Hego Amerikako aberastasuna babesteko indarra nahi dute
Hego Amerikako estatuei indar militarrak batzea proposatuko die Brasilek, bertako aberastasunak babesteko, Oswaldo Oliva Neto koronelak adierazi duenez. 2022 urterako Brasil «herrialde garatu» bilakatzeko, Gai Estrategikoen Zentroak prestatu dituen 50 egitasmoetako bat da indar militarrak batzearena. NATOren eredua erabili nahi du Brasiliak.
RIO DE JANEIRO
Oliva koronelak gogora ekarri du Hego Amerikak petrolio asko daukala, baita ur geza ere. Eta aberastasun horiek oso garrantzitsuak izango dira etorkizunean. Are gehiago biodibertsitatea. Eta militarrak egiten duen hausnarketaren arabera, ez litzateke harritzekoa izango noizbait Hego Amerikatik kanpoko norbaitek aberastasun horiek bereganatu nahi izana.«Hego Amerikatik kanpo gai horiei buruzko arazoak hasten direnean, nazioarteko tentsioa areagotuz, batek baino gehiagok hona begiratuko du», esan dio koronelak Brasil agentziari. Lankidetza militarreko proiektua prestatzen hasiak dira eta datorren urtean erabat biribilduta eduki nahi dute, gainerako estatuei aurkeztu ahal izateko. Olivaren ustez, estatuek bat egingo balute, aberastasunak babestea merkeago eta eraginkorrago izango litzateke, eta arma merkatua ere hazi egingo litzateke. Hego Amerikako NATOren tankerako aliantza militarra eratzeko, Oliva koronelaren iritziz, ezinbesteko da Luiz Inacio Lula da Silva presidenteak esku hartzea, herrialdeen arteko lehiek eragingo dituzten krisiak gainditzeko. Hugo Chavez Venezuelako presidenteak antzeko proposamena egin zuen joan den uztailean. Hark Mercosur taldeko kideei egin zien proposamena.
|