GASTEIZ
Lakuako Gobernu Kontseiluak atzo onartu zituen lurreko lekuko telebistei baimenak emateko baldintzak. Hala, datozen 30 egunetan kontzesio lehiaketara deituko dute, Kultura Sailaren aginduaren bidez. Aginduarekin, lehiaketan parte hartzeko epea irekiko da. Atzo onartu zituzten baldintzek urriaren 3an Lakuak onartutako dekretua garatu dute.
Estatuko Plan Teknikoak 15 telebista barruti zehazten ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta bakoitzean lau lekuko telebista katek izango dute lekua. Udalek, legez, lehentasuna dute tokiko telebista bat izateko. Hala, barruti bakoitzean kate bat lekuko udalei gordetzen zaie, baldin eta horrela eskatzen badute.
Urrian onartutako dekretuaren arabera, egunean programazio propioa eskaini behar dute lau orduz gutxienez, eta 32 ordu astean. Halaber, emititzen diren programen erdiek propio izan behar dute. Gainera, musika eta ikus-entzunezko bertako sorkuntzaren presentzia bermatu behar dute.
Euskararen erabilerari dagokionez, operadore guztiek eskaini beharko dituzte hizkuntza horretan edukiak, eta euskara erabiltzea bultzatu beharko dute emisio lengoaia lehentasunezko.
Horretarako, esleitze prozesuan osotasunean euskaraz egiten diren emisioak lehenetsiko dituzte, baldin eta bideragarriak badira teknikoki eta ekonomikoki.
Udalek kudeatzen dituzten telebista kateek gutxienez programazioaren %50 euskaraz egin beharko dute. Portzentaia handiagoa izango da elebidunen kopurua handiagoa den eremuetan.
Esku pribatuetan dauden telebista kateek, berriz, gutxienez programazioaren %20 izan beharko dute euskaraz.