Euskal kantuen esanahi gordea argituko duen kontzertua emango du Bedaxagarrek
Jean-Mixel Bedaxagar kantari zuberotarrak kontzertu berezia eskainiko du bihar Biarrizko mediatekan arratsaldeko lauretatik aurrera. «A capella» eta ikusleen laguntzarekin euskal kulturako betiko kantuak abesteaz gain, kondaira baten moduan kantu horien benetako esanahiaren edo ikuspegi gordeen berri ematen saiatuko da. Gure kulturako kantu erotiko, satiriko, maitasunezkoak eta naturarekin lotura duten bertsoak deskodetuko ditu emanaldian.
BIARRITZ
«Kantaria naiz eta aspaldi hasi nintzen kantuan. Behin gogoratu nuen menturaz bazirela kantu batzuen inguruan horrelako erranahi gorde batzuk, olerkariak gorde nahi izan zituenak edo berak nahi gabe gorde zituenak». Horrelaxe hasi zen duela urte anitz Jean-Mixel Bedaxagar, denborarekin plazerretik haratago, hurrengo belaunaldiei aurrekoen berri ema- teko balio duen altxorra biltzen. Ikerketa horiekin zenbat urte zeramatzan galdetzean horrela erantzun zuen: «Puuuf, aspaldiko aferak dira, hogei urte baino gehiago badira dagoeneko».Ikerketa horiek guztiak parte hartzean oinarritutako ikusgarri pedagogiko eta entretenigarri bilakatu dira. «Bilduma bat egin dut, kanta zenbait hartzen ditut eta egiazko gauzetatik hasirik egiten dut kondaira bat». Kantari baino zerbait gehiago bilakatuko da Biarritzen Jean-Mixel Bedaxagar. «Nire burua kondalari bezala emanen dut, ez dut segurtamenik ekartzen baizik eta entzuleari denboran bidaia bat eginarazten saiatuko naiz, hizkuntza gordeen inguruan», azaldu zuen. Ikusleek kontzertuan bertan abeslariarekin batera parte hartu ahal izango dute: «Kantuak kantatuko ditut eta behazaleek pantaila handi batean segitzen ahalko dituzte. Landuko ditudan bertsoak pantailan agertuko dira eta agerraldia bukatu ondoren galderak izanen direla pentsatzen dut». Kantuak sail ezberdinetan sailkatu ditu abeslariak. «Amodiozko kantuen erranahia atzematen saiatuko naiz, badira bertso erotikoak ere, nahi baduzu gordea da erotismo hori, biziki dotore errana baita». Bestelako gaiak ere jorratuko ditu Bedaxagarrek Biarritzen: «Kantu satirikoak ere badira Etxahun-Barkoxek egindakoak. Maria Solt edo Barkoxen badira ‘Bi ama-alaba’». Elizanbururen “Ikusten duzu goizean” lanak emango dio bukaera ikusgarriari, baina lehenago naturarekin lotura duten kantuen atala izanen da. «Bereterretxeren kantuan pazko eguna (“Pazko gaierdi ondua”) aipatzen da eta pazko ilargiari lotua den besta da. Niretako kantu horrek badu zerikusirik ilargiarekin eta gero badut aztertuko dudan beste kanta bat eguzkiari buruz ere». “Bereterretxeren kantorean” bestelako ikerketak ere egin ditu Bedaxagarrek. «Katuan badira gauza harrigarriak, kanta horiek mendeak eta mendeak pasa dituztela ikusi behar da eta horrek erran nahi du ongi eginak direla». Kantuaren lehen bi lerroetan bertsio ezagunaz gain, beste bertsio bat ere aurkitu du Henry Gadel ikertzaileak eta horretan oinarrituta esan zuen: «Kantuaren barnean sartu naiz eta gauza biziki politak atzeman ditut, larunbatean agerraraziko ditudanak».
Etorkizunerako haria
I. E. BIARRITZ Kantuen bitartez pasatzen den kulturaren eta hizkuntzaren «haria» etorkizunean luzatu beharrekoa dela uste dut Jean-Mixel Bedaxagarrek. «Uste dut gauza horiek garrantzitsuak direla geroari dagokionez, hari bat da, hastapenetik eta munduaren bukaerarat iraun behar duena, hari hori behar dugu ondokoei pasarazi. Eta nik hori kantuen bitartez egiten dut». Kantuek barnean dena mendeetan zehar pasatu izana eta euskararen iraupena altxortzat jotzen ditu kantariak: «Guk badugu beste herrialde gutxik dutena, badugu kantuen hizkuntza gordearekin atzematen ahal den informazioa eta aldi berean badugu gure hizkuntza, euskara ere hor da».
|