Kirmen Uribe - Idazlea
Made in Taiwan
Taiwan herrialde modernoa da, berrizalea. Berehalaxe konturatzen da horretaz bidaztia. «XXII. mendekoa, ezta?», galdetu zidan lagun batek han egon ginela esan nionean. «XXII. ekoa, bai», erantzun nion nik. Ezen Taipei hiriburuak manga komikietatik ateratakoa ematen du, autobideak han eta hemen, bata bestearen gainetik, eta eraikinak eta eraikinak elkarri kontra. Taipein bertan dago munduko eraikinik luzeena ere, ehun eta bat solairu ditu guztira. Horrexegatik deitzen diote «Taipei 101» eraikinari. Igogailuak hogeita hamar segundo eskas behar ditu azkenengo solairura iristeko eta bitxia bada ere segundo batzuk gehiago jaisteko, berrogeita hiru hain zuzen. «Taipei 101» eraikinera gauez igo ginen eta handik, hiriko argiek, iragarki koloretsu eta erraldoiek, paisaia futurista bat osatzen zuten. Liburu-dendek ere solairu asko dituzte. Bost solairuko hainbat liburu-denda daude hirian eta horietako bat hogeita lau ordutan dago zabalik. Beste xehetasun bat, bidaiariek oso kontuan hartzen dutena: liburu-dendako komunera joaten denak igarriko du sartu orduko komuneko estalkia altxatu egiten dela, eta aho bete hortz geratuko da gero, komunean esertzen denean konturatuko baita epela dagoela komuna. Baina diseinuzko mundu horren azpian beste mundu bat dago Taipein bertan. Gauez bakarrik zabaltzen duten azokak daude alderik zaharrenean. Denetarik saltzen dute horrelakoetan: jatekoak, arropak, zapatak, animaliak. Baina harrigarriena da haurrentzako gauza asko daudela azokan, haurrak ez aspertzeko jolasak. Izan ere, haurrak dabiltza azokan hara eta hona, gaueko orduetan. Gauez eta haurrak jolasean, biharamunean eskolara joan beharko ez balute bezala. Hala eta guztiz ere, haurrentzako jolas horiek ez dira diseinuzkoak. Ez dira teknologia berriekin sortutakoak. Duela mila urteko azoketan ere halakoxe entretenigarriak egongo ziren seguruena. Bata arraintxoak harrapatzearena zen. Paperezko saretxo batekin haurrek arraintxoak harrapatu behar zituzten ontzi batean, kontu handiarekin harrapatu ere, papera puxkatu gabe. Zenbat eta arrain gehiago harrapatu, hura irabazlea. Baina jende gehien zuen jolasa opilena zen. Baziren su txiki batzuk, txiki-txikiak, haurren tamainakoak. Eta su horietan haurrek opilak prestatzen zituzten eta gero karamelloa egin, postuko gizonaren laguntzarekin. Guk txikitan kalean egiten genuen bezala, olgetan, haiek ere haien afaritxoa prestatzen zuten, olgeta-benetan. XXII. mendeko hirian eta harrerarik onena zuen opilen jolasak. Beharbada horixegatik bergatik esango diote XXII. mendekoa dela. -
|