- Idi-probak
Sei uztarri neurtuko dira Azkoitiko sanandresetan
DONOSTIA
Azkoitiko San Andres festetan garrantzi handia izaten dute Azkoitiko idi probek, baina aurten sei uztarri bakarrik arituko dira, eta azkenean dena egun bakar batean jokatuko dute; San Andres egunean, bihar bertan, alegia. Bihar arratsaldean izango da lehenengo saioa, 17.00etan, Gurea probalekuan.Bertan izango dira Balentiñeren, Ixamaren eta Iketzaren uztarriak nor baino nor. Gauean, 22.00etan izango du jarraipena, eta ordu horretatik aurrera Ibañarrietaren, Garroren eta Galtxagorriren uztarriak izango dira arratsaldean aritu diren idi pareen markak apurtzeko asmotan. Sariak, berriz, handiak jarri dituzte. Horiek hala, garaipena lortzen duen bikoaren jabeak 2.500 euro eramango ditu dirutan; mantak, txapelak eta garaikurrak izango ditu. Gainerakoek ere sari bikainak eraman ahalko dituzte, baina 30 plazatik gora egin behar dira.
Bilbao nagusi Arrazuan, berriz, larunbatean asto-probetako
maratoia jokatu zuten. Eguerdian hasi eta gauera bitarte hamabi abere neurtu
ziren bat bestearen atzetik. Jendea eguerdi-partean gehiegi izan ez bazen ere,
arratsaldetik aurrera sekulako jendetza batu zen proba horiek zuzenean
jarraitzeko asmoarekin. Garaipena, berriz, Bilbaoren astoak eraman zuen, Jaio
aurretik eta Urrutia atzetik zituela. Irabazleak 79 untze pasa egin zituen, eta
bigarrenari bost untzeko aldea kendu
zion.
Eibarko lehiaketa
Eibarren ere San Andres jaiak dira, eta gaur hirugarren aldiz jokatuko dute aizkolarien torneoa. 19.00etan abiatuko da lehiaketa, eta Untzaga plazan izango da. Bertan honako hiru biko hauek neurtuko dira txapelaren bila: Mendieta-Bihurri, Flores-Barberena eta Atutxa I-Rodriguez I. Flores eta Barberena aterako dira garaipena lortzeko faborito.
|