Lapurdi hegoaldean artea sustatzeko sortu dute Kultura Bidean egitasmoa
Lapurdiko 12 herri elkartzen dituen Hego Euskal Herria herri elkargoak beste kultura egitura bat sortu du. Zuzeneko emankizunak, lantegiak eta egonaldi artistikoak izango dira Kultura Bidean programaren muina. Elebitasuna bultzatzeko, euskaraz eta frantsesez egindako ikusgarriak emango ditu. Haurrak arte biziarekin sentsibilizatzea da egituraren helburuetako bat, bai eta biztanleria artearen mundura erakartzea eta artea Lapurdi hegoaldera hurbiltzea ere.
HENDAIA
Kultura Bidean egituraren bitartez, herri elkargoak hiru helburu biltzen dituen kultur eta arte egitasmo bat jarri du martxan. Lehenik eta behin, zuzeneko ikuskizunak gazteengana hurbildu nahi ditu bertako eta kanpoko konpainietako sorkuntzak aurkeztuta. Horretarako, eskola eta ikastola sare bat sortu du, eta ikasleek antzerki, dantza eta txotxongilo emanaldiez gozatzeko parada izango dute. 12 herrietako 30 ikastetxetan 80 bat emanaldi antolatu ditu denboraldi honetarako Kultura Bidean-ek.
Egiturako presidente Michel Hiriartek honakoa adierazi zuen: «Ikusleen %90 zuzeneko ikuskizun bat ikusteko ez dira ingurune hurbiletik mugitzen». Hori ikusita, sentsibilizazioa helburu duen programa berezia antolatu dute; izan ere, gaztetxoek artearekiko sentsibilizazioa txikitandik ikasi behar dutela iritzi dio Hiriartek.
Kultura egitura berriaren bigarren helburua zaleen praktikak laguntzea eta sorkuntza egitasmoak etengabe garatzea da. Horretarako, urtero hainbat lantegi proposatuko dizkiete herri elkargoko dantzari, kantari, musikari edota aktoreei. Aurten bi lantegi antolatu dituzte.
Lehen lantegia dantzaren ingurukoa da, eta 50 urte baino gehiago dituzten pertsonak bildu nahi ditu. Ikasturte bukaeran, ordu erdiko dantza bat aurkeztuko dute ikasleek. Pantxika Telleria koreografoak, Baionako orkestrako Stephane Goueytes tronpeta-jotzailearekin batera eta bertaratuko diren pertsonekin, koreografia pieza bat sortuko du. Parte hartu nahi duten pertsona guztiak izango dira ongietorriak, eta ez zaie eskatuko lehenagotik dantza munduan inolako esperientziarik izatea. Aurtengo ikasturtean proposatuko duten bigarren lantegiak 17 eta 20 urte arteko gazteak antzerki mundura hurbildu nahi ditu. Theâtre de Rivage konpainiako zuzendari Pascale Daniel-Lacombe gazteak antzerki sorkuntza batean parte hartzera gonbidatuko ditu ikasleak.
Kultura Bidean egiturak artistei laguntza ematea du azken helburutzat. Hala, sorkuntzak egin nahi dituzten artista guztiei herri elkargoan egonaldiak egitea proposatuko diete. Lehen ikuskizunak hilaren 13tik 24ra izango dira, eta Theâtre de Rivagek eskoletan “La Belle echappee” aurkeztuko dute. Abenduan, Hendaiako Varietes aretoan Elirale konpainiaren “Kadira” dantza emango dute.
Egitasmoko aurrekontua 60.000 eurokoa da. Michel Hiriartek aurrekontua oso aberatsa ez dela adierazi bazuen ere, herrien arteko elkarlana eta gogoa handia dela nabarmendu zuen.
Aldizkari elebiduna
Hiru hilabetetik behin aldizkari elebiduna argitaratuko du Kultura Bidean egiturak, frantsesez eta euskaraz. Aldizkariaren zenbaki bakoitzean herri elkargoaren parte diren hamabi herrietan antolatuko dituzten kultura ekintza guztien berri emango dute. Kultura Bidean izena duen aldizkariaren 27.000 ale argitaratuko dituzte eta etxe guztietan banatuko. -
|