GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-11-26
Urte oparo honek kalitate bikaineko olioa ekarriko duela iragarri dute
Iazko neguan izandako izotzaldiek Euskal Herriko hainbat lekutako olibondoak kaltetu zituzten. Ondorioz, uzta gutxiago espero zuten, baina guztien harridurarako aurtengoa oso urte oparoa izaten ari da, asko eta kalitate onekoa jasotzen ari dira-eta. Badirudi oliba olioaren prezioa jaitsi egingo dela, gainera.

Iritsi da oliba jasotzeko garaia. Azaroa eta abendua dira uzta jasotzeko hilabeterik egokienak, gure jakietan erabiliko dugun olioa egiteko ehoketara bideratuko dituzten oliben kasuan, behinik behin.

Garai hau kalitate oneko olioa lortzeko beharrezkoa den fruituaren heldutasun unea da, eta horregatik da egokiena. Oso lan nekeza da, olibak jasotzen direnetik olioa lortzen deneko prozesuaren zati handi bat eskuz egiten delako, baina nekazariak biltzen ari diren uzta ona ikusita «gustura» ari omen dira lanean Euskal Herriko hainbat txokotako errotetan.

Aurten, nekazarien esanetan, oso uzta oparoa izaten ari dira. Hori, hala ere, lekuaren arabera aldatu egiten da. Araban, esaterako, uzta «oso ona» ari dira jasotzen, eta iaz baino «askoz gehiago», gainera. Nafarroan, aldiz, Erriberan oliba asko biltzen ari badira ere, ez dute iazko urte «ikaragarri ona» ahaztu konparazioak egiteko garaian, 2005ekoa oso uzta «emankorra» izan baitzen. Hori bai, Arroniz aldean kontua bestelakoa da: «Aurtengoa ez da horren uzta ona izan, batez ere pasatutako izotzaldiak direla-eta».

«Kanpaina motza»

Oiongo Trujal Almazara de la Rioja Alavesako Felix Garciak esandakoaren arabera, orain dela hilabete hasi ziren haiek uzta biltzen, eta kanpaina motza izan arren, ona dela esan du. Guztira 140.000 litro olio jasoko dituztela uste du, eta horietatik 30.000 litro salmentara zuzenduko dituzte.

Iazko datuekin alderatuz, %20 olio gehiago lortuko dute aurten, eta, Garciak agertu duenez, horrek olioaren salneurria jaitsiko du.

Oiongo errota horretan Errioxako, Arabako eta Nafarroako hainbat lekutako oliben olioa egiten dute, betiere «kalitate onekoa, oliba olio birjina esttra», hain zuzen, errotako kideak argitu duen moduan.

Hori horrela izan dadin 20 bat oliba mota nahasten dituzte; empeltre, arroniz, royal, redondilla, negral eta royuela, besteak beste. Oionera, gainera, nekazari txiki askok ere jotzen du «etxerako» olioa eskuratzera.

«Gero eta nekazari gehiago etortzen da gugana euren olibondo txikietako fruituekin olioa lortzera, oraintxe gutxi gorabehera 1.000 nekazari ditugu horrela», esan du Garciak.

Nafarroako Erriberan, Cascanten, zehazki, aurten uzta ona izaten ari dira baita ere. Kontuan hartu behar da, hala ere, iazkoa «oso ona» izan zela, La Casa del Aceiteko gerente Mario Gomarak esan bezala. Cascanten, dena den, «harrituta» daudela argitu du Gomarak. Izan ere, joan den urteko eguberrietan izandako elurteek eta izotzaldiek nekazari askoren zuhaitzak «erabat izoztu» zituzten: «Ondorioz, iazko uztaren %50 besterik ez genuela jasoko uste genuen», argitu du. Baina aurten izandako udaberriak eta udak, eta, batez ere, «iraileko euriek» iazko kopurua berdintzea ahalbidetu dute.

«Uzta nahiko ona ari gara jasotzen, oro har iaz bezala jasoko dugu. Kontuan hartu behar da iaz asko jaso genuela, gainera, oso urte ona izan zen», esan du. Gomararen ustez, joan den urtean bildutako 1.700 kilo olibak berdinduko dituzte aurten, edota zertxobait igo. «Baina, batez ere, etortzen diren nekazari txikiengatik izango da, gero eta gehiago dira-eta olioa lortzeko guri olibak ekartzen dizkigutenak», azaldu du.

Iazko uztarekin aurtengoak izango duen desberdintasunik nabarmenena etekinarena izango da. «Iaz 22 edo 23 litro olio ateratzen bagenituen oliba kiloko, aurten 15 edo 16 soilik aterako ditugu», esan du Gomarak.

Hain justu, iraileko euriteek dute horren errua. «Euriteetako uraren ondorioz olibek pisu gehigo hartu dute, baina ez dute zuku gehiago», argitu du.

Uzta kopuruari begira, nekazariak gustura daudela esan du gerenteak, ezer gutxi jasoko zutela uste baitzuten; baina, oliba kiloko olio gutxiago jaso eta merkeago saldu behar izango dutenez, aitortu du guztiak ez direla ados jartzen gai horri dagokionean.

