LEKEITIO
Lau jasoaldi eta antzararen burua lortuta izendatu zuten atzo arratsean irabazle Aitor Zabaleta Barbarias. Ez zen bera izan jasoaldi gehien egin zituen parte-hartzailea, baina jakina da hegaztiaren sama hausteak daramala jokoaren xarma. Hala lortu zituen, beraz, 300 euro eta txapel preziatua.Osterantzean, erresistentzia arloan, Xalyut-eko kide Aitor Malaxetxebarria gailendu zen antzara-jokoan, zazpi aldiz antzarari tinko eutsita ibili baitzen gora eta behera. Txalo zaparradarik politenaz eskertu zioten erakustaldia. Dotoretasunari dagokionez, aldiz, «Pasatu dira hogeita bost urte eta oraindik fundamenturik gabe!» leloa hautatu zuen Euli Beltz potinak jaso zuen saria, arraunean dotore jardun zuten-eta.
Lekeitiarrek ohiturei tinko eusten dietela nabarmendu zen atzo ere portuan. Hiru ordu inguruko saioan, milaka lagunek giro apartean gozatu zuten hain berezia den hitzorduaz, eta nola ez, ur zipriztinek zein bainuek ederki lagundu zuten eguzkiari eta sargoriari ere aurre egiten.
Antolatzaile lanetan jardun zutenek aitortu zutenez, nolanahi ere, aurtengoa ez da izan jokorik dotoreena. Izan ere, beste urteekin alderatuta, motel ibili ei ziren parte-hartzaileak antzararekin lehian. Jasoaldietan, esaterako, saria zazpi lortu zituenari eman zioten, baina beste hainbatetan hogeita hamarreko kopurura ere iritsi izan denari eman diote. Alegia, atzo saio guztian 70 jasoaldi egin zituzten, eta orain bi urte, aldiz, 229 jasoaldi.
Dena den, hori ez zen garrantzitsua festa giroan bete-betean sartuta zebiltzanentzat. Batek zinez esango luke igarri ere ez zutela egin askok eta askok.
76 ontzik jardun zuten lehian 60 lekeitiar, Lea-Artibaiko Mankomunitateko bi eta kanpoko beste 14, iaz baino bat gehiago. Eta guztien artean giro polita sortu zuten bertaratutakoentzat. Esperientzia handikoak batzuk, inolako trebeziarik gabekoak besteak, baina finean denen artean lortu zuten hitzorduaren xarma paregabea.
Emakumezkoek ere, besteren artean, lortu zuten bai protagonismorik. Orotara, bederatzi izan ziren antzara harrapatzaile lanetan ibili zirenak, eta horien artean argentinarra zenari ere ongi eskertu zioten ahalegina.
Sokatik tira eginez, berriz, Amorotoko eta Ispasterko bizilagunak aritu ziren trebe.
Kostaldean, sargorian
Portuak kolore anitz uztartu bazituen ere, urdina izan zen berriz ere garaile. Lekeitiarrez gain, hamaika lekutatik etorritakoek ere arrantzale arropak zeramatzaten-eta soinean. Edo gonaren bat, edo zapia bestela.
Izan ere, atzoko beroari aurre eginez, bainujantzian, azpiko arropekin zein biluzik zebilenik ere ikus zitekeen-eta. Osterantzean, jaiak aurreko urteetako irudia eskaini zuen. Halako festetan ohikoa den edanaren ondorio fisikoak, uretatik irten nahi ez zuten hainbat eta hainbat lagun, adin orotako herritarrak, musika alaia, txosnetako itzaletik irtetera beldur zirenak... eta aldarrikapen ugari, beste behin.
Jokoan zebiltzan ontzi andanak, esaterako, errepresaliatu lekeitiarren zein gainerakoen aldeko mezuak plazaratu zituzten argazki, banderatxo zein pankarten bidez. Eta, portuan bertan, ikurrinak, apartheid politikoaren aurkako zein hizkuntza eskubideen aldeko leloak ere ageri ziren nonahi.
Beste Antzara Egun bat iragan da, beraz. Hegaztien gripeak aurrez aldetik kezka nahikotxo eragin bazuen ere, ohi- turari eutsiz atzokoan ere antzara naturalak baliatu zituzten lekeitiarrek erakustaldirako. Orotara, 15 antzara behar izan ziren, antolatzaileek beste hainbeste prest bazituzten ere. Eta, estreinako aldiz, emozioa beste bat izanda ere, Antzartek izeneko tresnak ere probatu zituzten.