DONOSTIA
Lehenago gauaren iluntasuna argitzeko gure aitona-amonek erabiltzen zituzten kandelek distira sorrarazi zuten atzo Euskal Herriko auzo eta herrietan. Izan ere, ehunka euskal herritar, kandela eskuetan hartuta, Iñaki de Juanak eta oro har Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bizi duen egoera salatzeko xedez Euskal Herriko karriketara irten baitziren.Amnistiaren aldeko Mugimenduak deitu zuen hitzorduetara «egoeraren larritasuna» dela-eta. Mugimendu horren aburuz, egungo espetxe politika «herri genozidioa egiteko, guda inposatzeko eta herri honen borrokari amaiera emateko» tresna da. Gogor kritikatu dute sakabanaketa eta heriotza espe- txe politikaren oinarriak direla.
Gatazkaren konponbidea erdiesteko prozesuaren barruan espetxe politikak azken hilabeteetan izandako bilakaera «sinesgaitzat» jo dute. Amnistiaren aldeko Mugimenduaren arabera, erabaki horiek «Euskal Herriaren errendiziorako prozesu baten logikan» kokatzen dira, «Euskal Herriaren hitza bahituz eta xantaia eginez».
Iñaki de Juana «hiltzen ari den PSOEri mezu ozen eta argia» helaraztearekin batera, PSOEk Euskal Herrian lortu ditu «aliatuei» ere «nahikoa» dela esateko parada izan zuen Amnistiaren aldeko Mugimenduak.
Euskal Herrian zehar egindako mobilizazio andanetan Iñaki De Juanaren egoera izan zuten hizpide.
Iñaki de Juanak gaur beteko du bigarren gose-greba mugagabeko 40. eguna, eta aurreko egunetan haren senide eta abokatuek jakinarazi zutenaren arabera, Madrilgo 12 de Octubre ospitalean dago, biluzik, oheari erabat lotuta, eta zunda nasogastriko baten bidez elikatzen dute.
Bere abokatu Alvaro Reizabalek info7 irratian adierazitakoaren arabera, De Juanak uneoro ditu elektrodoak jarrita, bihotzeko arazorik duen ikusteko. Bere abokatuak «oso larritzat» jo du presoaren egoera eta gogor gaitzetsi du ostegu-nean bere bisita eragotzi izana, haren aburuz, De Juanaren egoera isilarazi nahi dute-eta.
«Harritzekoa da nolako osotasuna duen, zein garbi dituen bere helburuak eta zein irmoa den bere erabakia», adierazi zuen Reizabalek; beste egu- nean, adibidez, medikuek jaten noiz hasiko den galdetuta, De Juanak Etxegaraten hasiko zela erantzun zien.
Dozenaka mobilizazio
Arrasaten 100 lagun irten ziren kalera kandelak eskuetan zituztela. Aretxabaletan 83 eta Elgoibarren, aldiz, 40. Ordizian 50 lagun izan ziren presoen aldeko elkarretaratzean, Zarautzen 16, Tolosan 70, Lazkaon 80, Ibarran 65, Soraluzen 80, Deban 50, Lezon 65, Azkoitian 60, Antzuolan 30, Mutrikun 78, Orion 30, Getarian 40, Bergaran 80 eta Donostian 380.Nafarroan, aldiz, 69 lagun bildu ziren Lizarran, 20 Beran, Leitzan 40, Berriozarren 63, Tafallan 45, Zizurren 40, Barañainen 56 eta Iruñean 450.
Bizkaian, 120 izan ziren Bilbon, 13 Mundakan, 40 Ugaon eta Sopelan, Ortuellan 26,Algortan 110, Iurretan 58, Alonsotegin 40, Arrigorriagan 45, Durangon 220, Aulestin 40 eta Ermuan 35.
Amurrion 55 bildu ziren eta Gasteizen, aldiz, 730 herritar mobilizatu ziren. Bestetik, Askatasunak adierazi duenez, Igor Maiora eta Asier Peña gasteiztarrak aske gelditu dira.