Liburu aurrerapena
Koiotearen arrastoa
Edorta Jimenezen kontakizun berriek «Koiotearen arrastoa» dute izenburua, eta datorren astean plazaratuko ditu liburu batean Susa argitaletxeak. Kaliforniara, Nevadara, Idahora eta Coloradora egindako bidaietatik ekarritakoak dira kontakizunok; batzuk euskaldun amerikarrei buruzkoak, beste batzuk mormoiei buruzkoak, eta hemen aurreratzen dizkizugun hauekNi Mi Pui herrikoenak.
JUSTIN Gould-ek bere herriaren ipuin tradizional batzuk aletu dizkigu, lehen eguneko zuhaiztiko gerizpean. Ez da samurra izan behar ipuinak kasik esaldirik esaldi etenak eginez kontatzea. Haatik, itzulpena ezinbestez behar dugu. Horixe egiten du New Yorken jaioa den eta antolatzaile etorri den Michellek beste antolatzailea Jasone da, tarteka. Halako tarteetan Justinek gora begiratzen du, pittin bat argoi, begiak betaurreko ilunen azpian eta eskuak belaunetan pausaturik. Hurrengo etorriko den esaldiak ihes egin ez diezaion berre barruari adi dagoela dirudi.
Justinen ipuinetan munduaren sorrera dago, eta animalien nagusigoa, eta euren arteko borroka, eta gizakien etorrera, eta oraingo hondamena. Eta ipuinak amaitzean formula zoragarria beti. «Zazpi dira zuhaitz motak; ikus! Zazpiak dira zein bere lekuan mendian, diodana egia den bezala». Horren ondoren koiotearena kontatu digu. Hona: «Behin Sortzaileak munduan ziren izakiei batzarrera deitu zien, garrantzizko berriak eman behar zizkiela-eta. Munduan ziren izakien artean zereginak berriro banatu behar zituen, antza. «Koiotek, koiote izatez nekaturik, hots, beti gauez ibiltzeaz eta gaiztakeriaz ibiltzeaz gogait eginik, batzar lekura beste inor baino lehenago agertu gura izan zuen. Egun bat lehenago hain zuzen, Sortzaileak banatu behar zituen artean besteek baino lehen berak hautatu ahalko zuelakoan horrela. «Bada, batzarraren lekura iritsi zen Koiote, eta besteak etor zitezen hantxe itxaron.
«Itxaron eta itxaron, Koioteri logura egin zitzaion. Hala da ze, loak har ez zezan betazalak zabalik izan beharko zituela-eta, zotzez eutsi zien, eta halaxe, begiak zabal-zabalik, batzarrera etortzeko ziren besteak bildu arte itxaron zuen. Haatik, loak berdin-berdin hartu zuen Koiote. «Bildu ziren beste izaki denak, agertu zen Sortzailea eta, denak begi zabalik izatean denak adi zeudelakoan, hitz egin zien. Izaki berri bat etortzekoa zela esan ostean, munduan betetzeko ziren zereginak berriro banatu zituen. Koiotek, begiak zabal-zabalik baina lo, ez zuen deus ere esan.
«Itzartu zenean batzarraren lekuan ez zegoen inor. Zer jazo ote zen, zalantzan, batzarra eginda ala artean egin gabe zegoen lotu zen, harik eta azeriak Lukik! dena argitu zion arte. Batzarra egin, egin zela, eta izaki denak han izan zirela, eta koiotea begiak zabal-zabalik egon zenez denek itzarturik zegoela pentsatu zutela, eta hitz egin ez zuenez Sortzailek hari esandakoa ontzat eman zuela dudarik izan ez zutela, halaxe esan zion Lukik Koioteri. «Berari Sortzaileak zein zeregin eman zion galdetu zuen Koiotek, eta koiotea izaten segitzeko zeregina eman ziola argitu zion Lukik. Beste inori eman gabeko zeregin bakarra horixe baitzen; koiotea izatea.
«Bada, Koiotek koiote izaten segitu zuen, hots, gauez ibiltzen eta gaiztakeriak egiten. Horrela, Koiotek gidatu zuen mundura Sortzailek agindu zuen izaki berria; gizakia. Munduaren hondamendia!».
Liluraturik, galde egin diot Justin Gouldi ea idatzirik dituen azaldu dizkigun ipuinak.
Idatziz gero ahaztu egiten da! erantzun dit.
Hori beste noizbait entzunda nago. Horrek zalantzaren arantza barruraino sartu dit; bidaiari buruz ezer idatzi beharko ote nukeen, ala dena niretzat gorde, eta gero tarteka-tarteka gogoratu.
* * *
Michelle eta hirurok hartaz eta hontaz hizketan joan garelarik, Kriskitin dantza taldekoek erregua egin digute Michelleri eta bioi. Autobusean diren edo garen gehienok ezin duguna egin gabe utzi. Honezkero, ez. Ezin da gorde. Galdera Ni Mi Pui adineko gehienek erakusten duten ilearen luzeraz da.
Oso oker ez banago galdera non sortu zitzaigun-eta, Salmon River hartan. Hain zuzen ere ikustean Justin Gould uretan zelan sartu zen praka eta guzti, eta zelan egon zen han geldi uretan eta gero kanpora irtenda zelan egon zen bere adats ikatz koloreko luzea eskuez orrazten, prakak aldean jantzita sikatzen zitzaizkion artean. Adats ileaz harro? Hori baino sakonagokoa zirudien kontuak. Bada, gaur, azkenean ere, Zer dela eta ilea hain luze, Justin?, galde egin dio Michellek. Beste denon izenean galdetu ere. Justinen erantzuna hurrengoa izan da: Ez da ile alerik galdu behar, ahal dela. Jausten zaizkigunak bildu egin behar dira, eta zakuto batean sartu. Berdin egin behar da mozten direnekin. Zakutora. Honela, bizialdi honen luzean zakutoa betez joango gara, harik eta hil arte. Hildakoan zakutoa burkoaren zereginean jarriko digute, buruaren atsedenleku. Eta norbe- raren bizitzako ile denak hor egonez gero, bakea norberaren izpiri- tuak. Bestela, izpirituak ileak non diren ibili beharko du, bila, denak baturik bakea izan arte. Eta bitartean norberaren izpirituak bakerik ez.
Azalpenari «Ameslarien kultua» iritzi izan zaien harako haren kutsua hartu diot, nire ezjakintasunean. Baina Justin Goulden tema, edo obsesioa, aipatu beharko nuela esan dut eta, hona hori zertan den.
Ilearen zergatiaz azalpena egin ondoren Justin isilik geratu da. Tarte baten ostean Michelleri hasi zaio hizketan. Indiarren geroaz, odol garbita- sunaz. Hiru mila bat dira Ni Mi Pui herrikoak, horietako ehun eta berrogeita hamar bat izanik beren jatorrizko hizkuntza menderatzen dutenak. Bada, Ni Mi Pui herria, hilzorian den herria! Antzinako lurrak galdurik, hizkuntzaz arrozturik, odola nahasturik oi, Winter, afro-amerikar Ni Mi Pui haren larruaren ederra; oi Ana Calkinsen kaukasiar begidun Ni Mi Pui blonda nork esan ahalko du «hemen bada herri bat», «hemen herri bat izan zen» barik? -
|