GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-11-20
Mikel Aramendi
Zuritzaileak

Batzuetan kosta egiten da maleziarik gabekoa dela sinestea. Beste batzuetan, partida aurkariaren kantxan jokatu behar dutela ahantzirik defentsa nasaiegiarekin zelairatzen direnen kontua dela argi dago. Edonola ere berdintsua da emaitza: Cuelgamurosen datzan gizatxarraren historia zuritu egiten dela. Senez eta lanbidez horretan aritzen direnei lagun eginez. Gaurkoa bezalako egunetan bederen, komeniko da horren aurka hitza ateratzea.

Adibide xume baina hurbileko batekin errazago ulertuko didazue. Gipuzkoan Gaintxurizketako gainean egiten ari diren lanetan «aurkitu» eta suntsitu berri diren bunkerren nondik norakoari buruz bolo-bolo «argitu» dute inguruko hedabide gehienek Francok eraikiaraziak zirela «nazien balizko inbasio bati aurre egin ahal izateko». 1940ko urrian Hitlerrekin Hendaian eginiko elkarrizketatik espainiar diktadorea mesfidati atera omen zelako, diotenez. Hala balitz, hara non orain arte auzi hori aztertzen aritu diren historialari serio guztiak denbora galtzen arituak liratekeen, Maroko Iparraldeari buruzko planak, orduko Espainiaren ahalmen militarrak, Serraño Suñerren papera edota Dibisio Urdinaren sorburua Alemania, Espainia eta beste hainbat lekutako artxibategietan arakatzen jardun direlakoŠ Francoren psikologia bihurria aztertu beharrean.

Ez da egia, ordea. Franco eta Hitlerren arteko harremanetan oso aditua izan beharrik ez dago irizpide horrek ez buru ez hankarik ez duela ohartzeko. Eta Gutierrez Lerroaren eraikuntzaren xehetasunetan gehiegi sakondu beharrik ez dago haren xedea oso bestelakoa, alderantzizkoa, zela ohartzeko. Hau da, aliatuengandik edo/eta Frantzia demokratikotik hel ziezaiokeen eraso militarrari aurre egiteko diseinatu eta eraikia izan zela. Zergatik, bestela, zen Katalunian, Llança eta Maçanet de Cabrenys bitarteko zatian, beste inon baino sendoagoa gotorleku-lerro hori, egun ere hain agerikoak diren aurriek argi erakusten dutenez? Erabat erraturik ote daude bada Gutierrez Lerroa 1939an hasi eta 1953ra bitartean eraikitzen aritu zirela dioten historialariak?

Isilka nazien aurkako neurriak hartzen aritua izango litzatekeen Franco zuhurraren mitoa oso gogokoa izan dezakete haren hilobiaren zuritzaile profesionalek. Baina horrelako iruzurrek ez lukete erraztasunik aurkitu behar egiari estimazioa diogunon artean. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La violencia de género desde la perspectiva médico legal
Euskal Herria
En prision pese a su enfermedad
Kirolak
El virus de la desconfianza sigue activo
Kirolak
Demasiadas facilidades y despistes para poder puntuar
Mundua
Un «escudo humano» de cientos de palestinos impide un ataque israelí
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss