Erleek ere ez zuten galdu beren omenezko eguna
Zortzigarrenez, Erle Eguna ospatu zuten atzo Usurbilen. Eguzkiak goiza majo gozatu zuen eta jendetza bildu zen ezti eta argizari usainera. Pentsa, egitarauan agertzen ez zen erle talde bat ere inguratu zen plaza ingurura. Euskal Herriko VI. Ezti Lehiaketan guztira 76 eztigile lehiatu ziren. Lehen sariak Legazpira eta Pasai Donibanera joan ziren.
USURBIL
Egoera bitxia gertatu zen atzo Usurbilgo plazaren bueltan. VIII. Erle Egunaren gonbidapenari jende ugarik erantzun zion eguraldia ere joateko modukoa egin zuen eta plazak itxura polita hartu zuen. Argizariaren eta eztiaren usainak nagusi zirela, postu artean jendea ez ezik erleak ere agertu ziren, erle multzo dezentekoa. Eta, hala ere, jendeak lasai jarraitzen zuen postuak ikusten, taloa jaten edo hizketan taldean. Erleek normalean piztu ohi duten beldurra ez zen sumatzen, inor ez zen asaldatzen.
Aurreko urteetan sekula ez da agertu halako erle multzorik, eta antolatzaileek garbi esan zuten bisitari horiek ez zeudela egitarauan aurrez ikusita. Norbaitek esan zuen moduan, «otzandutakoak» izango ziren.
Bitxikeriak bitxikeria, poliki joan zen Erle Egunaren zortzigarren edizioa. Erakusketa dotorea osatu zuten dema-plazaren bueltan, edonor tentatzeko moduko gozogintza postu eta eztitik abiatutako hamaika produkturekin. Hala ere, Euskal Herriko VI. Ezti Lehiaketa izan zen hitzorduko osagai nagusia. Bi motatako eztiak lehiatu ohi dira: lorebakarrekoak eta loreanitzak. Lorebakar motako 30 ezti aurkeztu zituzten atzo lehiaketara, eta 46, loreanitzekoak.
Antolatzaileek agertu zutenez, lehenik eta behin, teknikariek hautaketa bat egiten dute eztiaren hezetasun mailaren arabera. Hartara, hezetasun handiegia daukaten eztiak apartatzen dituzte, eta gainerakoak pasatzen dira lehiaketarako. Hortik aurrera, egoera, usaina eta zaporea hartzen ditu aintzat epaimahaiak.
Epaile lanetan, eztigintzan adituak diren teknikariak ez ezik, hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan ziren atzo. Niko Lizeaga aktorea, Arantxa Kaltzada eta Juanjo Mendioroz kazetariak, Andoni Egaña bertsolaria, Martin Alustiza pilotaria eta Martin Berasategi eta Hilario Arbelaitz sukaldariak, besteren artean. Goiz guztia eztiak dastatzen eman ostean, lorebakarretan lehen saria Legazpiko Anastasio Mujikari ematea erabaki zuen epaimahaiak. Bigarren saria, berriz, Arbaitzako Miren Lizasoainentzat izan zen. Loreanitzen sailean, Pasai Donibaneko Aitor Zabalaren eztia izan zen saritua. Bigarren tokian geratu zen Anoetako Txomin Azpiroz.
Ezti irabazleak enkantera atera zituzten ondoren, eta Herri Irratiko gastronomia kritikari Juanjo Mendiorozek erosi zituen irabazleen bi ezti potoak 2.300 euroan.
Gozogintza lehiaketa eta argazki lehiaketa ere izan ziren atzo. Lehenengoan, Iratzen udazkeneko bizkotxoa nagusitu zen eta, argazkien atalean, Julen Saenz izan zen saritua.
Goiz guztian lan handia egitea tokatu zitzaion baita Porrotx pailazoari ere. Txikientzat jogurta eztiarekin banatzen jardun zuen. Musuak eta besarkadak ere partitu zituen aurpegi onenarekin, eta ikusgarriak izan ziren goiz guztian bere mahaiaren bueltan izan ziren ilarak. Pirritx ere etortzekoa zen, baina gaixotu egin omen zen azken unean.
|