Afrikako erritmoak eta dantza garaikidea Maitaldian bilduak
BIARRITZ
Bujuman: horrela deitzen zaie Senegalen hondakin guneetan tresna erabilien bila ibiltzen direnei. Duela zenbait urtera arte halakorik ez zen ikusten Afrikako herrialde horretan, baina, gizarteko bilakaera dela-eta, zakarrak hartu eta saltzen dituzten herritarrak agertuz joan dira.Errealitate hori Senegalgo Bosgarren dimentsioa konpainiak agerian jarri nahi izan du “Bujuman” ikuskizunean. «Gure gizartean zegoen elkartasun sistema desagertzen ari da, eta horrek miseria areagotu du. Edonor bilaka daiteke egun batean Bujuman. Eta, hori ikusiz, publikoa errealitate horren aitzinean jarri nahi izan dugu», esan zuen JeanTamba konpainiako koreografoak. Urte batez aritu da konpainia “Bujuman” obra lantzen Senegalen, eta gaur gauean Biarrizko Kasinoan aurkeztuko du. «Haien eguneroko keinuei begiratzen aritu gara. Guhaur Bujuman bilakatzen saiatu gara ikuskizuna egiteko orduan. Eta, dantza keinu horien bidez eraiki dugu obra», nabarmendu zuen Tambak. Dantza garaikidea eta Afrikako erritmoak nahasiz, artistak egoera horren unibertsaltasuna mahai gainean jarri nahi izan du.
Telebistan agertzea Izan ere, koreografoaren ustez, dantzak eguneroko bizitzako errealitatearekin bat egin behar du. Bujumanena, ordea, Senegalen oraindik aipatu nahi ez den gaia da. «Ikusgarria Senegalgo hainbat lekutan azaldu dugu, eta herritarrak errealitate horren kontzientzia hartzen ari dira. Obra egin ondotik dokumental bat ere landu dugu, eta telebistan agertzea espero dugu», adierazi zuen.
Ikusleek Bujumanen bizian barnatzeko aukera izanen dute, apaindura gisa koreografoak hondakinak jartzea erabaki baitu.
|