GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak 2006-11-29
Suitzarrak eskarmentu eza ordaindu zuen
Hermann Schombachler suitzarra izan zen joan den larunbatean Azpeitian jokatu zuten nazioarteko lehiaketako finaleko protagonistetako bat. Azkena izan zen saio guztietan, eta denetan gainerakoengandik oso aparte geratu zen. Bera, ordea, beste lan klase bat egitera ohituta dago. Hemengoa berria izan zen beretzat.

Amaitu berri den nazioarteko lehiaketako finalean izan ziren bi aizkolarien maila zalantzan jarri dute zaleek, emandako itxura kaskarra izan baitzen. Gehin frantziarra eta Schombachler suitzarra gainerakoetatik oso urrun zeudela ikusi zen, batez ere suitzarra. GARAk Schombachlerekin hitz egin zuen gertaturikoaren arrazoia jakiteko.

«Niretzat oso ezberdina izan da hau guztia; ez dauka nik egiten dudanarekin zer ikusirik. Etorri aurretik ere ez nekien zer topatuko nuen, baina jakin dudanean, banekien zer gertatuko zen, ni ez bainintzen lan honetara sekula aritua», adierazi zuen.

Berak beste lan batzuk egiten dituenez, hemengo zaleei zertan aritzen den argitu nahi izan zien: «Ni bai Suitzan baita mundu osoan ere aritu naiz aizkoran, baina ez lantegi horretara. Normalean, proba ezberdinak izaten dira. Trontzarekin bakarrik enbor bat moztu, motozerrarekin beste bat, aizkoran zutik enbor bat moztu, eta altueran ere bai. Enborrak beti txikiagoak izaten dira, eta ez dute nik Azpeitian egindakoarekin zer ikusirik. Nik altueran aizkoran eta trontzarekin dut abileziarik handiena», aitortu zuen Hermann Schombachler suitzarrak.

Hori bai, antolakuntzarekin eta bizitakoarekin oso gustura geratu zen: «Oso polita izan da jendeak nola erantzuten zuen ikustea. Banekien Euskal Herrian aizkorarako zaletasun handia zegoela, eta hori bizi izan dut. Uste dut, gainera, garrantzitsuena dela horrelako lehiaketak antolatu eta jokatzea, eta ni gonbidatu izanak poz handia ematen dit», esan zuen.

Azpeitian izan zituen lan guztietatik gogorrena lau kana-erdikoetakoa izan omen zen. «Dudarik gabe lau egurretakoa. Horrelako lanik ez dut inoiz egin. Lehen esan bezala, ni aritzen naizen lehiaketetan agian hamar lan ezberdin ere egin behar izaten dira egun batean, baina beti egur bat. Berdin da aizkorarekin, trontzarekin edo motozerrarekin; proba guztiak egur batekoak izaten dira. Hemen lau moztu behar izan ditut, eta sekula ez nuen egin. Lehen esan bezala, ez nekien zer egin behar nuen etorri aurretik, eta ez nekien ez eta nola entrenatu behar nuen», onartu zuen Schombachlerrek.

Euskal Herrian aurkitu zituen enborrak bezalakoak ere ez omen zituen inoiz moztu: «Enborrak gogorrak dira hemen; ez dut inoiz honelako egurrik moztu. Australian izan naiz behin baino gehiagotan, eta han aurkitu nituen orain arteko enborrik gogorrenak, baina ez honelakorik. Han eukaliptoa mozten da. Batzuk oso gogorrak ere izan daitezke, baina haiek ez dira mozten. Horrek ere ustekabean harrapatu nau», onartu zuen.

Erreminta egokiak ez zituela ekarri adierazi zuen. «Lehen aipatu bezala, nik ez nekien hemen zer aurkituko nuen. Nik ekarritako aizkorek ez zuten balio lan horretarako; lan laburrerako bakarrik balio dute. Hori bai, eskarmentu handia hartu dut. Beste aukera bat ematen baldin badidate, gauzak ez dira larunbatean bezala izango. Jadanik badakit zer lan egin behar dugun, eta horretan entrenatuko naiz. Aizkorak ere badakit zeintzuk diren egokiak, eta hurrengo batean hobeto prestatuta harrapatuko nau lehiaketa honek», jakinarazi zuen Hermannek.

Jendeak ongi erantzun zion, zaleekin berehala egin baitzuen bat. Gaueko txalorik gehienetakoa jaso zuen aizkolaria izan zen, eta zaleei berarekin izan zuen portaera asko eskertzen ziela esan zuen: «Jendeari nirekin izan zuen portaera eskertu nahi nioke. Normalean txalo guztiak lehenengoarentzat izaten dira, eta azkenekoa hor geratzen da baztertuta. Ez luke horrela izan behar, animoak azkenekoak behar izaten baititu, baina horrela izaten da. Azpeitikoa oso polita izan zen».

Azkenik, berriro ere itzultzea gustatuko litzaiokeela onartu zuen. «Bai, dudariki gabe. Gonbidatzen baldin banaute, berriro ere etorriko naiz. Lehen esan dut azkena geratu nintzela, baina asko ikasi nuen. Hurrena berriro deitzen baldin badidate, egon seguru lan hobea egingo dudala», esanda agurtu zen aizkolari suitzarra.

Beste era bat

Bai joan den urtean, baita aurten ere, garbi ikusi da nazioartean aizkolariek egiten duten lanak ez duela hemengoekin zer ikusi handiegirik. Lan luzea Euskal Herrian eta beste leku bakar batzuetan egiten da, baina hemengo mailatik oso urrun daude haiek.

Kanpotarrek ia denek egiten dute lan motza, baina herrialde gehienetan ezberdin aritzen dira.Horregatik, iaz Estatu Batuetako aizkolariek nazioarteko federazio bat aldarrikatu zuten, lan bateratu bat egin eta lehiaketa ofizialak jokatzeko.

Larunbatean, Azpeitian garbi geratu zen horrelako zerbaiten beharra. Suitzar gizagaixoak ez zuen asko uste zer-nolako gurutze bidea pasatu behar zuen, ez eta frantziarrak ere.

Garbi geratu da australiarrak gainerako atzerritarren gainetik zeudela, baina eskarmenturik gehien ere haiek zuten. Bazekiten zer-nolako lana topatuko zuten, zer-nolako enborrak ziren, eta erremintek nolakoak behar zuten izan.

Besteei, berriz, eskarmentua falta izan zaie. Lana egokia zen ia denentzat; euskaldunentzat baino egokiagoa kanpotarrentzat, baina aizkora handi horiekin garbi zegoen enbor bat baino gehiago ez zegoela mozterik. Hala ere, zaleen ustez, aurtengo lehiaketa iazkoa baino askoz ere hobea izan da, ikusgarriagoa, eta O’Toolek eta Coffeyk emandako itxurarekin liluratuta geratu dira.

Antolatzaileak, Egur Sport enpresak, horrelakoak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu du, baina hori bai, etorriko diren aizkolarien maila zuzenean ikusi nahi omen du, eta eman dezaketen maila segurtatu. Ez omen du nahi larunbatean Gehin-ekin eta Schombachlerekin gertatu zena berriro gertatzerik.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Iberdrola ve más fácil su fusión con Unión Fenosa tras la compra de Scottish Power
Euskal Herria
«¿Piensa el PSOE en la solución haciendo menos aún que el PP?»
Euskal Herria
Gor eta mutu presoen egoeraren inguruan
Mundua
La Habana se prepara para el homenaje
Kirolak
«Analizamos la realidad desde lo que deseamos y no desde lo que somos»
Mundua
El Parlamento de Canadá reconoce que los quebequois son una nación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss