GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-11-20
- Aizkora -
O’Toole bihurtu da nazioarteko lehiaketako izarra
·Australiarrak garbi utzi du lan motzean nagusi dela, eta irabazteko faboritoa da

DONOSTIA

O’Toole australiarra da Egur Sport enpresak antolatu duen nazioarteko lehiaketako izarra. Antolatzaileek jarri dituzten sei probetako finaletan izango da, denetarako sailkatu baita, eta amaieran puntutara erabakiko denez, lan luzea kenduta, gainerako guztietan oso zaila izango da euskaldunentzat hura menderatzea.

Larunbatean eta atzo jokatu zituzten bi finalerdiak, eta bietan ez da jende gehiegirik batu. Larunbatean, arratsaldean eta iluntzean izan ziren bi saioak Lekunberrin. Arratsaldeko emaitzak honako hauek izan ziren: 45 ontzakoa erlojuz kontra moztuz abiatu ziren, eta onena O’Toole izan zen. Proba horretako denborarik onena ere berak egin zuen, 27 segundotan bota baitzuen enborra. Larretxea sailkatu zen bigarren, eta Arantzakoak ere finalerako txartela lortu zuen.

Zutik kana-erdikoa mozten, Arrospide izan zen onena. Leaburukoak ere lan bikaina egin du, eta hura ere final guztietan izango da. Bischoff kanadiarra sailkatu zen bigarren, eta azken saiorako baimena lortu zuen.

Kolpeka 45 ontzakoa mozten, Coffey australiarra nagusitu zen, eta Nazabal izan zen finalerako txartela lortu zuen bestea. 45 ontzako bat zutik eta bat etzanda mozten, O’Toole izan zen onena Larretxearen aurretik. 60 ontzakoarekin, Arrospide nagusitu zen, Txapartegiren aurretik. Arratsaldeko azkeneko proban, lau kana-erdiko moztu behar zituzten, eta hor Nazabal nagusitu zen Olasagastiren aurretik.

Gauean ere aizkolariek lan bera izan zuten. Erlojuz kontrakoan, Arrospide izan zen onena Senosiain I.aren aurretik. Zutik enborra mozten, Nazabal izan zen azkarrena, eta ondoren, Coffey australiarra izan zen. Kolpeka O’Toole izan zen nagusi; bigarren, berriz, Jordan, Zeelanda Berrikoa.

Zutik enbor bat eta bestea etzanda zutela, Arrospidek hartu zion aurre Barberenari, baina Beruetekoak ere izango du final bat jokatzeko modua. 60 ontzakoarekin Nazabalek eta Olasagastik egin zuten aurrera, eta lau kana-erdiko mozten Larretxea izan zen azkarrena, O’Tooleren aurretik.

Australiarrak

Atzo Legution jokatu zuten azkeneko finalerdia, eta berriro ere australiarren maila bikaina ikusi ahal izan zen. 45 ontzakoarekin erlojuz kontra Coffey izan zen onena, eta Nazabal bigarren. Zutikakoan, O’Toole erraz nagusitu zen, eta atzetik Larretxea sailkatu zen. Kolpekakoan, Arrospidek eta Ress-ek ­hori ere australiarra­ lortu zuten finalerako txartela. Enbor bat zutik eta bestea etzanda mozten, Coffey eta Nazabal izan ziren helburua lortu zuten bi aizkolariak. 60 ontzakoarekin, O’Toole eta Larretxea sailkatu ziren; eta lau kana-erdiko mozten, berriz, Arrospide eta Etxebeste.

Beraz, kanporaketa guztiak jokatuta, datorren larunbat arratsaldean eta gauean Azpeitian izango dira finalak. Finalerdietako proba berak jokatuko dituzte, eta bakoitzak txapelduna izango badu ere, txapeldun nagusia proba guztien ostean punturik gehien batzen dituena izango da.

Finalean honako aizkolari hauek izango dira. Erlojuz kontra 45 ontzakoarekin: O’Toole, Larretxea, Arrospide, Senosiain I.a, Coffey eta Nazabal. Zutik, kana-erdikoarekin: Arrospide, Bischoff, Nazabal, Coffey, O’Toole eta Larretxea. Kolpeka, 45 ontzakoarekin: Coffey, Nazabal, O’Toole, Jordan, Arrospide eta Ress. 45 ontzakoa zutik eta etzanda: O’Toole, Larretxea, Arrospide, Barberena, Coffey eta Nazabal. 60 ontzakoarekin: Arrospide, Txapartegi, Nazabal, Olasagasti, O’Toole eta Larretxea. Lau kana-erdiko mozten: Nazabal, Olasagasti, Larretxea, O’Toole, Arrospide eta Etxebeste. Finalista horiei Schombacler suitzarra eta Guigel frantziarra gehitu behar zaizkie bi horiek finalerako zuzena sailkatuta baitzeuden. Hasiera batean, bahintzat, proba guztietan arituko dira.



Euskaldunek zaila daukate txapela irabaztea
J.L.
DONOSTIA

Munduko Txapelketa honetan euskaldunek zaila izango dute txapela irabaztea. Lanetarakoan, lau kana-erdiko mozten garbi dago hemengoek irabaziko dutela, baina gainerakoetan ez dute erraza izango.

Suitzarraren eta frantziarraren maila nolakoa izango den ikusgai dago, oraindik ez baitira aritu, baina garbi dago lan motzetan O’Tooleri irabaztea oso zaila izango dela. Coffeyk bera ere oso ongi moldatzen dela erakutsi zuen.

Aizkolariek berek ere garbi utzi zuten australiarrak direla faborito; izan ere, lan motz hauetan jaun eta jabe izan baitira. O’Tollek parte hartu duen guztietan irabazi du, eta lan luzean ere bigarren izan zen Larretxearen atzetik. Coffeyk ere bi proba bereganatu zituen.

Gainerakoan, euskaldunak ere lan ona egiten ari dira. Arrospide eta Nazabal ere final guztietan izango dira, eta Larretxea ere bat ez gainerako guztietan egongo da. Lan ona egiten ahaleginduko dira, nahiz eta gauzak zail izango dituzten. Atzerritarrei dagokienez, australiarrak nabarmendu dira; besteek , ordea, ezer gutxi erakutsi dute, parte hartzeko falta diren biak kontuan hartu gabe. Zeelanda Berrikoa final batean izango da, eta Kanadakoa, beste batean. Ameriketako Estatu Batuetakoa etxeratu dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La violencia de género desde la perspectiva médico legal
Euskal Herria
En prision pese a su enfermedad
Kirolak
El virus de la desconfianza sigue activo
Kirolak
Demasiadas facilidades y despistes para poder puntuar
Mundua
Un «escudo humano» de cientos de palestinos impide un ataque israelí
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss