BAIONA
Estatu frantsesean 1.300 etxe dituen eta 10.000 pertsona laguntzen dituen Habitat et humanisme elkarteak gabezia handiak dituen Ipar Euskal Herrian lanean hastea erabaki du eta egoitza bat ireki du Baionan. Elkartearen xedea beharra duen jendeari gizartean integratzen hasteko etxebizitza bat ematea da. Horretarako, etxebizitza egitura ezberdinak proposatzen dituzte beharren arabera.
Ipar Euskal Herrian ostatu baten moduan egituratuko litzatekeen eraikin bat eta etxe partekatu handi bat sortu nahi dituzte. Horregatik, etxeak zein lur eremuak dituzten jabeei deialdia egiten die elkarteak. Ostatu antzeko etxea eraikitzeko lur baten bila dabil elkartea, eta bestalde, etxe handi bat alokatu edo erosteko asmoa agertu du.
Laguntzaren beharra duen era guztietako jendea hartzen du kontuan elkarteak. Izan ere, arazo psikiatrikoak edo motoreak dituzten pertsonetatik hasita, lan prekarioak dituzten pertsonei ere gizartean integratzeko aukera ematen diete.
Gizarteratzeko bidean lehen pausoa etxebizitza beharrezkoa dela oinarri hartuta, pisuak zein gelak merke alokatzen dituzte epe luzerako. Hau da, larrialdi egoeratik irten ondoren bizitzeko toki baten bila dabiltzan pertsona eta familiei epe luzerako alokairua eskaintzen diete. Baina laguntza ez da horretan gelditzen, osasun laguntza eman eta jarraipena ere egiten baitu elkarteak. Elkarteko boluntario gehienek osasun eta gizarte arloan egiten dute lan.