A.A.
DONOSTIA
Urte amaiera hurbiltzen ari da, eta data berezi hauek baliatuz banderen bedeinkapenak egingo dituzte laster Orion eta Hondarribian. Oriotarrek, herriko festekin batera, abenduaren 6an, San Nikolas egunez, bedeinkatuko dituzte azken lau urteetan irabazitako 49 banderak. Hondarribian, berriz, datorren igandean egingo dute aurten irabazitako hemeretzi banderen bedeinkapena.
Hurbilena daukagunetik hasita, Hondarribia Arraun Elkarteak sekulako egitaraua prestatu du iganderako. Eguerdian irtengo da segizioa elkartearen instalazioetatik, eta Kale Nagusian Udaleko ordezkariak gehituko zaizkie. 12.30ean izango da meza nagusia parrokian, eta aurten Mertxe Alvaro izango da amabitxia, beti elkartera lotuta egon den emakumea eta sortzaileetariko baten emaztea. Meza bukatutakoan banderak kofradiari utziko dizkiote.
Bazkaria Ardora jatetxean egingo dute ondoren, eta bi omenaldi berezi egingo dituzte. Batetik, taldean hamar urte daramatzaten Joseba Amunarriz patroiak eta Javier Fernandez Manterola arraunlariak urrezko intsignia jasoko dute; bestetik, aulki mugikorreko Munduko Txapelketetan parte hartu duten 12 arraunlarik ere ohore bera izango dute. Bazkarirako txartelak Kai Alde gozotegian, Mapfreren egoitzan edota elkartean bertan eros daitezke.
Orion, meza nagusia 11.00etan hasiko da eta bazkaria Saizar sagardotegian egingo dute. Txartelak Karela kiroldegian daude salgai 25 euroko salneurrian. Txartela abenduaren 1a baino lehen erosi behar du joan nahi duenak.