Alberto Alecha Arabako Errioxako Olibondoen Elkarteko teknikariak uste du aurten uzta gehiago jasoko dutela, oraindik ezer esateko goiz bada ere. «Iaz 5.000 kilo oliba jaso genituen, eta aurten 30.000 kilo jasotzea espero dugu», azaldu du.

Izan ere, 2005ean hasi ziren elkartean kanpoko oliba erosten, eta, ordutik izandako erantzun ona dela medio, aurten jende gehiago joango zaiela uste du Alechak. Oro har uzta oparoa espero dute elkartean. «Leku batzuetan euli plaga izan dute, baina bestelakoan oliba osasuntsua espero dugu», adierazi du.

Uzta jasotzea urtarrilaren 10 eta 15 bitartean bukatzea espero dute. «Euri asko egiten ez badu, behintzat, horrela bada luzatu egin daiteke, ez baita komeni oliba euria ari duela jasotzea», argitu du elkarteko teknikariak.

Hori guztia entzunda argi dago uzta ona, emankorra eta osasuntsua jasotzen ari direla nekazariak. Kalitate oneko olioa lortzeko ezinbesteko ezaugarriak dira horiek, eta aurten, gainera, merkeago saltzea aurreikusi dute gaian aditu direnek. Uzta ona, beraz, kontsumitzaile guztientzat, gainera. -



Arabako Errioxako ardoa eta olioa gero eta gertuago
Arabako Errioxako Olibondoen Elkarteko Alberto Alechak esan du bertako olioak kalitate «ezin hobea» duela. Ardoaren errentagarritasunak olioarena nolabait estali egin izan duela azaldu du. «Hala ere, orain ahalegina egiten ari gara ezaugarri bereziak dituen olio hau ardoaren moduan merkaturatzeko», esan du. «Kalitate onekoa da, eta arroniz oliba motari esker ezaugarri bereziak ditu. «Laster gure olioa ardoarekin batera salduko dugu», adierazi du. -

Pie de foto

«Uzta ona lortzeko negu ‘normala’ egin behar du, ez muturrekoa»
Arabako Errioxako Olibondoen Elkarteko teknikaria da Alberto Alecha. Haren ustez, oliba olio ona lortzeko asko «mimatu» behar da fruitua; izan ere, olibari muturreko egoerek egiten diote kalte handiena.

«Uzta ona lortzeko, eta, ondorioz, olio ona egiteko, negu 'normala' egin behar du, eta ez muturrekoa. Hau da, lurra bustita eduki behar dugu, eta elurra ere behar dugu, baina ez gehiegi. Udaberrian euria egitea ere komeni da, eta udan, berriz, ez dira batere komenigarriak ez gehiegizko beroak ezta muturreko hezetasuna ere», argitu du Alechak.

Normalean nekazariek jezte izenez ezaguna den teknika erabiltzen dute olibak olibondoetatik hartzeko; hau da, guztia eskuz egiten dute, eta horrela ia kalterik gabeko fruitua biltzen dute.

Ondoren txikitu egiten dute bildutako oliba guztia: «Hori bai, inoiz ez 30 gradu baino gehiagora, berezkoa duen usaina ez galtzeko eta oxidazio prozesua ez azkartzeko», azaldu du Oiongo Trujal Almazara de la Rioja Alavesako kide Felix Garciak. Ondoren zentrifugazio izenez ezagutzen den prozesua egiten dute: «Hutsean lan egiten duen zentrifugatzaile batera sartzen dugu guztia, eta bertan abiadura handian mugitzen da pasta guztia. Hala, eta dentsitatearen arabera, oliba-patsa, ura eta olioa bera banatzen dira», argitu du Felix Garciak.

Urrats horren ostean olioa partikula sendoz beteta ageri da, eta, horregatik, ondoren iragazi ala dekantatu egin behar da; bi prozesuak dira egokiak, baina iragazpenarenak kalte handiagoa eragin diezaioke olioaren kalitateari.

Horiek hala, Arronizeko Mendia Errotan, esaterako, dekantazioa erabiltzen dute. Horretarako, hain zuzen ere, olio zukua atseden hartzen uzten dute hemeretzi eta hogei gradu bitarteko tenperaturan, eta partikula sendoak biltegi behean geratzen dira.

Horrela, beraz, aparteko olioa lortzen dute. «Benetako oliba zukua, besterik gabe, benetan osasuntsua», argitu du Felix Garciak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
De Juana, en observación tras ser hospitalizado
Jendartea
Masivo rechazo a la incineración en Lasarte-Oria
Jendartea
«Solo nuestra movilizacion lo parara»
Euskal Herria
«Mostrar el crecimiento de Ahotsak nos dará más fuerza para favorecer el diálogo y el encuentro»
Ekonomia
Fallece un trabajador en una obra en Donostia
Euskal Herria
La izquierda abertzale presenta su iniciativa electoral en Nafarroa
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss