Antonio Zabalak Auspoako 300. alea argitaratu du, hitzaldi eta idazlan bilduma
Irailaren 15a egun esanguratsua da Auspoa bildumaren egilearentzat, Antonio Zabalarentzat. Egun horretan hil zitzaion aita oraindik haurra baino ez zela; Gandiara joan zen apaiz ikasketak burutzera; lehendabiziko botoak egin zituen; iloba txikia jaio zen; eta herri literaturari buruzko bere lehendabiziko hitzaldia eman zuen Arantzazun, «Bertso berri billa Euskalerrian zear». Sailaren hirurehungarren alea ere atzo aurkeztu zuen, irailaren 15ean. 1999tik 2006ra egin dituen hitzaldi eta idazlanak biltzen ditu «Auspoaren auspoa IV» liburuak. Kulturaren iturri agortezina eta etengabea elikatzeko lanaren testigantza da.
DONOSTIA
Tolosarra da Antonio Zabala. Gaztetan Adunan ematen zuen udara, eta hango jaietan entzun zituen aurreneko aldiz bertsolariak. «Baiña askotan esan izan dedana: Tolosa izan ez balitz ni ez nintzan bertso biltzen hasiko. Txikitandik ikusten bainituan nik Tolosan bertso-paper saltzailleak. Eskolapioetatik etxera bazkaltzera ninjoala, bat edo beste an izaten zan kantari larunbatetan, merkatua egun orrekin izaten da eta. Bertso-saltzaille auek dira umetan nik ikusi eta urteen buruan bidea erakutsi zidatenak». Zabalaren solasak dira, “Auspoaren auspoa IV” liburu berrikoak.Xabierren eskolak ematen ziharduela hasi zen bertso zaharrak biltzen. «Mutiko baserritar bat bazan bere etxeko kanta-paperak sarritan aitatzen zituana. Ekartzeko, bada, aiek esan nion, Eguberrietako oporretatik itzultzerakoan. Ekarri zizkidan. Ogei ta bost bat pertso-paper ziran. Orduan nik ‘regla de tres’ bat egin nuan: baserri batean orrenbeste badago, Euskal Erri guzian zenbat?». Balentin Zamora apaizaren laguntzaz abiatu zuen Antonio Zabalak bilduma 60ko hamarkadaren hasieran, eta Ramon Artolaren “Sagardoaren graziya” bertso sorta plazaratu zuen lehendabiziko alean. Bertsoez gain, prosa eta antzerki liburuak ere kaleratu ditu. Aipagarriak dira Manuel Olaizola Uztapideren “Lengo egunak gogoan I” eta “Lengo egunak gogoan II” autobiografia eta “Sasoia joan da gero” bertso bilduma; Manuel Lasarteren “Gordean neuzkanak”; Txirritaren iloba Jose Ramon Erauskinen “Aien garaiak”; eta Fernando Aire Xalbadorren “Odolaren mintzoa”. Arrakastatsuak izan ziren eta jendea idaztera animatu zuten. «Lehendabiziko alea kaleratu zuenean hildako haurra zela esan zion norbaitek Zabalari. Nik ez nuen hori pentsatu, ezta 300. liburura iritsiko zenik ere. Orain dela 40 urte baino gehiago ezagutu nuen, harpidetzak egiten ari zelarik. Loiolako irratira etorri zitzaidan harpidedun izan nahi nuen galdezka. Baiezkoa eman nion», aitortu zuen Joxe Mari Iriondok. Kazetariak egin zituen aurkezpen lanak atzoko prentsaurrekoan, eta Zabalaren bi liburu erakutsi zituen: “Oiñez eta jakin miñez III”, bisitatutako hainbat tokiren berri eman eta antzinako istorio ederrak kontatzen dituen artikulu bilduma, eta “Auspoaren auspoa IV”, 1999 eta 2006 artean egindako idazlan eta hitzaldiak ezagutarazten dituena. «Garrantzitsuena» azkena dela argitu zuen. Hiru etapa bereizi zituen Auspoaren ibilbidean: hasieran, Zabalak egiten zuen dena; gero, Sendoa arduratzen zen salmentez eta banaketez; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelenak argitaratzen ditu lanak azkenaldian. Garai horien hariari jarraituz, Imanol Agotek hartu zuen hitza, Aldundiko Kultura zuzendariak. «50 urte bete dira aurreneko hitzaldia egin zuenetik, eta zenbaki potoloa da 300. Bi datuak errealitate beraren adierazgarri dira, eta errealitate hori da nabarmendu nahi dudana: Zabalaren lan eskerga herri literatura berreskuratu eta argitalpenen bidez kulturaren iturri etengabea eta agortezina elikatzeko. Nahiko bakarrik egin du dena, eta harro gaude azken bi urteotan bakardade hori arintzeko bidelagun izan garelako», erran zuen.
Aresti: «Para oir castellano me quedo en bilbo»
M. I. DONOSTIA Arantzazukoa izan zen Euskaltzaindiak gerraren ondotik egin zuen lehendabiziko batzar irekia. Duela 50 urte izan zen, irailaren 15ean. «Aurreko urtean, Aita Rekondo eta biok Arantzazun izan ginen azaldu zuen Antonio Zabalak. Ez genekien eritu zenean nondik eraman zuten San Inazio Iruñetik Loiolara. Batzuek Arabatik barrena joan izanen zirela zioten, bide zuzena aurkariek okupatua zutelako. Hori argitu nahi zuen lagunak, baina nire asmoa beste bat zen. Susmoa neukan bertso paper pila zegoela han. Rekondok bi egun eman zituen ohean gaixo, eta ni bertso paperak kopiatzen aritu nintzen liburutegian. Ez zen fotokopiarik eta eskuz egin behar zen. Orduan ezagutu nuen Aita Villasante, eta uste dut bera izan zela Euskaltzaindikoei nire berri eman ziena. Horregatik proposatuko zidaten hitzaldia egitea». Protestak izan ziren gaztelaniaz aritu zelako. Gabriel Aresti, esate baterako, zutitu eta kexatu egin zen: «Para oír castellano me quedo en Bilbo». Ordutik makina bat mintzaldi egin du tolosarrak, eta “Auspoaren auspoa IV” liburuan bilduta daude 1999tik aurrerakoak. 300 ale ditu bildumak, baina lan ugari dago oraindik argitaratzeke. “Odolaren mintzoa”ren 5. edizioa kaleratuko dute laster; Mattini eta Xalbadorri buruzko liburua ere bai; Xanpunen bertso bilduma; Joanes Arrosagarairena; Mendibururena; Ernest Alkatena; Gabonetako bertsoak; eta pilotaren inguruan sortutakoak, adibidez. Orain 100 urte baino lehenago jarriak dira azken horiek. «Lan mardula baina ederra dugu egiteko»
Antonio Zabalaren artxiboa ordenatzeko metodologia lantzen aritu direla jakinarazi zuen Frantxis Lopez Landatxe Koldo Mitxelenako arduradunak. «Lokal egokia behar da katalogazioa eta digitalizazioa batera egiteko, eta lehiaketa abiatu berri dugu toki hori aurkitzeko. Lan mardula baina ederra dugu egiteko: Interneten jarri nahi ditugu liburuak, errimen jokoa gorde eta bertso kantatuak ipini», adierazi zuen. -
|