Kalean da Patxi Gallegoren bigarren komikia
·«Gizon-emakumeen arteko harremanak eta sedukzio jokoak dira lanaren ardatza»
Umorea, ziria, maltzurkeria, marrazki zoragarriak... Asko dira, Xabier Mendiguren editorearen iritziz, «Pololoak (bi erronbo), poxpoliñaren bahiketa» liburuaren dohainak. Xabinaitorren eta Kariñeren arteko amodio bitxia, guardia zibilen jazarpena, mitologia eta musika nahasi ditu Patxi Gallego errenteriarrak.
DONOSTIA
Arrakasta itzela izan zuen orain bi urte “Pololoak I, poxpoliñen lurriña” komikiak, Patxi Gallegok plazaratutako lehendabiziko liburuak. Xabinaitorren abenturek irakurlea harrapatu zuten. «Marrazkiaren nahiz istorioaren maisu bat ezagutu genuen orduan, umorea, ziria eta narrazioaren erritmoa primeran menderatzen dituena ekarri zuen gogora Elkarreko Xabier Mendigurenek prentsaurrekoan. Dohain horiek biribiltzen ditu oraingo lanak, eta superheroiaren gorabehera berriak agertzen ditu».Xabinaitorren balentriekin trilogia osatzeko asmoa duela aitortu zuen Errenteriako marrazkilariak. «Duela bi urte plazaratutakoa sarrera izango litzateke, oraingoa korapiloa eta hurrena etorriko dena bukaera argitu zuen. Lehenengoarekin alderatuta, sendoagoa, luzeagoa eta bisualagoa da honakoa. Zati txiki bat kenduta dena komikia da, baina testu dezente dago halere, berrehun orrialdetan letra ugarirentzako tokia baitago». Bada bertze desberdintasunik ere: karikatura soziala ez da hain garrantzitsua eta alderdi psikologikoa indartsuagoa da, maitasunari eta sedukzioari buruzko ikuspegia eman nahi izan duelako Patxi Gallegok. «Xabi Lizuniagaren eta Kariñe Gabikaetxebarriaren artean bada amodiozko istorio bat. Baina gizon-emakumeen arteko sedukzio jokoak eta botere borrokak azaldu nahi izan ditut batez ere». Superbotereak eskuratu dituela aprobetxatuz, mutilak neska bahitu du. Ez da bahiketa arrunta, poxpolinak nahi duenean egin baitezake ihes. Gainera, “African Queen” filmean gertatzen den bezalaxe, neskak agintzen du mutilak baino gehiago. Liburuaren azaleko kolore arrosa maitasunaren, erotismoaren eta sexuaren sinbolo dela aipatu zuen Gallegok. Bi erronbo ere ageri dira, komikia helduentzat dela ohartarazteko. «Sexua aurreko lanean baino ugariagoa eta esplizituagoa da hemen, baina hori baino askoz ere gehiago dago liburuan. Gertatzen dena da irudi horiek oso deigarriak direla, eta batzuentzat arbuiagarriak ere bai beharbada». Protagonistek Poliziarekin ere badituzte tirabirak. Nafarroara joanen dira ertzainengandik ihesi, baina guardia zibilekin eginen dute topo han. «Ejem...! Sí, buenas... Miren... Estamos realizando por la zona unos tests sobre estupefacientes... No tendrán alguna mercancía rara que declarar?», galdeginen die horietako batek Nafarroara heldu eta berehala. Benetako gertaera batean oinarritutako esaldia da. Komikia euskaraz egina badago ere, badira gaztelaniazko pasarteak, egileak ez baititu guardia zibilen hitzak itzuli nahi izan. Euskal mitologiak ere badu lekurik liburuan: Lamia eta Anbotoko Mari azaltzen dira, errate baterako. «Azken horrekin erabat trabatu nintzen aitortu zuen Gallegok. Jainko benetan ederra marraztu nahi nuen eta obsesionatu ere egin nintzen azkenean. Orain konforme nago emaitzarekin». Genero eta estilo anitz nahasten da “Pololoak (bi erronbo), poxpoliñaren bahiketa”n. Kopiaketa eta omenaldi txikiak egin ditu Patxi Gallegok. Western giroko irudiak sortu ditu, Asterixen komikietako basurdeak, Manga estiloko Lamia, erregistro errealista erabili du eta musikari ere egin dio lekua. «Zuberoako kantutegira jo dut, hitzak zoragarriak iruditzen baitzaizkit. Sentsibilitatea eta ziria ezin hobeto uztartzen dituzte. Albert Plari eta Mikel Laboari ere egin diet omenaldi bana, zein baino zein orgasmikoagoa», azaldu zuen artistak. Natura izan da Gallegoren inspirazio iturri. Mendian bururatu zaizkio ideiarik lizun eta arraroenak. Nafarroako Pirinioetara eraman ditu Xabinaitor eta poxpolina, umetatik iruditu baitzaio filmatzeko toki egokia. «Monument Valleyn edo Almeriako basamortuan errodatu beharrean, Nafarroan marraztu dut, beraz».
|