Igerabidek eta Linazasorok, haur liburu bana
«Ilargia ezpainetan» eta «Hogeita sei urte geroago» dira, hurrenez hurren, Juan Kruz Igerabidek eta Karlos Linazasorok, Erein-en eskutik, haurrei begira plazaratu dituzten liburu berriak. Lehenengoa poema bilduma da; eta bigarrena, berriz, nobela laburra. Igerabiderena eta Lizazarorena ez dira izango, ordea, Ereinek Durangora eramango dituen haurrentzako liburu bakarrak. Izan ere, atzo bertan beste bi aurkeztu zituen: Antton Irustaren bat eta «Molly Moon eta hipnotismoko liburu miragarria».
DONOSTIA
“Ilargia ezpainetan” osatzen duten poemak Luis Emaldiren «marrazkiekiko etengabeko elkarrizketan» idatzi ditu Juan Kruz Igerabidek. Xume-xumeak dira marrazkiak, benetan minimalista, eta adunarraren poemak ere, beti bezain sotilak, bide beretik doaz. Idazleak berak atzo adierazi zuenez, zazpi atal ditu liburuak: “Ilargiarenak” (Ilargiari buruzko poemak), “Musuak” («maitasun egoera xumeak» islatzen dituztenak), “Katilu esne” («familia sinbolizatzen du katiluak»), “Nire hiria” («inguruari buruzko argazki batzuk»), “Eskuak poltsikoetan” («existentziari buruzko gogoeta xumeak, umore puntu batekin»), “Eskola orduak” («eskola giroko poematxoak») eta “Paperezko hegazkina” («poemak jolas gisa»). Liburua hamar urtetik gorako haurrentzat egokia izan daiteke. Adin horretako neska-mutilek ere gozatu ahal izango dute gehien Linazasororen “Hogeita sei urte geroago”. «Nobelatxo bat da, haur jaio berri baten ikuspuntutik kontatuta», ohartarazi zuen egileak berak. «Honela jarraitu zuen bizitzaren misterioan barruratu eta, xume-xume, asmatu nahi izan dut zer pentsa dezakeen eta batez ere zer senti dezakeen haur batek arroz ale baten tamaina duenetik eta jaio bitartean. Kontakizunean, txantxa asko dago, umorea da nagusi». Liburua bederatzi kapitulutan banatuta dago, hau da, kapitulu bat haurdunaldiko hilabete bakoitzeko. Beraz, bederatzigarren kapituluak jaiotzaren beraren berri eman beharko luke. Ustekabea topatuko du irakurleak, ordea.
Antton Irusta eta Molly Moon Igerabiderena eta Linazasororena ez ezik haurrentzako beste bi liburu ere aurkeztu zituen atzo Ereinek. Bata da Antton Irustaren “Munduan asko legez, artaburuak koskolez”; bestea, berriz, Georgia Byng-en “Molly Moon eta hipnotismoko liburu miragarria”. Zortzi urte inguruko haurrentzat egokiak izan daitezkeen ipuinak bildu ditu Irustak. Molly Moon, berriz, literatura anglosaxoian “Harry Potter”en arrakastaren arrastoan abiatutako pertsonaia bat da. Magiaz betetako nobela da, haurrei baino gehiago gaztetxoei begira idatzia. Jesus Mari Lasak euskaratu du.
|