BILBO
Batasunak Bide Eginez prozesuaren ostean definitutako gazte politikaren lehenengo zertzeladen berri emateko agerraldia egin zuten atzo Bilbon Aner Petralanda eta Marije Fullaondok.Alderdiak iragan urte politikoan abiatutako Bide Eginez prozesutik, nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren estrategiari eutsita, ekarpen politiko propio eta berritua aurkeztu zuen: “Euskal Herria ezkerretik eraikiz”. Eta atzo esan zutenez, horren ondotik ere «Batasunaren proiektu politikoa, izaera eta eragiteko gaitasuna sendotuta atera ziren». Bide Eginez-en harira ateratako ondorio garbienetako bat, hain zuzen, hau da: «Gazte politika bat aldarrikatzearen beharra».
Hala, azken hilabeteotan politika horrek zerri erantzun behar dion definitzen ibili dira. «Eztabaida ezberdinetan gazteriaren errealitate zehatzari erantzungo dion jarduera finkatu, eta lehendik zituen konpromisoak ere berretsi ditu Batasunak», esan zuen Petralandak.
Bi ardatzen harira eraikitakoa
Gazte politika ondoko bi oinarrien arabera eraiki nahi dute: «Batasuna euskal gazteriaren eskubideen defentsan indar aktibo izaten jarraitzea», batetik, eta «euskal gazteriari uneotan eremu ezberdinetan bere hitza eta erabakia ahalbidetzeko tresna aktiboa ere izatea», bestetik. Eledunek gaitzetsi zutenez, egun Euskal Herriko gazteek «zapalkuntza sistematikoa bizi dute», euren oinarrizko eskubideak «zapalduta» baitituzte. Gaineratu zutenez, egoera hori bizitzako esparru eta eremu orotara hedatzen da: aisialdia, sexualitatea, kontsumo era, kultura...
Lan duina zein etxebizitza eskuratzeko eskubidea ere ezinezko edota «amets» bilakatu dela, eta hori ezezik, euskaraz bizi, ikasi eta Euskal Herriko edukiak ezagutzeko eskubidea ere urratuta dutela aipatu zuen Petralandak. Baita hauxe erantsi ere: «Gure herriak bizi duen zapalkuntza eta zatiketaren ondorioz, estatu espainol eta frantsesak identitate eta nazionalitate jakin bat izatera behar- tzen gaituzte. Euskal Herriko gazteok espainolak edo frantsesak jaio, bizi eta hiltzera kondenatuta gaudela esan dezakegu».Batasunaren ustez, gazteei soilik dagozkien erabakiak hartzeko ateak ere itxi egiten zaizkie: «Ez zaigu kolektibo bezala tratatzen, ezta onartzen ere. Guri dagozkigun erabakiak beste batzuek hartzen dituzte, ‘helduen boterea’ inposatuta». Euskal gazteak erabakigune orotatik at daudela, eta ez dela beren parte-hartzea ahalbidetzen salatu zuten: «Hala ez dago gure hitza eta erabakia errespetatzeko inolako baliabiderik».
Egoera horren aurrean, «gazte mugimendu indartsu eta anitz bat» badela nabarmendu, horri aurre egiteko baliatzen den errepresioa gaitzetsi eta babesa zein elkartasuna helarazi zieten, besteren artean, «kale borrokaren aitzakiaz» berriki Gasteizen atxilotutako gazteei, Burlatako gaztetxean lanean aritutakoei, 103 ikasle auzipetuei eta Ezkio-Itsason etxebizitza eskubideen alde aritutakoei.
Batasunaren gazte politikak euskal gazteen eskubideen defentsan aritzea eta beren hitza eta erabakia ahalbidetzea du xede: «Gazteok gaur egun bizi dugun egoeraren salaketan eta iraulketan ere urrats sendoak egiteko ardura hartzen dugu».
Bide horretan, bi konpromiso nagusiz aritu ziren: «Gazteen aldarrikapenak gure egin eta haiei erantzunez planteamendu propio eta zehatzak egitea, une jakinetan gazteon arazoak eztabaida politikoaren erdigunean kokatuz», eta Batasunaren ildo politikoan oro har gazteriaren beharrei lekua egitea, gazteen errealitatea kontuan hartuz eta uneoro txertatuz».
Bestalde, dei egin zieten gazteei Segik biharko Senperera deitu hitzordura animatzeko.