- Biarritz
Bidaberen bi entseguak alferrikakoak izan ziren
CLERMONT 25 BIARRITZ OLYMPIQUE 17 Clermont: Floch, Estherhuizen, P. Garcia (Chanal, 28), Marsh, Malzieu, James, Troncon (kap), Audebert, Broomhall, Dieude, Privat (Vigouroux, 58), Cudmore, Zirakashvili (Shvelidze, 62), Miguel, Emmanuelli (Zirakashvili, 75). Biarritz Olympique: Brusque, Bidade, Lison (Bosch,62), Cabannes, Bobo, Peyrelongue, Dupuy, Harinordoki, Noirot (Padro, 41), Dridi, Couzinet, Carpentier (Malonga, 63), Avril (Lecouls, 41), August (kap), Lealamanua (Balan, 41). Epailea: M. Mene (Provenza). Puntuak: Clermont: entsegu bat Zirakashvili, James-ek transformatua (23), 6 zigor-kolpe James-ek (5,16,33,40, 70,78). Biarritz: 2 entsegu Bidabek, Dupuyk transformatuak (20,50), Dupuyk zigor-kolpe bat (73). Gorabeherak: 14.000 ikusle inguru Clermont-Ferrandeko Marcel-Michelin estadioan.
CLERMONT-FERRAND Selekzioen nazioarteko neurketak zirela-eta, etxekoei funtsezko zortzi jokalari falta zitzaizkien Rougaire, Vermeulen, Jacquet, Scelzo, Ledesma, Longo, Bai eta Canale; eta hiru, berriz, biarriztarrei Yachvili, Betsen eta Traille, baina euskaldunek ezin izan zuten Clermonten seigarren garaipena jarraian eragotzi. Brock Jamesen ostikoek erabaki zuten neurketa, taldeko 25 puntuetatik 20 gauzatu baitzituen. Top 14ko bi defentsa onenak erasoen gainetik egon ziren, baina Jamesek aurreneko ostikoa bosgarren minutuan sartu zuen zutoin artetik, eta bigarrena ordu laurdenera. Hala ere, Philippe Bidabe lapurtarrak berebiziko jokaldia egin zuen; etxekoen plakatze ahaleginei ihes egin zien eta aurretik jarri zuen BO. Pozak gutxi iraun zuen, Davit Zirakashvili pilierrak ere, hiru minutu geroago, entsegua lortu baitzuen. Dena den, eta atsedenaldian BOk bi pilierrak aldatu ondoren, uztarketetan hobeto zebiltzala Bidabek baloia lapurtu zuen. 80 metroko korrika saioaren ondoren bere bigarren entsegua lortu bazuen ere, Jamesen lanak abantaila eman zion etxeko taldeari. Dupuyk, azken minutuan, zigor-kolpe bat alferrik galdu zuen egoera onean, eta defentsako bonus puntua eskuratzeko aukera galdu.
|