GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-20
Ezohiko neurria duten liztorrak agertu dira Foruan
Azkeneko egun hauetan, ezohiko neurria duten liztorrak agertu dira Foruan; bertako bizilagunen esanetan, bost edo sei zentimetrokoak. Duela hogei bat egun aurkitu zuten habia txabola baten barruan, eta horrek are harrituagoak utzi zituen eraikin txikiaren jabeak lehenik eta gainerako herritarrak ondoren.

FORUA

Denok ikusi eta nozitu izan ditugu inoiz liztorrak. Foruan ere ezagunak dira intsektu horiek, baina hemendik aurrera are ezagunagoak izango dira; izan ere, guztiz ikusgarriak baitira ­hitzaren esanahirik estuenean­ azken egun hauetan Busturialdeko herri horretan agertutakoak.

Izan ere, duela hogei bat egun, neurriz oso handiak diren «kurumino» mordoa ­horrela deitzen diete bertakoek liztorrei­ agertu ziren herrian. Lehendik ere liztorrak ikusten ohituta zeuden herrian, baina Jesus Mari Uribe foruarraren esanetan, «sekula ez» halakoak. Jesus Mari da liztorrek habia egiteko aukeratu duten txabolaren jabea. «Liztorrek oilategi bat eduki zuten, baina gero utzi egin zuten. Han tresnak, zakuak eta gauza zaharrak baino ez daude», azaldu zigun. «Orain dela hogei egun edo hilabete- inguru» jabetu omen zen Jesus Mari liztor mordoa zegoela inguruetan.

Halako batean, aipatutako txabolan sartu eta han ikusi zituen liztor guztiak. Habia atearen atzeko aldean egonik, ikustea zaila zela adierazi zuen foruar horrek, eta horregatik gehiago kosta zitzaiela hura topatzea. «Ia inor sartzen ez den txabola bat da. Soilik tresnaren bat hartu edo uztera joaten gara, eta horretarako atea pixka bat irekitzea nahikoa da. Habia ikusteko, barrura sartu eta atea itxi beharra dago, ez bada atea ixten, ez da ikusten», azaldu zigun Jesus Marik zehaztasun osoz.

Halako panorama ikusita, lehenengo eta behin, txabolaren jabea bizilagunengana eta gainerako herritarrengana joan zen, horren berri eman eta aholkua eskatzeko. «Ameriketan egon izan naizenean, halakoak ikusi izan ditut, baina hemen behin ere ez», izan zen bizilagunetako baten erantzuna, eta horrek are gehiago harritu zuen Jesus Mari.

Habiaren tamaina ere ­hura eraiki duten liztorrena bezala­ neurriz kanpokotzat jo zuen foruarrak: 41 zentimetro luze da liztorren bizilekua; eta zabalera, berriz, 52 zentimetrokoa du. Gainera, orain artean ikusitako habia guztiak lurrean egon ohi zirela aitortu zigun Jesus Marik; eta hau, berriz, hormari itsatsirik dagoela. «Hori ikustea zirraragarria da!», adierazi zuen.

Liztorren etorkizun iluna

Txabolaren jabearen arreta guztia bereganatu dute intsektu horiek azkeneko egun hauetan, eta oso gertutik jarraitu ditu: «Orain dela hamabost bat egun, bizkor-bizkor zeuden, baina orain indarra galtzen eta hiltzen ari dira».

Orain arte ez dutela inorekin hitz egin aitortu zigun, «ez Udalarekin, ez adituekin, ez inorekin», ez baitaude ados etxeko kideak berak ere; batzuk mantentzearen aldekoak dira ­Jesus Mari tartean­; beste batzuk, berriz, habia botatzearen aldekoak dira.

«Liztorren eta habiaren neurriak ez dira horren arraroak»

Halako neurriko liztor eta habien berri izan ondotik, adituren baten iritziaren bila Aranzadi Zientzia Elkartera jo zuen GARAk. Intsektuetan aditu Leticia Martinezen hitzetan, tamaina horretako liztorrak ez dira horren bereziak. Aipatutako neurriak kontuan hartuta, «vespa grabro» saileko liztorrak izan daitezkeela adierazi zigun, motarik handienetako batekoak. «Baina guztiz ziurtatzerik ere ez dago liztorrak ikusi ezean», ohartarazi zigun. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Un debate a medio camino
Ekonomia
żEl mejor momento de la Historia?
Kirolak
«Por encima de todo he pretendido recuperar la tranquilidad necesaria»
Kirolak
Inicio de liguilla con el paso cambiado
Euskal Herria
El proceso marca el último debate sobre Nafarroa de esta legislatura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss