorriko da Karibeko uhartera. Hitzordua ez zaio ahaztu Fidel Castrori, atzo argitaratutako eskutitzean adierazten baitu datozen egunetan «bisitari gailenak» hartuko dituela, hori bai, ez beti kameren aurrean, «nahiz eta beti izango diren berriak».
Raul Castro eta Hugo Chavez
Abuztuaren 1ean jakinarazi zuten Fidel Castro gaixotuta zegoela eta Raul Castro anaiak hartuko zuela agintea presidentea osatu bitartean. Abuztuaren 13an beste mezu bat argitaratu zuen buruzagiak, laurogei urte betetzen zituen egunean. Gainera, telebistan ageri izan da, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak egin dizkion bisitei buruzko irudietan. Raul Castro oso gutxitan azaldu da hedabideetan agintea hartu zuenetik. Aipatzekoa da “Granma”n egindako elkarrizketa.