Urgulleko Motako gazteluari buruz eztabaidatzen ari ziren zinegotziak osoko bilkuran. Baldintza egokietan egon dadin ahalegin berezia egin behar dela esaten ari ziren. Ordurako, gela bizkartzainez beteta zegoen, eta udaltzainek ere arreta handiarekin begiratzen zituzten isilpean zeuden zortzi senideak. Bat-batean, eserlekuetatik altxatu ziren eta sakabanaketa, larriki gaixorik dauden presoen egoera eta bizi osorako kartzela zigorra salatzen zituzten kartelak erakutsi zituzten. Senide bat alkatearengana eta zinegotziengana joan zen hiru orriko idazki bana emateko. Alkateak har zezan lortu zuen baina Ramon Etxezarreta zinegotziari eman behar zionean Odon Elortzaren alboan eseria, udaltzainen buruak besotik heldu zion oso haserre, eta hortik aldendu zuen. Osoko bilkurak, bien bitartean, berean jarraitu zuen, eta inork ez zuen aipamen txikiena ere eta are gutxiago galderarik egin.
Zinegotzien aurrean ipini ziren zortzi senideak. «Nahikoa da salbuespen neurriekin. Etxean eta bizirik nahi ditugu», «Gure senideak gaixorik eta espetxean. Zergatik eta zertarako?» eta Iñaki de Juanaren gose-grebaren kontrako kartelak erakutsi zituzten isilpean.
«Zergatik eta zertarako?»
Osoko bilkurak ez zuen horiengan erreparatu; ez zuen erreparatu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten sei euskal presoen Bautista Barandalla, Juan Jose Rego Vidal, Josu Uribetxebarria, Marilo Gorostiaga, Jon Agirre Agiriano eta Jose Ramon Foruriaren egoeran; ez zuten erreparatu De Juana azaroaren 7az geroztik gose-greban eta, egun, ospitalean dagoela; ez zuen erreparatu espetxe zigorra bete eta, hala ere, kartzelan jarraitzen dutenengan; ez zuen erreparatu...Minutu pare bat igaro ostean, senideek alde egitea erabaki zuten eta haien atzetik udaltzainak eta bizkartzainak. Arestian aipaturiko Motako gazteluari buruzko eztabaidari San Telmo museoarena gehitu zitzaion.
Udaletxetik atera aurretik, banatzea ekidin zieten gutuna miatu zuten PSEko ordezkariek jaso dezaten. «Zure alderdiak gu eta gure senide nahiz lagun diren euskal preso politikoak hil eta zauritu egiten dituen espetxe politika du indarrean. Ez dira hamar hilabete pasa zure alderdiaren espetxe politikak Igor Angulo eta Roberto Sainz hil zizkigunetik. Jada, 22 dira hil dizkigun senide presoak. Hala ere, espetxe politika bera mantentzen duzue indarrean. Zergatik eta zertarako?», galdetzen die Etxerat-ek idazki horren bidez.
Aurten, 20 istripu larri egon direla eta, horien ondorioz, 43 lagunek kalteak izan dituztela gogorarazten die. «Negua gainean dugu eta urtero bezala, gure bizia arriskuan jarri beharko ditugu gure senideak minutu gutxi batzuez ikusteko», «Iñaki de Juana atzeraezinezko ondorioak eragin diezazkiokeen gose greba mugagabea egitera bultzatu duzue. Zertarako?» eta «inongo baldintzarik gabe, egoera politikoa edonolakoa izanik ere, salbuespen neurri horiek amaitzeko» premia dira isilarazi nahi izan zuten gutunaren pasarte batzuk. -