- Lau eta Erdiko Txapelketa
Barriolak errioxarren festa errotik zapuztu du eta Irujo finalean sartu
·Bigarren txartela Abel eta Aimar Olaizolaren arteko neurketaren irabazlearentzat izango da
TITIN III 16 BARRIOLA 22
Pilotakadak: 304. Iraupena: 54 minutu. Benetako iraupena: 13 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 5-3, 5-5, 8-5, 8-9, 9-9, 9-10, 10-10, 10-13, 11-13, 11-14, 12-14, 12-18, 13-18, 13-20, 16-20 eta 16-22. Sakez: 5 Barriolak. Egindakoak: 9 Titinek eta 18 Barriolak. Galdutakoak: 4 Titinek eta 7 Barriolak. Gertaerak: Sarrera ona Logroñoko Adarraga pilotalekuan.
DONOSTIA
Abel Barriolak oso itxura ederra emanez menderatu zuen Titin III.a Logroñon, eta finalerako bigarren txartela datorren asteburuan jokatuko dute Leitzakoak eta Olaizola II.ak. Abelen garaipenari esker, Martinez de Irujok ziurtatu du bere lekua final handian; Titinek, aldiz, bertan egoteko aukera guztiak galdu ditu.Barriolak astean etxeko lanak bikain egin zituela erakutsi zuen. Nafarrak oso argi zeukan nola jokatu behar zion Titini aireko joko arriskutsua saihesteko, eta ezin hobeto asmatu zuen teoria praktikan jartzen. Piloteoan, sekulako abiaduran mugitu zuen aurkaria; amaitzeko aukera izan zuen bakoitzean ez zuen bi aldiz pentsatu; Titinen sakeei egoki erantzun zien eta, beste behin, sasoi ikaragarria duela erakutsi zuen. Neurketaren hasiera, ordea, ez zen batere erraza izan atzelariarentzat. Neurria hartzea pixka bat kostatu zitzaion Abeli eta, bitarte horretan, Titinek airez min handia egin zion. Urrunetik sartu arren, gantxoarekin bi tanto ikusgarri egin zituen errioxarrak, eta behin abiada hartuta, 5-3 aurretik jarri zen. Barriolaren une zailenak izan ziren horiek. Jendearen laguntzarekin Triciokoak jokoa aurrean nahasi zuen, eta Barriola presaka antzean ikusi genuen tanto batzuetan. Titinen azken abantaila 8-5ekoa izan zen.
Sakearekin bikain
Barriolak, ordea, zintzo jarraitu zuen lanean, eta sakea bereganatu ahala, norgehiagokan agintzen hasi zen. Sakez segidan egindako bi tantorekin 8-9 aurretik jarri zen Leitzakoa, eta neurketak oso bestelako kolorea hartu zuen.Aste tartean Barriolak aurreratutakoa horma bilatu, airea kendu eta pilota azpitik ibili bete-betean lortu zuen Aspekoak, eta markagailuan lehendabiziko partzial garrantzitsua sinatu zuen: 12-14tik 12-18ra zuzenean. Sakea berreskuratzearekin batera, Titin azken ahalegina egiteko prestatu zen. Sakea da, ordea, errioxarraren gabezia handiena, eta atzo ez zion min handirik egin Barriolari. Nafarrak errestoa zabalera zuzentzen zuen, eta Titini ezker-airea kendu. Adorez bada ere, Titinek 16 egin zituen, nahiz eta azkenean final handian egoteko aukera guztiak galdu.
«Aimarren kontrakoa bai izango dela benetako finalerdia»
A.A. DONOSTIA Egindako lanarekin gustura zen Abel Barriola partida amaieran. «Oso pozik nago egin dudan partidarekin. Titinen kontra jokatzea oso zaila da; ez da inoiz etsitzen eta bere jokoan sartuz gero, akats asko egiten amaitzen da. Batez ere, norgehiagokaren bigarren zatian egin dudan jokoarekin oso pozik geratu naiz. Pilotari abiadura eman diot eta ongi asmatu dut tantoa amaitzen», esan zuen Barriolak. Garaipenaren gakoetako bat sakea izan ote zen galdetuta, Abelek baietz erantzun zuen. «Hasieran pilota oso harro jartzen hasi naiz, pilota ahalik eta gehiena atzeratzeko. Hori lortu dut, baina Titin, halere, sartu egiten zen, eta tantoa egiten zidan, edo, behintzat, tantoan berak agintzen zuen. Horregatik hasi naiz gero errestoa zabalera botatzen, eskuinez min txikiagoa egiten duelako. Ongi irten zait», esan zuen pilotari nafarrak. Tantoa amaitzeko gaitasuna ere erakutsi zuen Barriolak, berak esan zuenez, beste batzuetan baino gehiago. «Erasoan ere pozik aritu naiz. Beste partida batzuetan ez naiz oso gustura ibili, baina gaur bai. Titinen aurka saiatu beharra dago eta gaur ongi atera zait», nabarmendu zuen. Azkenik, datorren asteburuko lehiaz aritu zen Abel
Barriola, finalerako bigarren txartela jokoan izango duela jakitun. «Horixe bai
izango dela benetako finalerdia. Irabazten duena finalera eta galtzen duena
etxera. Aimarrek erakutsi du jokoz oso ongi dagoela, nahiz eta Irujoren aurka
galtzen azkar jarri. Fisikoki oso ongi dago eta partida oso zaila izango da»,
amaitu
zuen.
|