DONOSTIA
Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola buru-belarri sartuak dira abenduaren 10ean jokatuko duten final handia prestatzeko lanetan. Oraindik non jokatuko den ofizialki adierazi ez badute ere Gasteizko Ogeta eta Donostiako Atano III.a dira bi aukera nagusiak, bi pilotarien arteko neurketek emaitza estuak eman izan dituzte beti.
Hurbilen daukagun norgehiagoka orain gutxi finalerdietako ligaxkan jokatu dutena da zalantzarik gabe. Iruñeko Labrit pilotalekuan Irujok 22 eta 14 menderatu zuen Barriola. Azken emaitza estu-estua izan ez arren, kontuan izan behar da markagailua parekatuta egon zela 13 eta 12kora arte. Erritmo ikaragarrian jokatutako neurketa horretan, Iberokoak sei tanto egin zituen sakez; eta Leitzakoak, berriz, hiru bakarrik.
Kontuan hartzekoa da Irujo eta Barriola izan direla txapelketa honetan sakez tanto gehien lortu dituzten pilotariak.
Aurrekari gutxi
Elkarren aurka buruz buru oso gutxitan jokatu dute gorengo mailan Irujok eta Barriolak. Ligaxkako partida alde batera utzita, norgehiagoka bakarra jokatu dute; iaz Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan, hain zuzen ere. Orduan ere ez zen alde nabarmenik egon bien artean eta garaipena atzelariarentzat izan zen 18 eta 22. Finalean, Barriolak 22-11 galdu zuen Aimar Olaizolaren kontra.Buruz Buruko Txapelketan, azkenik, ez dituzte inoiz indarrak neurtu Irujok eta Barriolak. Kontuan izan behar da Iberokoak azken hiru urteotan bakarrik jokatu duela lehiaketa, debuta 2003ko udan egin zuelako, eta Abel Barriolak ez du zorte askorik izan lesioekin azken urte hauetan.
Balantze horrekin helduko dira final handira lehiaketan behe-behetik hasi, hiru kanporaketa gainditu eta finalerdietan onenak direla erakutsi duten bi pilotari nafarrak.