Hotz Handia Planean parte hartzeari uko eginen diote aurten elkarteek
Emmaüs, Point Accueil Jour, Karitas, Gurutze Gorria eta Table du soir elkarteak negurako Hotz Handia Plana beren gain hartzera behartuak izan ziren duela hiru urte. Urtero neguan egoera gero eta larriagoak jasaten dituztela ikusita, botere publikoa, eta, bereziki, Estatu frantsesa engaiatu arte planean parte hartzeari uko eginen diote.
BAIONA
Hiru urte daramatza Hotz Handia Planak martxan. Etxerik ez duen jendeari aterpea emateko abiatu zuen Gobernu frantsesak ekimena, eta, Lapurdiri dagokionean, Point Accueil Jour, Emmaüs, Gurutze Gorria, Table du Soir eta Karitas elkarteei eman zitzaien kudeaketa.Hiru urte igaro dira geroztik, eta hasieratik elkarteek salaturiko botere publikoen engaiamendu ezak «berdin» jarraitzen zuela esan zuten atzo. Iaz elkarretaratzea egin zuten plan horrek arazoa ez zuela konpontzen nabarmentzeko. «Bilkurak izan ditugu prefetarekin, eta, haren esanetan, Estatuak aterpetze sailean Lapurdirako abiatutako helburuak lortu ditu. Diru-laguntza gehiago nahi izanez gero, proiektuak abiatu behar direla esan digu», argitu zuen Christian Murat Point Accueil Jour elkarteko lehendakariak, eta Estatuaren arduragabekeria agerian jarri zuen. Botere publikoen erantzun horren aurrean, eta egunero kaleetan bizi duten errealitatea kontuan harturik, abenduan abiatu beharko lukeen negurako aterpetze plan horretan ez zutela parte hartuko jakinarazi zuten atzo elkarteek.
Gutuna prefetari Eskaleez gain, etxebizitza sozialak lortzen ez dituztenak ere hurbiltzen zaizkie. Hala, iaz Planak iraun zuen hiru hilabeteetan gauero laurogei bat lagun jaso zituzten egitura ezberdinetan. «Jende asko hurbiltzen zaigu, eta guztiak jasotzeko ahalmenik ez dugu. Zentro gehienak gainezka daude, eta, gainera, hurbiltzen zaizkigun lagun asko psikologikoki oso txarto daude», gaineratu zuen Muratek.
Egoera larrian dauden pertsonak baldintza txarretan jasotzea onartezina zela adierazi zuten elkarteek. Eta, iazko neguan izandako bortizkeria arazoak kontuan hartuz, ez zirela parte hartzeko prest berretsi zuten. «Elkarteek dena kudeatzen dute, eta hotza bigarren mailara iristen delarik, herriko etxe zenbaitek egoitzak antolatzen dituzte. Baina, bigarren maila hori Ipar Euskal Herrian oso gutxitan jartzen da martxan», salatu zuten berriz ere. Beren erabakia jakinarazteko prefetari eta herriko auzapezei gutuna helarazi diete.
Aterpetze zentroak gainezka
A.B. BAIONA Lapurdin, bereziki, etxerik ez dutenentzako aterpetze zentroak beteta daude gaur egun. Gune nagusienak, hau da, Atherbea eta Les Mouettes zentroak gainez- ka daude. Bestalde, 5.100 lagun etxebizitza soziala izatearen beha itxarote zerrendetan daude. Bi urte itxaron ondotik, horietarik %10ek baizik ez du etxe soziala eskuratuko. Hiru erresidentzia Elkarteen esanetan, lana izan arren, pertsona asko, etxerik ez dutenez, hoteletan, autoetan edo kalean lo egitera behartuta dago. Horrez gain, aurreko urteetan etxerik gabeko pertsonak jasotzen zituzten Donapaleuko Frantziskotarren etxea, Baionako Les Servantes de Marie serora eta Hendaiako zentroa itxi dira. «Asko heldu zaizkigu aterbe bat bilatzen dutela esateko. Ezin diegu haien eskaerari erantzunik eman, ez baitugu bitartekorik horretarako. Egoera jasanezina da», gaineratu zuen Muratek. Hori ikusita, aterpetzeari buruzko gogoeta sakona egiteko ordua dela gogora ekarri zuten elkarteek. Eta, berriz ere, hiru erresidentzia sozialen eraikitzea eskatu zuten.
|