Beste «ustelkeria» kasu bat salatu du Gipuzkoako Batzarretako Aralarrek
DONOSTIA
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aralar alderdiko bozeramaile Rebeka Uberak eta alderdi bereko Gipuzkoako koordinatzaile Ernesto Merinok atzo agertu zutenez, beren alderdiak helbidea adineko pertsonen egoitza batean duen enpresa pribatu baten berri izan du. Azaldu zutenez, Cia de Servicios y Promocion Prestakuntza enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabego den eta Gizarte Politiketarako Departamentuan dagoen Txara II.a izeneko eraikinean du helbidea, Donostiako Baratzategi kaleko bederatzigarrenean.
Harremana ez Diputazioarekin
Hori ikusirik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralar taldeak horrekin zer-nolako harremana duen galdetu zion Diputazioari. Atzoko prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, Esther Larrańaga Foru diputatuaren erantzuna jaso berri dute Aralarreko ordezkariek, eta horretan ageri denez, «Foru Aldundiak ez du inolako kontraturik ezta fakturaziorik ere enpresa horrekin».Horri guztiari «eskandalugarria» deritzo Aralarrek: «Eskandalugarria da Foru Aldundiaren eraikin batean helbide soziala duen enpresa bat topatzea, eskandalugarria da Foru Aldundiarekin inolako harremanik ez duela ikustea eta are eskandalugarriagoa da ikustea enpresa horrek bere helbide soziala zahar egoitzan jarri zuela 2005eko urtarrilean, EAJko Otxandioko alkate izandako Ińigo Lasueren eskutik». Hori guztia «EAJk bultzatutako pribatizazio politikaren ondorio zuzena» dela salatu du Aralarrek, alderdi horren arabera, EAJko kide batzuek pentsatzen baitute «Administrazio Publikoaren ondasunak berenak direla».
«Beldurra» eta galderak
Orain azaleratutako hori ez ote den «iceberg baten tontorra baizik» adierazi zuen Aralarrek beldurtuta. Hala, «ustelkeriarekin eta influentzia trafikoarekin tolerantziarik ez» izateko beren lan ildoari sendo eutsiko diotela baieztatu zuten.Auzi horren gainean informazio gehiago biltzeko, baina, Esther Larrańagaren «premiazko agerraldia» eskatuko duela adierazi zuen Aralarrek atzo, horren gaineko azalpenak eman eta hartuko dituzten neurriak ager ditzan.
|