GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-20
Usoa JIMENEZ DE ABERASTURI | Altzako hilabetekari berriko kazetaria
«Hilabetekari irekia izango da, altzarren elkargunea»

Abenduan jaioko da Altzako hilabetekaria, “Lau Haizetara Cronica de Altza.ko Kronika” izenekoa. Tresna bat izatea nahi dutela erran dio GARAri Usoa Jimenez de Aberasturi kazetariak, elkargunea sortzeko, komunikatzeko eta arazoei irtenbideak bilatzeko bide bat.

­Nork sortu duzue komunikabidea?

Altzan Bizi Herri Ekimena da proiektuaren abiapuntua. Auzoko gabeziak eta arazoak konpontzea eta dagoen mugimendua dinamizatzea dira orain bi urte sortutako talde horren helburuak. Altza pixka bat utzita dago. Arazo larriak izan ditu iraganean, eta oraindik ere baditu. Elkargune egokia izan daiteke hilabetekaria, bizilagunek non idatzi, kexatu eta proposatu izango baitute horrela. Denen artean etorkizuneko Altza eraikitzen lagunduko du, partaidetzan oinarrituta beti.

­Proiektu irekia da?

Prentsa lokala izango da gurea, herritarrengandik hurbil egongo dena. Bizilagunekin eta auzoko elkarte guztiekin batean egin nahi dugu lan; euren idatziak eta proposamenak jaso nahi ditugu. Zabal-zabalik ditugu ateak, eta edonork parte har dezake. Bilerak izango ditugu Altzako elkarte askorekin. Gutxinaka egingo dugu, hasiberriak garelako. Gero, abenduan, 0 alea aterako dugu, eta hor jarriko dugu argi eta garbi gure kontaktua zein den.

­Nola joan zarete ideia garatzen? Nolakoa izan da bidea?

Zaila izan da, hasiera guztiak bezala. Altzako zerbitzu gida bat hartu, bizilagunei deitu eta elkartu egin ginen. Beldurrik gabe eman genuen gure asmoaren berri. Gutxinaka-gutxinaka ari dira erlazioak sortzen. Autofinantzaketaren bidez mantenduko dugu hilabetekaria; hori da gure helburua, eta garrantzitsua izango da saltzaileen publizitatea. Hala ere, altzarrak ez dira batere hotzak, eta entzun, behintzat, entzuten digute, beti. Mugimendu handia dago, gainera.

­Zeintzuk dira lehen aipatu dituzun arazoak?

Aparkalekuekin lotutako arazo asko dago; ez dituzte espaloiak konpontzen; gune berde bakarra etxebizitzaz betetzeko proiektu handi bat dago eta zerbitzuak kaskarrak dira. Udalak ez du gure auzoa zaintzen, baina etxebizitzak jarri behar dituenean egin egiten du. Jende asko bizi da hemen, Altza auzoan eta Altza historikoan. Bidebieta eta Intxaurrondo Altza ziren lehen.

­Arazo horiek ezagutarazteko balioko du hilabetekariak, ezta?

Denen artean ekarpenak egitea da asmoa, jendeak zerbait egin dezakeela ikusteko. Tresna bat da, elkargunea sortzeko, komunikatzeko eta irtenbideak bilatzeko. Gainera, garrantzitsua iruditzen zaigu hurbileko informazioa jasotzea, bai altzarrek baita gizarte osoak ere. Gizarteari eta kulturari buruzkoa izango da gure hilabetekaria, auzoko berri emango duena. Izan ere, batzuetan Kongon edo Ameriketako Estatu Batuetan zer gertatu den jakiten dugu, eta gure etxe ondoan ez.

­Zenbat orrialdetako lana da?

Abenduan plazaratuko dugun aleak zortzi orrialde izango ditu. Hurrengo zenbakia hamasei orrialdetakoa izango dela uste dugu, ordea.

­Badakizue zeintzuk izango diren sekzioak?

Iritzi artikulua izango da, baita editoriala, kale inkesta, agenda, telefono interesgarriak, errezetaren bat eta erreportaje nagusi bat ere. Baina egitura alda daiteke, iristen zaigun informazioaren eta elkarteek eskatzen digutenaren arabera.

­Zenbat ale banatuko dituzue?

4.000 ale izango dira, eta publizitatea egin duten lekuetan banatuko ditugu. Kultur etxean, anbulatorioan, tabernetan eta dendetan ere bai. Printzipioz, ez gara etxez etxe ibiliko lehenengo aleak zabaltzen, eta jendea biltzen den lekuetan utziko ditugu. Debaldeko hilabetekaria izango da.

­Zein da lanaren hizkuntza?

Lan elebiduna izango da, euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dugu, nahiz eta Altza auzo euskalduna ez izan. Hizkuntza berreskuratzen edo mantentzen saiatuko gara. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La violencia de género desde la perspectiva médico legal
Euskal Herria
En prision pese a su enfermedad
Kirolak
El virus de la desconfianza sigue activo
Kirolak
Demasiadas facilidades y despistes para poder puntuar
Mundua
Un «escudo humano» de cientos de palestinos impide un ataque israelí
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss