Gurasoen protestek ondorio positiboak izan dituzte
Atzo bildu zen Pauen Batzorde Tekniko Parekidea, eta bertan erabaki zuten heldu den ikasturterako zenbat irakasle lanpostu izanen dituen ikastetxe bakoitzak. Orokorrean, Euskal Herrian nahi zituzten lanpostuak lortzeko gurasoen mobilizazioak izan diren eskola gehienek behar zutena lortu dute.
PAUE
Gero eta ikasle gehiago dago baina, orokorrean, gero eta irakasle gutxiago. Heziketa baldintza onetan jasotzeko arazo handiena irakaslerik eza izaten da. Ikuskaritza Akademikoak banatzen dituen irakasle lanpostuak lortzeko behar handiena duten eskoletako ikasleen gurasoek mobilizazioak antolatzen dituzte urtero, baita aurten ere. Bidarten, Mitikile-Larrori-Mendibilen, Angelun, Beskoitzen... gurasoak protesta egiten eta kasu batzuetan eskolak okupatzen izan dira.
Aurreikuspenen arabera egindako lanpostuen kalkuluan izandako akatsak zuzentzeko atzo Paueko Ikuskaritza Akademikoan Batzorde Tekniko Parekidea bildu zen eta hartutako erabakiek arrazoia eman die Euskal Herrian protesta egiten ari ziren eskola gehienei.
Kasurik deigarrienetako bat Zuberoako Mitikile-Larrori-Mendibilerena izan da. Maila guztiak klase bakar batean ez izateko eta bi ikasgelatan banatzeko bi haur falta zituen herriko eskolak, 23 ikasle bakarrik matrikulatu baitziren eta ikasgela bat banatzeko 25 haur behar baitira. Hori ikusita, herriko auzapez Jean-Louis Salabe- rrik eskolara joateko adina zuten haurrak zituen familia bat etor zedin pisu bat oso alokairu merkean eskaini zuen irrati bitartez. Deialdiak arrakasta izan zuen, hiru haur dituen familia bat atzo goizean joan baitzen auzapezaren proposamena onartzera eta bi haur matrikulatu zituen eskolan. Arratsaldean Paueko Akademiako ikuskari Jean-Michel Eplek bi ikas- gela izateko bigarren irakasle lanpostua ematea erabaki zuen.
Irakaslea galtzeko egoera berean zegoen Angeluko Justin Larrebat eskolak ere behar zuen irakaslea lortu du. Arazoa haurrak zenbatzeko eragatik dator. Izan ere, hiru urte baino gutxiago dituzten haurrak ez baitituzte zenbatzen irakasle lanpostuen kopurua definitzeko orduan, eta Angeluko eskolak adin horretako 15 haur ditu.
Protesta luze eta deigarriak egin zituen Bidarteko eskolak hamargarren ikasgela irekitzeko irakasle lanpostu oso bat lortu du Oinarrizko Hezkuntzan eta euskarazko lanpostu erdi bat Haur Hezkuntzan. Eskola horretako gurasoek pankartak eramateaz gain, eskola ere okupatu zuten eta klaseak ematea ezinezko egin zuten. Metodo bera erabili zuen Akamarreko eskolak ere beste irakasle lanpostu bat eskatu zuen beste ikas- gela bat ireki ahal izateko eta lortu ere egin dute. Beskoitzeko eta Biarrizko Thermes Salins eskolek eskatzen zuten euskarazko lanpostu erdia lortu dute.
Lortu ez dutenen artean Baionako Jean Moulin eskola dago, baita Heletakoa ere, euskarazko irakasle lanpostu erdi bat galdu baitute. Angeluko Tivoli, Biarrizko Bert-Pyrénées-Michelet eta Donibane Lohizuneko Urdazuri eskolek lanpostu oso bat galdu dute. Azken horren lanpostu erdia euskarazko irakaskuntzarako zen.
Kolegio berria estreinatu du Seaskak
ZIBURU Ziburuko Piarres Larzabal kolegio berri-berriarekin eman zioten hasiera ikastur- teari Lapurdiko ikasleek. Seigarren mailako 50 bat ikaslek astelehenean hasi zituzten klaseak eta atzo, berriz, beste ikasturteetakoek. Orotara, beraz, 180 bat gaztetxok profitatuko dute eraikin berri eta modernoaren erosotasunaz. Kolegioa Ziburun gelditu bada ere, lehen herriaren erdialdean kokatzen zen eskola orain Untxin aldean dago. Hasi berri den ikasturte honetara arte eta zortzi urtez Piarres Larzabaleko ikasleek Itsas Lizeo zaharrean ikasten zuten. Aldaketa beharrezkoa zen, eraikin zaharreko azpiegiturek ez baitzituzten gero eta kopuru handiagoan ailegatzen diren ikasleak hartzen ahal. Ikastolen Federazioaren ohiturei jarraiki, ikasleen gurasoek egoitzaren lekualdaketan parte hartu dute. Hala ere, bisita ofizial bat antolatuko da haientzat irailaren bukaerarako.
|