Euskal Herrirako curriculumaren inguruko jardunaldiak
«Euskal Herrira eta Europara begira jarrita osatu beharko da derrigor curriculuma»
Curriculum propioaren bueltako eztabaida mahai gainean jarria dago. Izan ere, Euskal Herriko hamaika eragile buru-belarri ari dira lanean hezkuntza den gizarte zutabea tinko finkatze aldera. Proposamen bat baino gehiago daude, horietako bat Euskal Irakaskuntza Publikoan diharduten Guraso Elkarte eta zuzendaritza talde zenbaitek osatutako Euskal Herrirako Curriculuma; Sarean, EHIGE eta BIHEren elkarlanaren fruitua.
Epeek agindutakoaren arabera, datorren urtean Lakuako Hezkuntza Sailak curriculum ofiziala aurkeztu behar du. Hitzordu horri begira, hainbat gizarte eragile buru-belarri ari dira lanean beren ekarpenak egiteko. Sarean-ek, EHIGEk eta BIHEk osatutako Euskal Herrirako Curriculuma atzo eta gaur Donostian dauden jardunaldien hizpide nagusia da. EHIGEko Ana Eizagirrek eta BIHEko Xabier Mendizabalek proposamen horren ardatzak agertu dizkiote GARAri.
Zein fasetan dago Euskal Herrirako Curriculuma?
Ana Eizagirre: Duela urtebete hasi ginen curriculumaren gaia jorratzen hiru elkarteok, BIHE, Sarean eta EHIGE, proiektu komun batean ari garelako, Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar deritzona. Lehentasuneko gai bezala hartu genuen Euskal Herrirako Curriculuma, eta urte osoa eman dugu beste gizarte eragileekin eta administrazioekin hitz egiten. Hartara, gure ekarpen propioa egitea erabaki genuen. Lehen fasea ekainean amaitu zen eta, bertan, curriculumaren oinarri nagusiak landu eta aurkezpenak egin ziren ikastetxe guztietan eta erakundeetan. Oraintxe bigarren fasea bukatu dugu eta bertan fundamentazioa eta curriculumaren arlo guztiak landu dira. Jardunaldietan lan hori aurkeztera gatoz, baita ekarpen gehiago jasotzera ere. Eta, azkenean, azaroaren hasieran batu den material guztia aurkeztuko diogu Hezkuntza Sailari.
Espero bezala joan al da prozesua?
A.E.: Lortu ditugu geneuzkan bi helburu nagusiak: Alde batetik, Euskal Herrirako Curriculumari gure ekarpena egitea eta, bestetik, Hezkuntza Sailaren konpromisoa curriculum ofiziala bideratzeko. Hasieratik defendatu izan dugu curriculuma benetan gizarteak onartzea, eta eskola guztietan martxan jartzea nahi baldin bada, derrigorrez gizarteratzeko prozesu bat behar duela, aniztasunarekin eta ahalik eta jende gehienaren parte hartzearekin. Horrez gain, beti ulertu izan dugu curriculumak ikasle guztientzat izan behar duela eta ezin duela borondatezko gauza bat izan. Hortik abiatuta, eta administrazio desberdinak ditugula kontuan izanda, gure ustez, administrazio bakoitzean prozesu bat bultzatu behar da curriculumean adosteko eta benetan Euskal Herrirako Curriculum bat lortzeko. Badakigu administrazio bakoitzak bere prozesua daukala baina, horren gainetik ere, Euskal Herrian ikasten duten ikasle guztiek kalitatezko heziketa bat jasotzeko baliabide eta aukera berak izatea nahi dugu.
Zeintzuk dira curriculumaren ardatz nagusiak?
Xabier Mendizabal: Oinarri sendoena orain arte Euskal Herrian hezkuntzak eman duen eta daukan jakinduria aprobetxatzea da. Ez da hutsetik hasten; orain indarrean dauden curriculum ofizialetan oinarritu eta horiek dauzkaten gauza onak aprobetxatzen ditu. Eta hortik gauza berrietara jotzea da helburua. Hor dena sartzen da: gure hizkuntza, kultura, identitatea, aniztasunaren trataera, integraziorako tresnak... orain arte funtzionatu duena abiapuntu bezala hartu eta alor horiek sakondu eta hobetu egin behar dira. Bigarrenik, nahitaez Europatik hezkuntza sistema osoetarako datorren aldaketa handiena kontuan izan behar da. Horren arabera, gaur egunean ulertzen da hezkuntza ikasleek gizartean behar dituzten gaitasunak bermatzeko prozesua dela. Gaitasuna ahalmena baino kontzeptu zabalagoa da; ez da ikasgai batean edo bestean kokatzen, arlo guztietatik landu beharrekoa da eta horrek izan behar du curriculumaren berritasun handiena.
Jarri adibide praktikoren bat.
X.M.: Adibidez, historikoki bazirudien komunikatzen trebatua izatea, komunikatzen jakitea, hizkuntzen arlotik landu behar zela. Eta arlo guztietatik landu behar den gauza bat da. Berdina gertatzen da teknologia berriekin. Horietan alfabetatzeko beharrezkoa da heziketa prozesu bat, eta hori ez dagokio ikasgai bati konkretuan, arlo guztietan egin beharreko ahalegina da. Horiez gain, egun ez da ulertzen heziketa prozesu bat ez badira ondo neurtzen ikasle bakoitzaren ahalmenak, interesak eta hutsuneak, besteren artean. Horien jarraipena ondo egiteko beharrezkoak dira tutoretzarako eta orientaziorako tresnak, eta arlo guztietan txertatu behar dira horiek.
Interdiziplinartasuna garrantzitsua da, beraz.
