AHTren aurkako Nafarroako plataforma osatu dute hainbat eragile eta elkartek
AHT Gelditu! Elkarlana Nafarroa taldearen aurkezpena egin zuten atzo. Bertan, hainbat eragile eta norbanakok bat egin zuten «bideraezina», «zentzugabea» eta «inposizio» hutsa dela uste duten proiektuaren aurka. Nafarroako plataforma, beren esanetan, AHTk herrialde honetan dituen ezaugarri bereziei erantzuna emateko sortu da.
IRUÑEA
Gainerako herrialdeetan AHT Gelditu! Elkarlana plataformak bide luzea du egina jada Euskal herri osoa alderik alde zeharkatuko duen proiektu horri aurka egiten. Nafarroan oraindik ez zegoen halako talde zehatzik, baina atzo bertan aurkeztu zuten herrialdeko hiriburuan AHT gelditu Elkarlana Nafarroa izeneko plataforma.
Bertako kideek adierazi zutenez, «koordinazio» horren helburua «azpiegitura honen AHT eraikuntzaren aurkako elkarlan bat aurrera eramatea» da, «bai ‘euskal Y’a bezala ezagutzen den egitasmoaren aurkakoa, Ipar Euskal Herrian barrena Europarekin lotuko litza- tekeena, bai Nafarroako korridorea deiturikoaren aurkakoa».
Plataforma hori, hasieratik argi utzi zutenez, «AHT Gelditu! Elkarlanaren barruan eta harekin koordinaturik» arituko da lanean, haren lan ildo nagusi biekin egiten baitu bat: «AHT erabat arbuiatzen du» eta «egitasmoa aurrera eramateko orain arte jarraitutako jardunbidea irmoki salatzen du».
Bereizitako plataforma bat egitearen arrazoiak zehaztu zituzten lan-taldeko ordezkariek: «Abiadura handiko egitasmoak Nafarroan erritmo, solaskide eta ezaugarri bereziak ditu».
Horretaz gain, hemendik aurrera jorratuko dituen lan ildoak ere zehaztu zituzten: mobilizazioak eta informazio-ekitaldi- ak proiektua «gardentasun arrastorik gabe» garatu dela uste dutelako izango dira, baita ekintza ugari ere esparru juridiko eta instituzionaletan.
16 taldek sortua eta atxikimendu ugari dituena
IRUÑEA
AHT Gelditu! Elkarlana Nafarroa hamasei eragilek osatzen dute: LAB, Batasuna, Iruñerriko eta Tafallako AHTren aurkako plataformak, Lurra, Noaingo Ezker Herri Taldea, EILAS, Orreaga, Gurelur, Iruñerriko Gazte Asanblada, Altsasuko Gazte Asanblada, Fundamento Orain talde inter- nazionalista, CGT, Ekologistak Martxan eta Castejongo zentral termikoen aurkako plataforma. Horretaz gain, hainbat eragileren atxikimendua ere jaso dutela adierazi zuten.
«Herritarrek AHTren inguruan esango dutenaren beldur al dira?», galdetu du Batasunak
DONOSTIA
Gipuzkoako Batasuneko eta Goierriko ezker abertzaleko kideak prentsaren aurrean agertu ziren atzo mezu garbia helarazteko Lakuako Gobernuari: «Abiadura Handiko Trenaren proiektuak ez dauka zentzurik eta berehala gelditu beharra dago». Hainbat salaketa egin zituzten; batetik, Lakuako Gobernuak proiektuaren inguruan «gardentasunik» ez duela erakusten eta «informaziorik» ez duela ematen nabarmendu zuten eta, «proiektuaren kontrako iritziak indartzen ari diren honetan», gizartearen benetako iritzia jakiteko beldur ote den galdetu zioten Ibarretxeren gobernu taldeari. «Herritarrek AHTren inguruan esango dutenaren beldurra al al dira?», bota zuen galdera Iñaki Errazkinek Batasunaren izenean. Bide beretik, Ibarretxek «herriaren erabakitzeko eskubidea» askotan aipatzen duen arren, lehendakariarentzat AHTren proiektuaren gainean ideia horrek ez duela baliorik kritikatu zuten.
Datorren abenduaren 3an Itsasondon proiektuaren inguruko herri galdeketa izango da eta hori izan zuten beste hizpide nagusia. «Benetako demokraziaren eredua da Itsasondokoa eta Batasunak parte-hartzean oinarritutako eredu horren alde jarraituko du lanean», esan zuen Errazkinek. Talde abertzalearen ustez, bide egokia ondokoa da: herriari infor- mazio gardena ematea, horren gainean eztabaida bultzatzea eta herriak beharrezko ikusten badu, herri-galdeketa egitea.
Agintarientzat ez ezik, herritarrentzat ere bidali zuen deia Batasunak: «Inposizioa dagoenean erantzun egin behar da. Oraindik garaiz gaude proiektua gelditzeko», esan zuen Errazkinek.
Horiek hala, gaur 12.00etan Ordiziatik abiatu eta Itsasondora iritsiko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. Bide beretik, datorren hilaren 3an izango den herri-galdeketan parte hartzera deitu zituzten itsasondoarrak.
190 kilometroko ibilbidea eta 37 kilometro hartuko dituzten 29 tunel
IRUÑEA Halako proiektu handi batek zeharkatuko dituen lurralde eta ekosistema guztiei eragin larri eta konponezinak ekarriko dizkiela aipatu ostean, AHTk Nafarroan zehazki eragingo dituenak azaldu zituzten plataformako bozeramaileek. Alde batetik, garraiobide horrek herrialdean 190 kilometroko ibilbidea egingo duela zehaztu zuten, «eta horren gutxieneko zabalera 75 metrokoa» izanen dela gaineratu zuten. Ibilbide osoa guztiz hesituta egongo dela ere azaldu zuten, eta horrek «barrera efektua» eragingo duela animalia, herri eta nekazarientzat batik bat. Bestalde, Nafarroako orografia hain malkartsua izaki, AHTk lur mugimendu izugarriak ekarriko dituela aurreratu zuten: «29 tunel egingo dituzte, eta guztira 37 kilometroko luzera izango dute». Gainera, Aralarren «euskal Y»arekin elkartzeko 5-6 kilometroko bi tunel ere egin beharko dituztela nabarmendu zuten. Lan horiek guztiek «gaur egungo harrobiak are gehiago ustiatzea eta berriak irekitzea» ere ekarriko du plataformaren esanetan, baita hainbat zabortegi irekitzea ere. Azkenik, orduko 300 kilometroko abiaduran ibiliko den garraiobide batek beharko duen energiaz ohartu, eta horrek «Castejongoak bezalako zentral termikoak» eraiki beharra ekarriko duela salatu zuten.
|