Julen Murgoitio
Geldika
Kartelez josita azaldu ziren nire auzoko hormak pasa den egunean: Nondik heldu? Nola heldu? Nora heldu? adierazten zuten kartelez josita. Nik hasiera batean prozesuaren inguruko kartelak zirela pentsatu nuen eta gogoa sentitu ere beste batzuk ipintzeko haien ondoan osagarri: Noiz heldu? Noiz helduak izan hasteko? Hasi barik ez delako heltzerik. Baina ez, geroxeago jakin nuen datorren Korrika laguntzeko aurrekanpaina zela. Hamabosgarrenean agidanez. Bi mila berrehun eta berrogeita hamar kilometro; atera kontuak zenbat metro! Berriz ere. Berriro ere. Euskal Herriko bazterrik bazter, periferia zentro bihurtuz denbora batez, batzuetan gauean izan arren. Kalean gora ere zezenak bezala, aiaiaiai! Urtegiak eta errauste plantak heltzen ez diren lekuetatik ere pasatuko da Korrika. Eta eskuak ere ugari, kilometroak beste, lekukoari oratuz. Hala bada hala biz, eta hala ez bada ora pro nobis! Oratu beharko, beraz, lekukoari! nahiz eta hurrengo edizioan zailago izan lekukoa izatea, lekuko jator gehienak Epaitegi Nazionalean direlako, behartuan. Baina tira! eskuak ez dira faltako errepide eta kaminoetan. Batzuk Korrika eta beste batzuk besaulkian Kurrinka, azken hauen birusarentzat txerto egokirik ez dela, momentuz. Eta prozesua bera Geldika; horrek ere laguntzaileak behar, aurrean pilo bat kilometro ditu eta! Azken egunotan pilota noren teilatuan den izan da kontua, itxura batean lau t’erdiko txapelketak sortu duen birusaren eraginez. Jokaldi askotan atxiki nabarmena erakusten dute jokalari batzuek, aurkaria preso atxikitzeko etengabe eskatuz. Botilero batzuk ere ez dakit non demontre sartzen diren, beren lekuetan behintzat ez daude egon beharko luketen unean; seguruenik, kale bazterretan ibiliko dira kale-zurrutean edo.
Bai Geldika joan prozesua! Eskerrak noizean behin barre egiteko parada izaten dugula. Horra azkena, jelkideen administrazio kontseiluko presidente kimikariak ahotik aterea; ez dakit aurretik mamitua edo bat-batekoak eragina atera duen: ezker abertzaleak Zumosoleko lehengusua baliatzen duela politika egiteko! Ederra gero! zeinek esan eta Michelinen aitak! Elikadura-subiranotasuna eskatu eta horra non laranjen krisiaren errua bera ere ezker abertzaleari bota! Beno, laranjen krisia edo blokeoa, nahi duzun modura. Azkenean ezker abertzalearena izango da Euskaltel eta Orange artean den kolore-sokatiraren errua! Ikusi-makusi! Tira, iragarkiak iragarki hobeto izango zukeen kimikariak Mister Proper aipatu izan balu, etxe barrura begiratua gainera, horko fontanerian izan badelako zer garbitu, azalean eta sakonean garbitu ere. Eta zer esan brigada mobileko ertzainez? Kimikariaren ustez, seguruenik, furgonetatik jauzi bizian ateratzen ohi diren horiek Zazpi Ipotxak baino mantsoagoak omen dira. Ene, ene! Edurne Zuri gizajoak hitz egingo balu! Olibondo-adarra ere izan da honetan albiste. Batzuei jakintsuaren albokoarena gertatzen zaie: jakintsuak ilargia seinalatu eta albokoa atzamarrari nola begira geratzen den, bada antzekoa gertatu batzuoi olibondo-adarra daramanarekin, beheko astoari begira geratzen direla. Lehengusua dutelakoan edo. -
|