Krutwigen itzala, Manu Ertzillaren «Obligazio bat»en
·Hiriak Durangoko Azokara eraman behar dituen liburu berrietatik bost aurkeztu zituen atzo
DONOSTIA
Federico Krutwigen itzala nabari da Manu Ertzillak plazaratu berri duen “Obligazio bat”en. Izan ere, bilbotar jakintsua liburuko pertsonaietako bat da, alde batetik, eta, bestetik, haren hizkuntza eredura hurbildu da Ertzilla.
«Krutwig ezagutzeko zortea izan dudan arren, ez naiz bere biografia idazteko kapaz. Baina bere bizitzan nabarmendu behar diren hainbat pasarte hartu eta, fantaseatuta, liburuan sartu ditut», esan zuen atzo Ertzillak berak. Gauza bera egin du beste pertsona baten biografiarekin. «Pertsona hori zuentzat anonimoa den arren, niretzat eredugarria izan da, eta sartu egin dut». Egileak berak Santa Agedako eroetxean ezagutu zuen pertsona baten inguruko gogoetek osatzen dute testua.
«Testua», bai, Ertzillak argitu zuenaren arabera, “Obligazio bat” ez delako nobela, ezta poesia hutsa ere, hibrido bat baizik.
“Obligazio bat” Hiriak atzo aurkeztu zituen bost liburuetatik bat baino ez da. Luis Haranburu-Altuna argitaratzailea «desenkusatu» zen: «Dozena pare bat liburu berri eramango ditugu Durangora, baina guztiak ezin ditugu aurkeztu».
Antton Arrietak “Gipuzkoako gazteluak” idatzi du. «Herrialdean inoiz egon diren gazteluei buruz egun dugun ezagutza laburbildu nahi izan dut», esan zuen egileak berak. Horrez gain, toponimiaren bidez eta agiri zaharren bidez, gaztelu gehiago aurkitzeko aukerak aztertu ditu.
Iñigo Bullain EHUko irakasleak, berriz, “Regioak, Estatu Nazioa eta Europa” idatzi du. Euskal Herria Europan «modu jatorrean» nola kokatu aztertzen du saiakera horrek.
Hiriak atzo aurkeztu zituen azken liburuak “Luces en la oscuridad” (ipuinak) eta “Más alla del muro” (nobela) dira, biak ala biak Xabier Galarretarenak. Liburuok euskaraz idatzi eta argitaratu zituen donostiarrak orain dela hogei bat urte. Orain, berriz, gaztelaniara itzuli eta egokitu ditu.
|