Ińaki Soto - Filosofian lizentziaduna
Iraultza edo hil arte iraun
Lelo honek bere ahizpa deterministak baino indar epiko txikiagoa du, zalantzarik gabe, baina ibilbide politiko luzeagoa duela iruditzen zait. Lelo hau, komunetan idazteko luzeegia izan arren, komunetik behera botatzen zailagoa dela uste dut. Euskal Herrian, munduko beste lurralde batzuetan ez bezala, iraultzarik ez badago, ez gara hilko. Haatik, abestiak dioen bezala, zertarako bizi ote garen galdetuko diogu geure buruari.Zer da, ordea, iraultza? Definizio guztietatik J.M Paigerena hautatu dut: «Iraultza gizarte bizitzaren eta kontzientziaren kategorietan funtsezko eraldaketa azkarra da, kategoria horiek sustengatzen dituzten oinarri metafisikoen ordezkapena ekartzen duena, eta hauen adierazpena diren botere erlazioen aldaketa suposatzen duena. Honen guztiaren jatorrian, indarrean den ordena sozialari alternatiba den utopia baten onarpen herritarra dago». Termino horietan ulertzen dut nik ezker abertzalearen proiektu politikoa. Gure diskurtsotik alboratua izan arren, iraultza beharraren onarpena da ezker abertzalearen oinarri soziala batzen duen ideia politiko nagusia, nire uste apalean.
Ezker abertzalea eta iraultza. Izan ere, ezker abertzalean biltzen dira sozialistak, komunistak, libertarioak, liberalak, sozialdemokratak, nazionalistak, internazionalistak, euskaldunak, erdal hiztunak, errepublikarrak, estatalistak, anti-estatalistak.. eta, orokorrean, era guztietako matxinatuak. Matxino horiek guztiak, bakoitza bere ahots eta ńabardura bereziekin, errotiko eraldaketa baten alde daude. Eta guzti-guztiek errotiko eraldaketa hori bi ardatzetan kokatzen dute, monetaren bi aldeetan: Euskal Herriak behar du eraldaketa nazionala eta eraldaketa soziala.
Hau esanda, gure utopia, independentzia eta sozialismoa, euskal gizartean ez dela nagusi onartu behar da. Beste garai batzuetan ez bezala, gaur egun onarpen sozial hori derrigorrezko aurrebaldintza da edozein proiektu politiko aurrera ateratzeko. Ondorioz, gure lan politikoa alternatiba hori eraikitzean datza, batez ere. Honekin batera, botere erlazioen aldaketa funtsezko eraldaketen ondorio izango dela ulertu behar da, eta ez alderantziz.
Iraultza hil edo iraultza eta hil. Ikuspuntu honi bi kritika nagusi egin dakioke. Bata ezker abertzalearen kanpotik etorriko da, gehiegizkotzat joz. Bestea barrutik etor liteke, ez-nahikotzat hartuz. Biak erantzuten saiatuko naiz hemen.
Kanpotik, kontserbadoreek eta erreformistek, iraultzen aroa hilda dagoela esango digute. Betiko leloaren betiko leloaz, errealismo faltaren beste adierazpen bat ikusiko dute iraultza aldarrikatzeko grina honetan. «Gustatu edo ez gustatu, gauzak honela daude» esango dute. Hori ez da errealismoa, determinismoa baizik. Politikan, historian, gauzek ez dute ez era honetan ez bestean izan behar, ez derrigor. Egiazki politikoa den proiektu bat ezin delako mugatu errealitatera egokitzera, errealitate hori dena dela. Mundu honetan, mundu desberdin bat posible da. Ezker abertzaleko batzuentzat iraultzaren aldarria ez da nahikoa. Lausoegia da, funsgabea. Iraultzak berak ez du ziurtatzen bakoitzaren «Egiaren» erabateko errealizazioa, izan egia borobil hori komunismoa, nafar erreinua, euskal zibilizazioa, elebakartasuna, matriarkatua... Gerta baitaiteke iraultza egitea eta gero hiltzea, iraultza hori ez baldin bada gertatzen «nik» ezartzen ditudan termino substantzial horietan (adibide ezagunenak komunismorik gabeko independentzia edo Euskal Herri independente elebiduna dira). Ni, pertsonalki, bil ninteke iraultza bezain abstraktuak ez diren postulatu politikoetara, aipatu diren horiek tartean. Adibidez, erantzun amorragarriak ekiditeko eta zorrozkeria esplizitua maite dutenak lasaitzeko, nire burua tradizio marxistan kokatzen dudala esango dut; nazioak entitate politiko modernoak direla pentsatzen dut, etniak ziren entitate kulturaletatik eratortzen diren arren; gaur egun nazio bat beste batetik desberdintzen duen elementu nagusia kultura politiko desberdina dela sinistua nago; estatuen munduan bizirauteko estatua behar dugula pentsatzen dut... jarrai nezake, baina ez da hori helburua. Babes politikoarekin eta babes politikorik gabe, iritzi substantzialetan bat egiten dutenen artean iritzi korronteak, lobbyak, fundazioak, ateneoak... sortzea izan da azken urteotako joera. Beraien eragingune nagusia ez da gizartea izan, ezker abertzalea baizik. Fase politiko berrien zain egotea baino nahiago badugu fase horiek irekitzen lagundu, atomizazio prozesu horren inertzia apurtu eta batasuneranzko joera indartu behar dela uste dut. Gure helburua zorrozkeria, ortodoxia, akritikotasuna, endogamia... bultzatzea baldin bada, jarrai dezagun soka horietatik tiraka. Eraldaketa sozial eta nazionala ekarriko dituen mugimendua osatu nahi badugu, ordea, bil gaitezen benetan biltzen gaituzten elementuen inguruan. Horien artean, iraultza elementu zentrala da. Zer esan nahi du honek, gure iritziak alboratu behar ditugula ezker abertzale aseptiko baina «iraultzaile» baten alde? Ez, andere-jaunak. Ezker abertzalean eragiteko bide zuzena militantzia dela. Eztabaidak barruan irabazi, galdu edo negoziatu behar direla, besterik ez. Eta, nire ustez, lehentasuna hori dela. Nire-nireekin guztiontzako ezer gutxi eraiki daitekeela, alegia.
Amaitzeko. Esan bezala, nire ustez, ezker abertzalearen kapital politikoa iraultzari dago lotua. Historikoki honela izan da iraultzen aroan sortu zen ezker abertzalea eta etorkizunean ikuspuntu politiko horrek gure mugimenduan nagusi izaten jarraituko duela uste dut. Fase politiko berria ireki edo ez ireki, ezker abertzaleko kideak iraultzak eta iraultzaileek moldatutako kultura politikoaren seme-alabak gara. Hori kondenatuz gero, kondenatuak gaude.
Joxe Azurmendiren hitzak berreskuratu nahi ditut amaitzeko: «Guk ez bait dugu eskatzen gauza haundirik. Libre izan bakarrik. Guk ez dugu mundu edo ilargi arras berriren batera aspiratzen. Munduaren azkeneko iraultza egitera. Errepublika unibertsalera eta betiko bakera. Gizadia salbatzera. Kia. Oso iraultza apal bat nahi dugu. Geuretzako iraultzatxo bat, herri txiki batean. Eta txikian, doktrinarismo gabe, zentzu apur batekin, haundian ezinezko esperientziak eta esperimentuak egin litezke, esperimentu bakoitzean milioien bizitzak arriskatzeke. Geure askatasuna probatu. Geure berdintasuna, justizia, sozialismoa. Probatu, aldatu, okerrak zuzendu, berriro probatu». Horretan gaude eta horretan egongo gara bizi garen artean. Bizirik gauden artean. -
|