Ontzi bereziak xiringak zakarretara botatzeko
·Ontziak doan banatuko dira Bil ta Garbi sindikatuak kudeatzen duen lurraldean
Bil ta Garbi hondakinak kudeatzeaz arduratzen den sindikatuak hitzarmen bat sinatu zuen atzo bi medikuntza laborategirekin, handizkako merkatariekin, farmazialari elkarteekin eta diabetikoen elkarteekin, hondakin bilakatzen diren xiringak biltzeko sare bat eraikitze aldera.
BAIONA
Bil ta Garbi sindikatuak kudeatzen duen Ipar Euskal Herriko lurraldean, 4.700 pertsonak egunero xiringak erabiltzen dituzte sendabideetan. Hondakinak prozesatzeaz arduratzen den sindikatu horrek egindako azterketen arabera, urtero infekzio arriskua sortzen duten sendabideen hondakinak 35 tona izatera ailega daitezke.Datu horiek ikusita eta gaixoen eskaera bati erantzunez, ziztatzen duten mediku-produktuak kudeatzeko sare itxi bat eratzea erabaki zuen Bil ta Garbik. Izan ere, zaborrak biltzen eta hondakinak bereizten eta tratatzen lan egiten duten pertsonentzat oso arriskutsuak dira mota horretako hondakinak. Atzo goizean hitzartu zuten sare horri esker, sendabideetan ziztatzen diren produktuak erabiltzen dituzten gaixoek hondakinak botatzeko ontziak dohainik izanen dituzte farmazietan. Xiringak edo ziztatzen duten tratamenduak behar dituzten pertsonei, medikuaren errezetarekin batera, farmazian ontzi berezi bat eskuratzeko papera emanen diete. Hiru hilabetez erabil daitekeen ontzia behin beteta dagoelarik, hainbat hondakin mota biltzen dituzten zabortegietara eraman beharko dute gaixoek. Bertan bereziki ezarri dituzten arasetan gordeko dituzte, eta ontzi zaharraren ordez berri bat emanen diete. Ontziak behin bakarrik erabili ahal izanen dira, eta behin itxiak direlarik, ezin dira berriro ireki. Hondakin arriskutsuak bezala tratatuko dituzte, eta erraustu eginen dituzte. Legeak ez du arautzen erabilera pribatuan horrelako hondakinak tratatzeko egiturarik ezarri behar den, horregatik zaborrekin lan egiten duten pertsonen artean istripu larriak gertatu izan dira behin baino gehiagotan. Gaixoek ontziak dohainik lor ditzaten, Bil ta Garbik sinatutako hitzarmenean Roche eta Sanofi-aventis laborategiek 5.000 ontzi oparitu dituzte. Gainera, handizkako merkatariekin banaketa hitzartu du, eta farmazietara bidaia urririk izanen da. Azkenik farmazialarien elkarteekin sinatutako hitzarmenaren arabera, azken horiek beren saltokietan ontziak banatzeaz arduratuko dira.
|