EHGKren lanerako zutabeak zehaztu ditu Gazte Biltzarrak
·Etxebizitzaren eta gazte espazioen auziak lehentasunez lantzea onartu zen Andoainen
Oparoa izan da bigarrengoz egin duten Gazteriaren Biltzarra. Andoaingo Bastero kulturgunean elkartutako 300 gazte baino gehiagok orain Euskal Herriko Gazte Kontseiluak kudeatu beharreko ekintza plan zabala onartu zuten atzo. Guardia Zibila ere azaldu zen Andoaingo sarbideetan.
ANDOAIN
Etxebizitzaren eta gazte espazioen aferei lehentasunez ekitean adostu ziren atzo Andoaingo Bastero kulturgunean egindako Gazteriaren Biltzarrean. Eztabaida ugari eta parte-hartze handia izan ditu aurtengo edizioak, eta makina bat egitasmo gehiago jasotzen duen ekintza plana zehaztu zuten bertan izandako 300 lagun baino gehiagok. Gainera, gazteek eskubideak bermatu gabe dituztela aipatu zuten, eta hainbat erabaki hartu zituzten. Iaz lehenbizikoz Barañainen egindako biltzarrean Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua osatzean adostu ziren; aurten, berriz, Ekintza Plana zehaztu dute eta Gazteriaren Kontseiluaren ekinbidea zein izango den onartu. Alde horretatik, Euskal Herria aintzat harturik, euskal gazteentzat lehentasunez jorratu beharreko egitasmoak zein diren hitzartu eta onartu dituzte. Horien artean bi izan dira nagusi: etxebizitzaren arazoa eta gazte espazioen afera.
Administrazioei kritika Etxebizitzaren atalean hiru ideia nagusitu dira. Batetik,gazteentzako alokairu publikoa handitu eta prezioak ahalmenaren arabera egokitu behar direla. Bestetik, herri bakoitzean etxebizitzaren arazoa aztertuko eta landuko duten foroak eratzea proposatu du biltzarrak. Eta, azkenik, gazteei bereziki zuzendutako etxebizitza proiektuak garatzeko premia dagoenez gero, Ibaetako campuseko Arkitekturako Fakultatean eskola sarea eratuko dute. Gazteriaren Biltzarrak ondorioztatu du lehentasunez jorratu beharreko bigarren gaia gazte espazioen afera dela. Horiek hala, gaztetxeak eta gazte-lekuak funtzio ezberdinak betetzen dituztela ondorioztatu zuten, eta osagarriak bai baina ordezka ezinak direla hitzartu. Biek ala biek gazteen beharrak modu zabalagoan asetzeko modua egiten dute. Modu horretan, udal eta administrazioak kritikatu zituzten, eta gaztetxeen aurka duten joera arbuiatu zuten atzo bildutako lagunek. Horiei igortzeko, manifestua egingo du Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak, Gazte Asanbladarekin eta Gaztetxeen Koordinadorarekin batera, atzo onartutakoaren arabera. Guardia Zibila gazteen zelatan Beste alde batetik, husteko arriskuan dauden gaztetxeetako herriei laguntza eta prestutasuna agertu zien Gazteriaren Biltzarrak. Bi alor nagusi horiez beste, adostutako Ekintza Planean egitasmo eta proposamen ugari jaso du. Hala nola, euskararen gazte hitzarmena tresna gisa baliatzea, drogen gaineko informazioan eta ezagutzan sakontzeko nazioko jardunaldiak egitea, aisialdirako alternatibekin gida bat osatzea eta kultur arloan jarduten diren gazteen artean sare bat gorpuzten joatea. Parte-hartze handia eta eztabaidak izan dira Andoainen egindako Gazteriaren Biltzarrean nabarmendu diren ezaugarriak. Hirurehun gazte baino gehiago ez ezik, Guardia Zibila ere Andoainen izan zen atzo. 2006ko Gazteriaren Biltzarra amaitutzat jo zutenerako, Guardia Zibilak Andoaingo sarbide guztietan errepide-kontrolak ezarriak baitzituen.
Apunteak
Nazioartean ere lan egingo
dute gazteek
Nazioarteari begira lan egiten hastean ere adostu ziren.
Euskal diasporarekin eta beste herrietako gazte erakundeekin harremanak estutu
eta egitasmoak sustatuko dituzte, baita nazioarteko foroetan parte hartu ere.
Gainera, Kurdistango Gazte Kontseiluko gazte baten agurra jaso zuen Biltzarrak.
Migrazioa jorratuko duen
lan-taldea
Andoaingo Gazteriaren Biltzarrak, atzo, Paraguaiko gazte
baten lekukotasuna jaso zuen, eta gazte eremutik ere migrazioari begirako lana
garrantzitsua dela nabarmendu zuen hark. Hala, euskal gazteek migrazioaren
auziari eutsiko dion lan-talde bat eratzeko erabakia hartu zuten atzo.
Laguntzak jasotzeko
Euskal Herriko Gida
Euskal Herri osoan gazteei bideratzen zaizkien
diru-laguntzak aztertzen dihardu Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak.
Laguntzak zein diren eta horiek eskuratzeko izapideak nondik norakoak diren
gaiez eta zenbait gomendioz hitz egingo duen nazio gida osatzea dute helburu.
Baserritar gazteak
indartzeko apustua
Ekintza Planean txertatzearren, Akuilu taldeko nekazari
gazte batek hitza hartu zuen. Lurrik ez duten gazteei lurra eskuratzea
ahalbidetuko liekeen talde zabala eratzea proposatu zuen, batetik.
Bestetik,gazte ekimenetan bertako produktuak kontsumitzeko konpromisoa hartzeko
eskatu zuen.
Gazteriaren datu basea osatuko dute
Iaz, Gazteriaren Biltzarrak gazteen egoeraren gaineko
sektorekako azterketak egin zituen; orain, berriz, Lapurdiko, Nafarroa Behereko
eta Zuberoako gazteen egoera modu berezian lantzean adostu dira. Gainera, Euskal
Herriko gazteriaren datu basea egiteko ideia onartu zuten.
Eskubide urratzeak, urteroko txostenean
Gazteriaren Eskubideen Kartaren garrantziaz ere aritu ziren atzo. Urtero, eskubide urratzeak jasoko dituen txostena kaleratzeko hautua egin zuten. Atzoko Guardia Zibilaren kontrolak lehendabiziko txosten horretan jasoko dituzte. Beste alde batetik, Trebiñuko gazteekin egitasmo bateratuak egitean adostu ziren gazteak, bai eta Gazteriaren Kontseiluarekin bat egiten duten gazteen artean posta zerrenda bat osatzea ere. -
|