GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-29
Pinotxoren bertsio bat estreinatuko du Traboules-ek bihar
Traboules konpainiak bihar estreinatuko du Pinotxoren bertsioa, bi urte eta erdiko lanaren emaitza. «Boudebois, egur zatitxoa» Izpurako Faustin Bentaberri gelan ikusi ahal izanen da datozen ostiralean eta larunbatean. Konpainiak dekorazio lan handia eskatu duen txotxongilo antzezlana egin du.

IZPURA

«Pinotxoren moldaketa bat da gure lan berria, baina ez da usaiazkoa izanen; gure Pinotxok Boudebois izena du eta mutiko zalapartari bat da», jakinarazi du Traboules konpainiako zuzendari Kittof Prud’hommek.

Kontatu nahi zuena adierazteko, Carlo Collodik sortu zuen pertsonaia moldatu du Traboules konpainiak. «Guk zozokeriak egiten dituzten gazte anitz ezagutzen ditugu. Gizartean honelako arazo anitz badira, eta horri ematen zaion erantzuna presondegia da. Pinotxoren kartzela balea da, edo guretzat zehazki, marrazoa», azaldu du.

«Pinotxo montatzeak erran nahi du ezagutzen ditugun gazteentzat edo gizartean agertzen direnentzat badirela beste bide batzuk presondegira igorri aitzin, eta gizon bat edo emazte bat bilakatzeko bide izan daitezke». Modu horretan azaldu du Kittof Prud’hommek “Boudebois” antzezlanarekin helarazi nahi izan duten mezua. Ideiak istorioan txertatzeko ipuin klasikoaren zenbait pasarte gaur egungo gizartera egokitu dituzte. Esaterako, Pinotxo gozokien mundura joaten denean, Traboulesen txotxongilo lanak telebistaren mundura erakartzen ditu gaztetxoak, eta oinarrizko ipuinean gozokiak jatean haurrak asto bilakatzen dira. «Guk gozokien mundua telebistako joko zozo bat bilakatu dugu. Horrelako hainbat metafora erabili ditugu», esan du Prud’hommek.

Ipuinarekin bat egiten duen dekorazioa landu du antzerki taldeak. «Gure apainketa eta antzerkia denboratik pixka bat kanpo daude nonbait, baina gaur egungo kezkei egokituak dira», esan du. Izan ere, antzerki konpainiak dekorazioan eta argiztapenean lan handia egin du antzezlan horretarako. Battitt Halsouetek eginiko txotxongilo eta apaingarriak egurra, metala eta oihala nahasiz sortuak dira. Gainera, egunerokotasun handiko eta, aldi berean, atenporalak diren agertoki eta pertsonaiak ditu. Ikusleen begi bistan den guztia kontu handiarekin zaindu dutela nabarmendu du Traboules konpainiako zuzendariak: «Antzezlanak badu estetika orokor bat; garrantzi handia eman diegu giroari eta inguruari».

Eszenografia berezia sortu du konpainiak “Boudebois” lana egiteko. «Gure apainketak pixka bat izutzen du; magikoa da. Hainbat efektu erabiltzen ditugu ikusleengan sentsazioak sorrarazteko. Baina ez da sobera aipatu behar, ezustekoa izan dadin», jakinarazi du Prud’hommek.

Izan ere, dekorazio berezia egin nahi izan dutela adierazi du “Boudebois” laneko zuzendariak: «Gure apainketa ez da usaiazkoa; bada estetika garrantzitsu bat, estetika berezi bat, mundu fantastiko batean sartzen duena ikuslea». Magiaz beteriko mundua sortzeko hainbat teknika erabili ditu Traboulesek: «Pinotxoren mundu berezia sortzeko argiak eta su festak baliatu ditugu».

Lan handia eskatzen du “Boudebois” antzezlanak, horregatik antzerki taldeak egiten duen apustu handia dela nabarmendu du Kittof Prud’hommek. «Traboules konpainiak lau edo bost urtetik behin emanaldi garrantzitsu bat egiten du, eta eszenografiak, argiak... zinez landuak dira. Bitartean, emanaldi txikiak sortzen ditugu, orain dugun ‘Tzimi’ bezalakoa, eta dena auto batean sartzen da».

Pinotxoren euskarazko bertsioak “Sakatsa” izena izango du, eta, ondo bidean, 2008. urtean agertuko dute lehenengoz. «Euskarazko bertsioa atera nahi dugu 2008an, baina horretarako baldintza anitz bete behar dira. Aktoreak atzeman behar dira hasteko, eta gero denbora eta dirua ere», adierazi du antzerki taldeko zuzendariak.

Aktoreak aurkitzea zaila izanen dela nabarmendu du Prud’hommek; izan ere, oihalez eta egurrez egindako txotxongiloak kudeatzea ez omen da erreza. «Sorkuntza hau duela bi urte eta erdi lantzen dugu, eta aktoreek indar handia egin behar dute agertokiaren gainean antzezteko mementoan. Izugarri zaila da eta, beraz, denbora handia behar da antzezlana antolatzeko». Lan horretan eta dekoratuen atzean Jacques Nouard, Michel Foucher eta Elysabeth Zollkau arituko dira txotxongiloei bizia ematen.

Bihar emanen dute lehen aldiz “Boudebois” txotxongilo lana. Izpurako Faustin Bentaberri gelan izanen da eguerdiko ordu bietan. Eskoletako haurrek izanen dute estreinaldia ikusteko aukera.

Datozen ostiralean eta larunbatean publiko guztientzat irekiak izanen diren beste bi emanaldi eginen dituzte toki berean gaueko bederatzietan. Lanak ordu eta laurden irauten du eta zazpi urtetik gorako haurrentzat dago gomendatua.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Iberdrola ve más fácil su fusión con Unión Fenosa tras la compra de Scottish Power
Euskal Herria
«¿Piensa el PSOE en la solución haciendo menos aún que el PP?»
Euskal Herria
Gor eta mutu presoen egoeraren inguruan
Mundua
La Habana se prepara para el homenaje
Kirolak
«Analizamos la realidad desde lo que deseamos y no desde lo que somos»
Mundua
El Parlamento de Canadá reconoce que los quebequois son una nación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss