GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-11-19
Arrain handiak arrain txikia jaten duenean
Nola egin aurre arrantza-ontzi industrialen eraginari, ipar hemisferioko itsas baliabideak ia agortu ostean, hegokoari ekin diotenean? Globalizazioak arrantzan dituen ondorioak eta, oro har, gizakiaren esku-hartzeak itsasoan ere egindako kalteak aztergai izan dira Herrialde Arrantzaleetako Mundu Foroaren (WFFP) zuzendaritza batzordeak Euskal Herrian egin berri dituen jardunaldietan.

Berrikitan Ziburun eta Donostian egin duten Herrialde Arrantzaleetako Mundu Foroaren (WFFP) karietara, agerian geratu da, ekonomiako esparru gehienetan bezalaxe, arrantzari lotutakoan ere ustiaketa neurrigabea gero eta ondorio larriagoak ari dela eragiten.

Bertan aurkeztu duten azterketa zientifikoaren arabera, martxa honetan, itsasoaren baliabideak 2050erako agortuak izateko arrisku bizia dago. Gero eta jende gehiago dago munduan. Etorkizun ilun horren arrazoiak askotarikoak izaki ere, beti helmugan, gizakiaren esku-sartzearen ondorioak direla egiaztatzen da.

Gero eta jende gehiago dago munduan eta, beraz, behar gehiagori ere aurre egin behar zaie. Arrantzatzeko tekniketan izan diren hobekuntzek kopuru handiagoa arrantzatzen laguntzen dute, baina kiribil horretan ezin da ahaztu konpainia handiek gero eta mozkin gose handiagoa dutela.

Horrela bada, arrantza industrialean diharduen gutxiengo batek kontrolatzen du Europako eta Amerikako uretako arrantza gehiena. Itsasgunearen %75 agortuta dago edo neurriz kanpoko ustiapena jasaten du. Gainera, ipar hemisferioko baliabideak xahutzen ari diren heinean, hegoaldekoak pairatzen du orain arrantza industriaren gose aseezina.

ESTATUEN ERANTZUKIZUNA

Jokaera horrek desoreka izugarriak sortzen ditu eta sortzen ari den egoeran estatuek ere badute erantzukizuna, bakoitzak bere arrantzaleen interesak eta erabiltzen dituzten arrantza teknikak defendatzen baititu. Senegalen gertatzen dena jarri zuen adibidetzat Foroan parte hartu duen Dao Gayek:«Senegalek Europar Batasunarekin egindako hainbat hitzarmen baliatuta, industria ontzi handiak gure uretara joaten dira arrantzatzera eta baliabidea agortzen dute. Ondorioz, bertako gazteek arrantzatzeari uzten diote eta, gero, Europarako bidea hartzen duten etorkinak samaldaka ikusten ditugu».

Kolonizazio mota berria deituriko jarduera hori salatu zuten, era berean, Sri Lankatik eta Guadalupetik forora joandako ordezkariek.

Arrantzaren globalizazioaren aitzinean, arrantzale txikiek eta betiko teknikak erabiltzen dutenek zer egin dezaketen izan zuten aztergai jardunaldietan.

Kanadako eta Ameriketako biologo eta ekonomialarien azterketaren arabera, egungo joerari buelta ematerik badago oraindik «itsasoa birziklatzaile bikaina baita». Hori bai, neurri zorrotzak hartu beharko lirateke bioaniztasuna berreskuratzeko, mantentzeko eta gehiegi ustiatzea ekiditeko.

Beste adituek ere norabide bera markatzen dute. Ifremer erakundean arrantzaren ikerketa saila zuzentzen duen Philippe Gros-en aburuz, «arazo nagusia itsasoak ekoizten duenaren eta arrantzatzen denaren artean dagoen desoreka da». Ekosistemari zuzenean eragiten dion faktore asko dago (itsasontzi handiak arrainaren habitatean egiten dituen kalteak, klimaren beroketa, kutsadura...) eta guztiak dute zer ikusia itsas baliabideen beherakadan. Horrenbestez, ikertzailearen ustez, ezinbestekoa da kudeaketa era integralean planteatzea eta ez ontzidiaren eta arrain soberakinaren arteko harreman ekonomiko hutsean geratzea.

Ildo horretan, agintari politikoek ere zer esan eta zer egin asko dutela uste du: «Etorkizunean arrantzatzeko eskubidea nork duen eta nork ez argitu behar da, baita nork zer eta nola arrantza dezakeen ere». Arrantzatzeko lizentziak edo norbanako eskubideak ematea da aipatu zuen neurri posibleetako bat.

Foroan parte hartu duten zenbaitek iritzia eman zuten hartu beharko liratekeen neurriez. Hala, Itsas Geroa elkarteko lehendakari Beatrice Elissalderen ustez, dena debekatzea ez da irtenbidea eta azterketa globalaren alde dago bera ere. Kuotak ezartze hutsarekin gauzak ez direla konpontzen nabarmendu zuen: «Zer teknika erabiltzen diren kontrolatzen ez bada, ezer gutxirako balio dute kuotek».

ZER EGIN?

Horiek horrela, argi dago guztia kateaturik dagoela. Atlantikoko bakailaoa itzulezineko mugara heldu da eta galdutzat jotzen da. Gugandik hurbil dauden uretatik aspalditxo desagertu zen bisigua eta antxoak joera bera daramala dirudi. Horrekin batera, lanpostuak galdu eta ekonomiaren esparru bat kinka larrian ari da jartzen. Eragile guztiak jabetuko ote dira, zaila izanik ere, mundu mailako arautegia finkatzea ezinbestekoa dela?-

BAIONA



Indiako arrantzaleen ekimenez
Indiako Arrantzale txikien sindikatuaren ­egun 10 milioi arrantzale batzen ditu­ bultzadaz sortu zen, 1997an, Herrialde Arrantzaleetako Mundu Forua (WFFP), arrantza teknika tradizionalak erabiltzen eta itsas baliabideak atxikitzen dituzten kontinente guztietako arrantzaleak batzeko xedearekin.

WFFP laborarien Via Campesinaren parekotzat jotzen da arrantza esparruan eta, gaur egun, munduko berrogeita hamar bat elkartek eta erakundek osatzen dute, tartean Lapurdiko Itsas Geroak. Bere bitartez, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzale kofradiek ere mantentzen dute harremana Foroarekin.

Azken batzar nagusia 2004an egin zuen Kenyan eta, orain, Zuzendaritza Euskal Herrian elkartu da urteko bilera egiteko. Bere sorreraz geroztik, Nazio Batuetako Garapen Iraunkorreko Batzordean parte hartzen du, baita Mundu Merkataritza Erakundeak arrantzari buruz egiten dituen bileretan ere.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de personas exigen en Gasteiz el cese inmediato de las obras del TAV
Ekonomia
MCC inicia el proceso para elegir el relevo de Jesús Catania en la presidencia
Mundua
NBEko Batzar Nagusiak Gazaren aurkako Israelgo Armadaren erasoaldia gaitzetsi du
Kultura
«Ez naiz testu onak egiteko gai eta musika jarriz neure egiten ditut»
Euskal Herria
Divergencias sobre su definición mantienen el proceso bloqueado
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss