GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-11-20
Marie-Claire SALLABERRI | Herrikoa erakundeko zuzendari nagusia
«Gure helburuetako bat arriskatzea da, bankuek ez baitute egiten»
Herrikoa, arrisku kapitaleko erakundea, duela 25 urte sortu zuten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekonomia sustatzeko. Orduz geroztik, 2.700 lanpostu sortzen lagundu du eta 300 enpresa sostengatu ditu. Azken bi hamarkadetan egoera asko aldatu bada ere, erakundearen lanak «hastapenean baino are eta zentzu handiagoa» duela aitortu du Sallaberrik.

Mende laurden bat bete duen honetan, Herrikoa arrisku kapitaleko erakundea bilkurak antolatzen ari da, herriz herri, azken 25 urteetan egindako lana bere akziodunek bertatik bertara ezagut dezaten. Era berean, urtemuga hori dela-eta, liburu bat kaleratu dute. Erakundeko zuzendari nagusi Marie-Claire Sallaberrirekin hitz egin zuen GARAk, 1981. urteaz geroztik egindako urratsak eta esku artean dituzten proiektuak ezagutzeko asmoz.

­Zein helburu ditu Herrikoak? Zein da bere eginbeharra?

Ekonomia sustatzeko xedearekin sortu zen. Hastapenean hori zen erronka eta, 25 urteren buruan, hori izaten jarraitzen du. Azken finean, Ipar Euskal Herriko lantegiak laguntzea eta lanpostuak sortzea dugu helburu. Partaidetzen bitartez sostengatzen ditugu enpresak, haien kapitalaren %10ean sartuz, adibidez. Toki txiki bat hartzen dugu. Ez dugu inolaz ere gehiengoa izan nahi, lantegiko langileek edo zuzendariek erabakiak hartu behar dituztela uste baitugu, eguneroko kudeaketa beraiek egiten baitute.

­Azken 25 urteetan egoera asko aldatu dela ikusirik, erakundearen xedeak aldatu al dira?

Helburuak berak dira, egoera desberdina den arren. Lehen enpresa handiak zeuden; orain, ordea, ez. Duela 25 urte guregana etortzen zen jendea hamar lanpostu-edo sortzeko proiektuekin zetorren. Hori erabat aldatu da. Izan ere, gaur egun hona datorrena bere lanpostua sortzeko proiektuarekin dator, bere enpresa sortzeko xedearekin. Proiektu ekarleak, normalean, langabezian dauden pertsonak izaten dira. Hori ongi dago, langabezian dagoenak ideiak izatea, alegia. Dena dela, gero eta zailagoa da lantegi bat sortzea. Gainera, enpresek orokorrean ez dituzte lanpostuak sortzen, egoera ekonomikoa zaila delako. Nire ustez, hastapenean baino are eta zentzu handiagoa du gaur egun Herrikoaren lanak. Duela 25 urte beharrezkoa zen, bestela ez genuke sortuko, baina gaur egun zentzu handiagoa du.

­Erakunde hau hutsetik hasi zen edo eredu bat jarraitu zuen bere sorreran?

Duela 30 urte Arrasateko kooperatiben adibidea zegoen, eta ildo hori jarraitu genuen. Era berean, Sokoa lantegia sortu zuten garai horretan, eta Herrikoa lantegi hori egituratu zuten pertsona berek sortu zuten hamar urte geroago, Patxi Nobliak barne. Noblia Herrikoako lehen presidentea izan zen. Estatu frantsesean aitzindariak izan gara. Korsikako jendea gurekin harremanetan jarri zen antzeko zerbait egiteko. Eta lortu dute.

­Herrikoa sozietate bat da, beraz. Zenbat akziodun ditu gaur egun?

4.000 akziodun ditugu. Pertsona horiek diru kopuru bat jarri dute jakinez Herrikoaren xedea Ipar Euskal Herrian inbertitzea dela. Akziodunen %80 jende arrunta dira. Gainerako %20 egiturak dira: Baionako Merkataritza Ganbera, zenbait lantegi, banketxe batzuk eta Ezten, besteren artean. Herrikoa sortu zenean 700 akziodun genituen.

­Azken 25 urteetan zenbat enpresa sostengatu dituzue?

Erakundearen sorreraz geroztik, zortzi milioi euro inbertitu ditugu Ipar Euskal Herrian, 300 bat enpresaren kapitalean sartu gara eta 2.700 lanpostu sortzen lagundu dugu. Sostengatu genuen lehen enpresa Milafrangan dagoen Copelec izan zen, elektronikako enpresa bat. Hasieran laguntzen genituen lantegiak handiak ziren; azkenekoak, berriz, txikiak. Azkorria gazta kooperatiba edo Alterka, Euskal Herriko kola egiten duena, azken horien adibideak dira. Lantegi txikiak laguntzen ditugunean, horien sorrera ahalbidetzeko izaten da. Lantegi handiak sostengatzen ditugunean, berriz, horien garapena indartzeko izaten da, hots, handitze proiektuak eta halakoak aurrez ikusten dituztenean. Zoritxarrez, lagundu ditugun enpresa gehienak Lapurdikoak dira. Gure xedea barnealdean enpresak sortzen laguntzea da: Amikuzen, Garazin edota Zuberoan, esate baterako. Barnealdean laborantzaren inguruan dago etorkizuna, kalitatezko produktuen ekoizpenean.

­Herrikoaren laguntza jasotzeko, zein baldintza bete behar dituzte enpresek?

Lehenik eta behin, proiektu ekarleak diru pixka bat ezarri behar du. Ondoren, bost urteko epe batean, lanpostuak sortzeko aurreikuspena izan behar du. Hilabetero bilkurak ditugu proiektuak aztertzeko. Aste honetan, adibidez, txosten bat aurkeztuko dugu Azkaineko Txopinondo sagardotegiaren proiektuaren inguruan. Duela bi urte sortu zen, baina bere jarduera garatzeko diru pixka bat behar du orain. Sagardoa eta patxaka egiten dute. Interneti lotutako proiektu batzuk ere baditugu esku artean, baita joan den astean bertan Azkaineko bi gaztek aurkeztutako txosten bat ere. Herri horretan ostatu bat dago salgai, eta gazte horiek erosi nahi dute kanpoko batek atxiki ez dezan. Kanpotar batek erosiz gero, beldur dira ostatu hori herritarren gustukoa ez izatea. Izan ere, gazteek kultura sustatzeko baliatu nahi dute ostatu hori.

­Laguntza eskaini eta handik gutxira itxi behar izan duten enpresekin topo egin al duzue?

Bai, bistan da gertatu zaigula. Arrisku kapitaleko erakundea garen neurrian, arriskatu egiten dugu. Gure helburuetako bat arriskatzea da, bankuek ez baitute arriskatzen Ipar Euskal Herrian. Norbaitek arriskatu behar du, beraz. Proiektu ekarleak arriskatu egiten du, eta guk haren ondoan zati bat arriskatzen dugu. Sostengatu ditugun enpresen %20k ez dute aurrera jarraitu, gutxi gorabehera. Dena dela, Estatu fran- tsesean %40koa da batez bestekoa. -
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La violencia de género desde la perspectiva médico legal
Euskal Herria
En prision pese a su enfermedad
Kirolak
El virus de la desconfianza sigue activo
Kirolak
Demasiadas facilidades y despistes para poder puntuar
Mundua
Un «escudo humano» de cientos de palestinos impide un ataque israelí
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss