Eskubide urraketa baten urteurrena
Bihar urte bat beteko du 18/98 sumarioari dagokion epaiketak. Duela urtebete hasi zen, baina oraindik ez da bukatu. Urtebete daramate akusatuek astero hiru egunetan, goiz eta arratsalde, Madrilgo Casa de Campoko saioetara joaten. Behartuta. Zigortuta. Zigorra baita saio guztietara joan behar izatea etxekoak eta herria utzita; lanik egin gabe, egin ahal izan gabe; bidaiak, istripu-arriskua barne, eta jatekoa nork bere poltsikotik ordainduta. Epaile batek bere botere neurrigabea, neurriz kanpokoa, erakutsi nahi duelako. Nork agintzen duen, ezen ez nork duen arrazoia, argi utzita. Epaiketa horretan, esandakoez gain, zentzugabekeria asko ikusi dira, hala prozeduran nola epaiketaren beraren funtsean ere, akats eskandalagarriak. Epaileek Espainiako Poliziaren arautegiaren beraren arabera ere peritu ez direnak peritu gisa onartu ditu. Irregulartasunak nagusi, txosten polizialak, askotan kontraesankorrak, ez bururik ez hankarik ez dutenak... eta horixek dira epaiketa erraldoi horren oinarria. Edo itxurazko oinarria, epaiketan zehar ikusi baita oinarri juridikorik eza. Oinarriaren izaera politiko hutsa. Hortaz, ez da onartzeko modukoa Gobernuak botere judizialaren idependentzia argudio erabiltzea errepresio kontuetan bere egitekoak saihesteko. Bestalde, prozesu asko fiskaltzaren ekimenez zalbaldu izan dituzte. Horiek horrela, herri honetako arlo, ideologia eta era guztietako jendeak agertu du inputatuenganako elkartasuna, jende horrek guztiak epaiketa horretan pertsona edo erakunde jakin batzuen kontrako erasoa baino zerbait gehiago ikusi baitu: herri oso baten eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso argia Kasualitateak, epaiketaren iraupen ikaragarriak horretaratuta, nahi izan du urteurren lotsagarri hau Auzitegi Gorenak Jarrai-Segi-Haika sumarioaren epaiketaren ondoko helegiteak ebatzi behar dituenean gertatzea. Epaiketa hura Euskal Herriko gazteriaren sektore oso baten, sektore handi baten epaiketa izan zen, eta orain Gorenaren ebazpenak aurrerantzeko beste epaiketa askoren ildoa seinala lezake, 18/98 auziaren gaineko ebazpenarena tartean eta, halaber, prozesu politikoan eragina izango du. Gobernu espainolak ezin du jarraitu bestaldera begira, epaileen jokaera ikusiko ez balu bezala. Prozesua aurrera ateratzea alde guztien lana da, baina Zapateroren Gobernuak lan hori pilatu samartuta dauka. -
|