X.M.: Dudarik gabe, badaudelako hamaika balore ez direnak ez arlo batekoak ez bestekoak ere, hezkuntza sistema osoarenak baizik. Esaterako, elkarbizitzaren kontzeptua edo adimen emozionala. Ez dugu trebeak izan behar bakarrik tresnak, zenbakiak edo kontzeptuak erabiltzen, gure sentimenduak kudeatzen ere trebeak izan behar dugu. Horrelako kontzeptuak pixkanaka ari dira sartzen hezkuntza sisteman, eta oso kontuan hartu behar dira.
Aldaketa handiak ekarriko al ditu curriculumak?
A.E.: Hezkuntza sistemak orokorrean aldaketa handiak behar ditu. Gainera, curriculuma bizia da eta heziketa bera bizia da, beraz, etengabeko aldaketan egon behar du murgilduta derrigor. Baina aldaketak nabariak izango dira une honetan Europa osoan aldaketak proposatzen ari direlako. Hiritartasun kolektibo bat planteatzen ari da Europan, eta hori euskaldunentzat ere bada. Euskal Herriak Europan parte hartu nahi du eta horrek aldaketa horiekin guztiekin bat egitea dakar. Dena den, egia da bai Frantziako eta bai Espainiako hezkuntza sistemetan aurretik gauza asko aldatu behar direla. Baina, horrez gain, Europa osoan ari dira gauzak aldatzen eta memento inportantea biziko dugu hurrengo lauzpabost urteetan. Curriculum propioa bertan ez dugu inoiz izan eta hori egiteko orduan bi gauza izan behar ditugu kontuan uneoro; nola landu nahi dugun hezkuntza Euskal Herrian, baina beti Europako esparruan, barnera eta kanpora begira egon behar dugu.
Irakasleengan ere eragina izango dute noski aldaketok. X.M.: Poliki-poliki fenomeno berriak sartzen ari
dira geletan, eta oso kontuan hartu behar dira irakasleen prestakuntzarako.
Adibidez, etorkinen etorrerak sortzen dituen eskolarizatzeko arazoak eta
integratzeko arazoak berri samarrak dira eta eskolak jakin behar du horiei nola
erantzun. Integrazioa, oro har, erronka garrantzitsua da. Irakaskuntza publikoan
geletan aniztasun ikaragarria ikusten da eta horri aurre egiten ere asmatu
beharra dago. Horiek denak egunero-egunero izaten ari dira geletan, eta
irakaslearen rola aldatzen ari da. Aspaldiko kontua dela dirudi baina kosta egin
zaigu hori barneratzea. Dagoeneko ez da nahikoa matematika, hizkuntza edo
ingelesa irakasten iaioa izatea. Beharrezkoa izango dugu beste prestakuntza mota
bat aurrean daukagun horri egoki erantzuteko. -
«Estatuak gure esku uzten duen %45 horrekin gauza asko finka daitezke»
Madrilek aginduko du curriculumaren erdia baino gehixeago, eta %45 utziko du Lakuako Gobernuaren esku. Euskal Herrirako Curriculumaren egileek garbi daukate %45 hori ondo aprobetxatzean dagoela gakoa, eta hori egin daitekeela.Egunotan Donostian hizpide den Euskal
Herrirako Curriculuma behin betikoa al da? X.M.: Ez da behin betikoa. Dokumentua oraindik irekia dago ekarpenak jasotzeko, eta beste herrialdeetara ere eraman behar dugu. Baina epe batzuk badaude eta Hezkuntza Sailari eman nahi diogu azarorako orain arte jaso duguna. Hezkuntza Sailak bere curriculum ofiziala egiten duen bitartean jasotzen ditugun ekarpenak ere helaraziko dizkiogu. Hala ere, curriculuma zerbait bizia da eta beti beharko ditu aldaketak eta hobekuntzak. Gizarte konplexu honetan kontuan izan behar ditugu Europatik eta mundutik datozen aldaketak eta, nahiz eta orain izugarrizko ahalegina egin curriculum osatua eta polita egiten, datozen urteetan etengabe begiratu beharko da finkatutako helburuak uneoro ondo betetzen dituela ziurtatzeko. Hala ere, badaude dagoeneko epe batzuk
finkatuta. A.E.: 2010 urterako Europa osoan gauzek bateratuak egon behar dute, eta 2007 urterako Hego Euskal Herrian curriculumak eginda egon behar du. Abendurako gutxi gorabehera finkatuko dira Estatuko gutxiengoak, eta horien arabera, dokumentuaren garapena eduki behar dugu otsail-martxorako. Epe horiekin jokatzen dugu eta Eusko Jaurlaritzarekin begiratzen ari gara prozesua nola eraman aurrera. Hala ere, orain bere esku dago nola antolatu egutegia, batzordeak nola osatu eta prozesua nola garatu. Guk eta beste gizarte eragile hainbatek mahai gainean jarri ditugu proposamenak eta orain Jaurlaritzak markatu behar ditu epeak. Estatu espainolak finkatuko ditu
gutxiengoak. A.E.: Hemen daukagun autonomia mugatua da. Curriculumaren %45 zehaztu dezakegu bertan, eta gainontzekoa Madrildik dator. Baina curriculumaz hitz egitean kontuan izan behar dugu %45 horrekin gauza asko finka ditzakegula guk; ondo finkatu dezakegula zein hezkuntza mota nahi dugun. %45 hori nola erabiltzen denaren arabera mutur bateko edo besteko curriculuma osa daiteke. Madrilen jartzen dituzten gutxiengo horiek malgutasuna daukate eta hori ondo aprobetxatu behar dugu orain daukagun curriculuma hobetzeko. Oraingoak asko dauka hobetzeko baina, Europari begira jarrita, norberaren nortasuna errespetatzen duen curriculuma egitean datza gakoa, eta egin daiteke. - Amagoia MUJIKA
|